Elixabete Garmendia. Kazetaria

«Elebitasunaren iruzurra gertatu da komunikabideetan»

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak Ibilbide Profesionalari Saria emango diote asteartean Garmendiari, Bilbon. 43 urte baino gehiago daramatza euskarazko kazetaritzan.
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2019ko azaroak 2

Kazetaritza ikasketak egin eta euskarazko kazetaritzan lanean hasi zen lehen belaunaldikoa da Elixabete Garmendia (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1953). Urte zailetan ekin zion Zeruko Argia-ko lanari, 1976an. ETBn, berriz, 32 urtez aritu da lanean. Luma zorrotza ez du kamustua Garmendiak: BERRIAn, hamabostean behin idazten du.

«Euskaraz egindako euskal kazetaritzaren emakume aitzindaria izateagatik eta bere ibilbide apartari esker ona adierazteko», Ibilbide Profesionalari Saria emango dizute. Nolako sentipena eragiten dizute hitz horiek?

Horrela entzunda, hanpatu samarrak sentitzen ditut. Baina deitu zidatenean saria emango zidatela esanez, natural hartu nuen. Nire ibilbide osoa euskaraz egin dut, eta euskarazko kazetaritzari egiten zaion aitortza bat dago hor.

Zer iritzi duzu Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak duten rolaz?

Bi elkarte horietan ez dut parte hartzen. 1990eko hamarkadan, egon ziren saiakera batzuk euskaraz ari ginen kazetarion elkarte bat sortzeko, baina ez zuen aurrera egin.

Argia-ren mendeurrenean, hitzaldi bat eman duzu euskal kazetaritzaz. 1976an Zeruko Argia-n lanean hasi zinenean, nolakoa zen euskarazko kazetaritza?

1976a euskarazko kazetaritzaren urtea izendatu zuten Zeruko Argia, Anaitasuna eta Goiz Argi aldizkariek. Hor ikusten da gogoa zegoela aurrera egiteko. Zeruko Argia izan zen une hartako borroka sozial, politiko eta kulturalen bozgorailu ikaragarria.

1980an, Zeruko Argia-tik Argia-ra eman zen jauzia. Euskara hutsean prentsa egiteko hautua egina zenuten batzuek. Zer garrantzi izan zuen apustu horrek?

Hedabide elebidun deituen esperientziak erakusten zuen ezinbestekoa zela euskara hutsezko hedabide bati eustea. Egin eta Deia atera zirenean, odolustuta gelditu ginen, egunkari horietara joan zirelako kazetari asko. Kanpotik, berriz, erresistente numantino gisa begiratzen ziguten. 1980an, kaputxinoen gonapetik atera ginen, baina ezer gabe geunden, kale gorrian eta soldatarik gabe. Niretzat oso garrantzitsua zen neure autonomia ekonomikoa, eta urte bukaeran utzi nuen aldizkaria. Dena dela, Argia-n jarraitu zutenek eta iritsi ziren gazteek lortu zuten hondoratzear zegoen txalupa berriz azaleratzea. Haiek sortu zuten gero Euskaldunon Egunkaria.

Zer balantze egiten duzu ETBn egindako ibilbideaz?

32 urte izan dira. Saio askotan eta albistegietan aritu izan naiz. Hemen eta Munduan erreportaje saio batean ibili nintzen, Maddalen Iriarterekin lan dezente egin dut —Ados eta Azpimarra saioetan—, eta Bertatik Bertara izan zen garai interesgarriena. Magazin horretan 1995etik 2002ra aritu nintzen. ETBren historian arrastoa utzi du saioak. Garai latza zen, gatazkaren eraginez; guk ez genuen politika landu behar, eta paper bat joka genezakeen. Euskal komunitatea batzen zuten gaiak lantzen genituen, zazpi herrialdeak aintzat hartuz. Elkartze puntu batzuk lortu genituen. Herri ekimenekin adi geunden.

Euskal Kazetariak Saria Olatz Arrietari emango diote. Larunbat eta igande gau askotan Bruselatik Arrieta soilik gaztelaniaz aritzen da ETBrentzat, ordea.

Neronek ere sufritu dut hori: hau da, azkeneko urteetan albistegietan ibili naiz, eta gertatu izan zait soilik gaztelaniaz aritu beharra: euskarazko albistegian ez da sartuko albistea, eta soilik gaztelaniaz prestatu behar. 1986an ETBn sartu nintzenean, nire lerroa euskarazko kazetaritza egitea zen, baina hainbat egunetan gehiago egin behar izan dut gaztelaniaz. Garrantzia eta sosak ETB2k eramaten ditu; bitartekoak beti ETB2ri eman zaizkio. ETB1 beti pobre, beti morroi. Harreman diglosikoa da. Elebitasunaren iruzurra eman da hedabideetan: Egin eta Deia ere hori izan ziren.

Zer ezaugarri izan ditu euskarazko kazetaritzak?

Jazarpena eta gutxiespena. Zeruko Argia aldizkaria sortu zuenak, Damaso Intza kaputxinoak, 32 urte egin zituen Txileko erbestean, 1936ko altxamenduaren ondotik. Euskarazko prentsan aritzea heroismoa izan da; Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera ere hor dago. Gutxiespenari lotutako pasarte bat oroitzen dut: 1976an, Felipe Gonzalez etorri zen Oiartzungo Lintzirin hotelera [Gipuzkoa] prentsaurreko bat ematera. Mikel Atxaga joan zen Zeruko Argia-tik, galdera bat euskaraz egin zuen. Carmen Romero, orduko Gonzalezen emaztea, han joan zitzaion Atxagari esatera: «Viva Euskadi nazi!». Zalaparta piztu zen, eta La Voz de España egunkariko zuzendariak idatzi zuen galdera euskaraz egin zuena «kazetari ez-profesionala» zela. Nik ere urteetan sentitu dut prentsaurrekoetan euskaraz galdetzea eragozpena zela.

Aurrera ere egin da, ezta?

Bai, euskarazko kazetaritzak aurrerakuntza handiak egin ditu; une batzuetan, erreferentzialtasuna hartzen ari da. Martxoan Martxelo Otamendik Miquel Icetari BERRIAn egin zion elkarrizketa adibide ona da; hedabide espainiar guztietan zabaldu zen.

Jaurlaritzak eta BERRIAk hitzarmena sinatu dute. Horri esker, egunkariaren aurrekontuaren %30 estaliko du Jaurlaritzak. Lehenago egin behar zen hori?

Zalantzarik gabe. 1980an, Argia hondoratzear zegoela, editorial bat atera zuen esanez erakundeek erantzun behar zutela. Eta urteetan ez zen laguntzarik izan euskarazko prentsarentzat.

Sare sozialetan edonork zabaltzen ditu edukiak. Zein da egun kazetariaren garrantzia?

Kazetariaren defentsa egiten dut, erabat. Teknologiak ahalbidetu dezake istripu baten argazkia edonork zabaltzea, baina horri ez diot kazetaritza deitzen. Kazetaritzak beste fondo bat dauka. Zehaztasuna funtsezkoa da, baita etika ere. Horrez gain, arnasa luzeko kazetaritzaren aldekoa naiz. Azkeneko urteetan, arnasa luzeko kazetaritzako liburuak atera dira euskaraz. Aurrerapen bat da hori.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jendea maskararekin, Hendaiako tren geltokian. / ©Guillaume Fauveau

Leku publiko itxietan maskara erabiltzea baitezpadakoa izanen da Ipar Euskal Herrian

Ekhi Erremundegi Beloki

Jean Castex Frantziako lehen ministroak adierazi du heldu den astetik aitzina sartuko dela indarrean neurria Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Frantzia iparraldean eta Paris ingurunean foku gehiago agertu dira azken asteetan.

Nekane Murga jarduneko Osasun sailburua agerraldi batean. ©David Aguilar

80 kasu gehiago agertu dira Hego Euskal Herrian

Andoni Rekondo Izagirre - Joxerra Senar

Azken 24 ordutan 58 kasu agertu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beste 22  Nafarroan. Beste pertsona bat hil da COVID-19aren ondorioz

Iruñeko Carlos III etorbidean, jendea maskara eramanez. Erabilera orokortzen ari bada ere, joera hori areagotzea bilatzen du administrazioak. / ©IÑIGO URIZ /FOKU

Kalean ere, maskararekin

Joxerra Senar

Maskara erabili behar da toki irekietan eta itxietan: gaurtik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; bihartik Nafarroan. Hegoaldean, 80 kasu agertu dira, eta birusaren aurrean erne egotera dei egin dute.

Herritar bat maskara jantzita duela, artxiboko irudian. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Larunbatetik aitzinera maskara derrigorrezkoa izango da Trebiñun

Ainhoa Larretxea Agirre

Sei urtetik gorako herritarrek derrigorrez erabili beharko dute maskara leku ireki zein itxietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna