Albistea entzun

Donostiako 70. Zinemaldia. Zinemira. Izaskun Arandia. Ekoizlea eta zinemagilea

«Gurearen gisako ekoiztetxeek gero eta zailagoa daukate»

'My way out' dokumentala aurkeztuko du gaur Arandiak, Zinemira sailean. Zuzendu duen lehen film luzea da, eta pertsona transentzako Londresko klub baten historia kontatu du bertan.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko irailak 21 - Donostia

Izar Films ekoiztetxea sortu zuen 2010ean Izaskun Arandiak (Tolosa, Gipuzkoa, 1972). Sei dokumental ekoitzi ditu, tartean Muga deitzen da pausoa (Maider Oleaga, 2018) eta Non dago Mikel? (Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino, 2020). Iaz, Ni naiz naizena websaila zuzendu zuen —hamar pertsona transen inguruko lana—. (H)emen elkarteko presidentea da.

Nola ezagutu zenuen Londresko The Way Out kluba?

Beste proiektu batean lanean ari nintzela, Yogurinha Borovak aipatu zidan leku hori. Londresera joan nintzen bidaia batean, Vicky Lee jabearekin harremanetan jarri nintzen, eta harrera egin zidan larunbat gau batean.

Zergatik erabaki zenuen dokumental bat egitea klubaren inguruan?

Lehen bisita hartan ikusi nuelako oso-oso leku berezia zela. Ikusi nuen Vicky Leek egindako lan izugarria ezagutarazi egin behar zela. Trans komunitateari hainbeste on egin dion toki magiko hori jendeak ezagutu behar zuela iruditu zitzaidan.

Nola joan zinen hangoekin harremana landuz?

Ez zen egun batetik bestera izan, denbora dezenteko kontua baizik. Dantzalekura bisitan joan nintzen hainbatetan, jakiteko potentzialki zer pertsonaia joan zitezkeen ondo dokumentalean. Horrela ezagutu nuen, adibidez, Geri Love kantaria. Vicky Leeren emaztea ere lehen bisita haietan ezagutu nuen. Filmeko beste protagonistetako bat Kam Angel da, eta bera denborarekin ezagutu nuen. Andie Hawkiss izan zen dantzalekuan konbentzitu nuen azkena filmean parte hartzeko. Prozesua pixkanakakoa izan zen.

Elkarrizketak oinarri dituen dokumental bat da. The Way Out klubeko protagonistek emandako lezioen artean zein dira zuretzat garrantzitsuenak?

Gehien hunkitu ninduena Vicky Leeren eta Lesley Wallsen arteko maitasun istorioa izan zen; Lesleyk emakume zis baten ikuspuntutik kontatzen du nola bizi izan zuen Vickyren trantsizioa, eta nola gainditu dituzten tartean izan dituzten oztopo eta arazo guztiak. Andieren istorioa oso hunkigarria da, aipatzen ditu osasun mentaleko arazoak. Denek dute zerbait.

Musikak nolako garrantzia du filmean?

Sekulakoa. Dantzaleku batean gaude, eta musikak garrantzi handia du. Filmean entzuten da klubeko musika, Geri Lovek abesten duena. Bestetik, Yogurinha Borovaren bost abesti agertzen dira dokumentalean, nahiz eta bera fisikoki ez den ageri. Arturo Gallok, berriz, Happiness abestia sortu du propio filmerako.

Lantalde txiki batekin egin duzu filma, ezta?

Bai, urte askotako lana izan da. Oso baldintza prekarioan egin dugu filma, diru laguntzarik ez baitugu jaso. Duela urte batzuk, ez zen hitz egiten trans gaiei buruz. Baina erabaki nuen gaiak merezi zuela aurrera egitea. Finantzaketa kolektibo bat egin genuen 2016an, eta horrek laguntza eman zigun lehen bidaietarako eta grabaketak egiteko.

Nolako bultzada eman diezaioke filmari Donostiako Zinemaldian estreinatzeak?

Sekulakoa; hasiera ezin hobea ematen dio filmaren ibilbideari. Oso pozik gaude. Vicky Lee eta Lesley Walls protagonistak estreinaldian izango dira, gainera.

Ikusi al dute dokumentala?

Bai, Londresera joan nintzen filmarekin. Gustatu zitzaien. Haiek gustura eta ordezkatuak sentitu behar zuten. Asmoa da Ingalaterran banatzaile batekin filmak bere bidea egitea.

Zer desberdintasun daude Ni naiz naizena websailaren eta My way out filmaren artean?

My way out-ek dantzaleku bat hartzen du aitzakia moduan istorio bat kontatzeko, zer garrantzi duen trans komunitatean. Gauza komun bakarra dute biek: trans pertsonak agertzen direla, besterik ez.

Transfobia eta homofobia eraso larriak gertatu izan dira azkeneko urteetan. Zinemak lagundu al dezake horrelakoen aurka?

Nire ibilbidean zinema erabili dut gizarte gaiak azaleratzeko eta ikusgarritasuna emateko. Zinema tresna indartsua da hori lortzeko. Kasu honetan, zoritxarrez, bizi garen gizartean, basakeriak gertatzen ari dira. Fisikoki transei eraso egiten diete, erail ere bai. Baina beste kontu kaltegarri bat sare sozialak dira, eta hor mota guztietako indarkeria jasotzen dute. Espero dut film honek balio izatea jendeak enpatizatzeko trans pertsonekin. Pose telesaila ere ikusgaitasuna ematen ari zaie transei: gaia gero eta gehiago azaltzen da ikus-entzunezko lanetan.

(H)emen elkarteko presidente gisa, bestetik, zer hausnarketa egiten duzu sektorean emakumeek duten egoeraz?

Pixkanaka-pixkanaka emakume gehiago ikusten dira. Maider Oleaga, Iratxe Fresneda eta Esti Urresola bezalako erreferenteak daude, eta neska gazteek badute ispiluan non begiratu. Baina asko falta zaigu berdintasuna lortzeko. Zuzendaritzan, emakumeen kopurua %7-10 inguru da, eta arrakala izugarria da oraindik. Zinemaldian, bestalde, emakume zuzendarien kopurua oso txikia da Sail Ofizialean.

Aurten, Kimuak-eko zazpi lanetatik sei emakumeek zuzendu dituzte. Zer balio ematen diozu?

Bai, oso berri pozgarria izan da hori. Itxaropena badaukagu, baina egiteko asko dago oraindik. Rol batzuetan emakume oso gutxi daude ikus-entzunezkoetan.

Izar Filmsen gisako ekoiztetxe txikientzat nolakoa da egoera?

Oso txarra. Nire ekoiztetxeak produkzio jakin batzuk egiten ditu. Giza eskubideen bueltan gabiltzanok oso zaila daukagu, eta gure lanak ez dira oso komertzialtzat hartzen. Euskal produkzio batzuk arrakasta lortzen ari dira, eta poza ematen dit, baina gurearen gisako ekoizle txikiek gero eta zailagoa daukate.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Emakume informatikari erreferenteak behar dira»

Unai Etxenausia

II. Gladys saria jasoko du gaur Perez de Viñasprek. Gaztea izan arren, ibilbide oparoa du informatikan. Nabarmendu duenez, gustatzen zaizkion ikerketak egiten aritu nahi du aurrerantzean ere.
Txikiren ama Antonia Maria Manot, haren semearen hiletan. ©BERRIA

Ez ahanzteko ariketak

Gotzon Hermosilla

Natalia Ginzburg idazleak testu bat argitaratu zuen garai hartako prentsan 1975eko irailaren 27ko fusilamenduen harira. Orain, testu hori euskarara ekarri du Josu Zabaletak; itzultzaileak FRAPeko hiru kondenatuak ezagutu zituen espetxean.
Fusilamenduen 40. hurrenarekin batera Vigon herri-harpidetzaz ezarritako iragarkia. ©INFO.NODO50.ORG

Fusilaturik isilgordeena, Garcia Sanz

Miel A. Elustondo

1975eko irailak 27 beti. Frankismo garaiko azkeneko bost fusilatuak. Sanchez Bravo, Garcia Sanz, Baena, Txiki, Otaegi. Haien ondoan militante ez gutxi, heriotzara kondenatuak izanak, zigorra kommutatuak. Askoren artean, Manuel Blanco Chivite. Bizi-bizirik du egun haietako oroitza samina. Ilun beltzaren muturrerainoko bidaia. Azkena.
Imelda Staunton aktorea, Elizabeth II.aren paperean, <em>The Crown</em> telesailean. ©NETFLIX

Netflixen sasoi berria: zaharrak berri

Enekoitz Telleria Sarriegi

AEBetako plataformak bere telesailak eta filmak aurkeztu ditu Tudum ekitaldian: 'The Crown'-en itzulera eta 'The Witcher'-en prekuela, esaterako

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...