Donostiako 67. Zinemaldia. Horizontes Latinos. Lucia Garibaldi. Zinemagilea

«Egia guztiak eraikitzen dira behar eta interesen arabera»

«Haztearen deserosotasuna» erretratatu du Lucia Garibaldik 'Los tiburones' bere estreinako film luzean. Nerabe bat du protagonista, eta arroztasunaz eta beldurren ahalaz dihardu, besteak beste.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Uruguaiko kostako herrixka batera darama ikuslea Lucia Garibaldiren (Uruguai, 1986) Los tiburones lehen film luzeak. Rosina du protagonista, 14 urteko gazte isil baina ausart bat. Nerabezaro betean, bizi gabeko esperientzien eta bizitzarako oinarrien bilaketan dabil, etxe barruko zein kaleko kezkei zeharka begira. Sundanceko jaialdian (AEB) estreinatu zuten filma, urte hasieran, eta Uruguaiko pelikula bat han erakusten zen aurreneko aldia izan zen. Zuzendari onenaren saria irabazi zuen, gainera, Garibaldik, World Cinema Dramatic sailean. Pancho Magnou ekoizlea eta biak etorri dira Donostiako Zinemaldira, eta oilo ipurdia jarri zaio ekoizleari Sundanceko uneak gogora ekartzean. «Zinema eta obra asko zaintzen ditu jaialdiak, eta gure lana han erakustea ezusteko eder bat izan zen; energia eta maitasun pila bat eskatu digun prozesu oso luze baten emaitza». Donostiako Zinemaldira itzuli egin da, nolabait, pelikula.Izan ere, iaz jaialdiaren barruko Zinema Eraikitzen deialdian hautatua izan zen. Kolorea eta soinu nahasketak landu zituzten programaren barruan, eta «obra borobilduta» ekarri dute bueltan, Horizontes Latinos sailera.

Haztearen deserosotasuna. Hori filmatu nahi izan du zuzendariak bere estreinako lan luzean. Ezinegona ugarituko dion testuinguru batean jarri du horretarako; ez muturreko baldintzetan, eguneroko bizimoduaren egoeretan baino ez. «Hor jokatzen da bizitza, eta bizitzak une askotan ito egiten du. Hazteak berak ito egiten du». Desioa eta beste pertsona batekiko erakarpena ere lehen lerroko gaiak dira pelikulan; «sexualitatearen energia aurrenekoz elkarbanatzeko une horiek», zuzendarien hitzetan.

Amaierara arte, anbiguotasunarekin jokatu du Garibaldik, eta ikuspuntu horretatik eraiki du protagonista ere. Esaterako, animalien aldeko sentiberatasun handia agertzen du Rominak, baina, era berean, txakur bat bahitu, eta baso batean lotzen du filmeko une batean. «Animalien askapenaren diskurtsoak asko konbentzitzen du, baina, gero, txakurra eramateko beharra ere zerbaitengatik du. Hori da bera: pertsona bat da, oraindik ez daukana ezer garbi: kontraesan hutsa da». Horrek, era berean, bizitzako garai jakin baten gainean hitz egiten duela uste du zinemagileak: «Badago bizitzan sasoi bat non ideal batzuk bilatu behar dituzun, ideal zintzo batzuk zerbaiti heltzeko. Idealismo horretan erradikal bat bihurtzen zara hasieran, eta gero konturatzen zara denak dituela bere ertzak. Pentsamenduaren koherentzia oso gauza zaila da; agian, ezinezkoa. Aldiz, kontraesanek, jarrera batzuk ez ulertzeak... zerbait sortzen dute, bilaketa bat, beste sakontasun bat. Jendea bere argi-ilunekin agertzeak ematen dio humanitatea lan bati. Denok gara pixka bat horrelakoak».

Beldurren errealitatea

Nerabezaroan ardaztutako gatazkekin batera, ezezagunaren, arroztasunaren eta beldurren gaineko film bat osatu du Garibaldik. Kontakizunaren hasieratik, zurrumurrua zabaltzen da herriko hondartzan marrazoak dabiltzala, eta herri guztia atezuan jartzen du horrek: egia balitz, turistak uxatu egingo lirateke, eta tokiko ekonomiarentzat kolpe gogorra izango litzateke. «Testuinguruen hauskortasuna» nabarmendu du hor ekoizleak. «Marrazoak agertzearen aukera bakarrik aski da beldurra sortzeko, eta nik uste dut hori agertzen dela: errealitatetik harago, beldurrek irabazten digute». Eta honela jarraitu du zuzendariak: «Beldurrek eurek lortzen dute azkenean zerbait errealitate bihurtzea. Gure egia guztiak, azkenean, beti eraikitzen dira beharren eta interesen arabera».

Romina Bentancurrek jokatu du Rosinaren rola, eta haren interpretazioari ere jarri dio azpimarra zuzendariak. Istorioa lehenagotik idatzia zuen, baina Bentancur aurkitzean hasi zen dena filmerako bidea hartzen. Garibaldi: «Lehen kolpean, azaleko erakarpen bat izan zen: bere aurpegiaren arrarotasun puntu hori, keinuak, ahotsak...». Filmatu aurretik, bi urtez batera aritu ziren lanean; Garibaldi kamerarekin Bentancur jarraitzen. «Bera ez da aktorea, eta niretzat hori garrantzitsua zen. Deserosotasuna erretratatzerakoan, behar nuen ez zedila izan bere buruaren oso autokontzientea. Ez zezala eduki aktoreek izaten duten emozioen eta presioen kontrol hori». Argi ikusi zuen harekin nahi zutela filma grabatu, eta horrek «urgentziazko sentimendu bat» ekarri zion proiektuari; berandutuz gero, Bentancur hazi, eta ezingo zukeelakoan neska gaztearen rola berak hartu. «Presa horri esker, gehiago aritu gara bulkadei jarraika, eta ez hainbeste buelta ematen gauzei».

Umore ukituek eta pausa atmosferikoek osatzen dute filma. Kamera geldoan hartutako eszenek eta irudi jolastiek. «Filmatzean gauza pila bat probatu genituen, eta muntatzerakoan ere jolasa mantendu dugu. Badago seriotasun gutxiko giro moduko bat une oro. Elementu horiek denak harago ikusteko geldialdiak dira, zineman ez dadila dena izan hariari jarraitzea, baita sentsazioetan geratzea ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.