Diego Llorente. Realeko jokalaria

«Behealdean dauden taldeekin aukera asko galdu ditugu»

Europarako sailkatzeko aukera urriei eutsi nahi die Llorentek, eta, hargatik, baztertu egin du sasoi amaieran gerta daitekeenaz ezer argitzea: «Amaitzen dugun moduak bideratuko du geroa».

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Azken partida aulkitik ikusi bazuen ere, emaitza txarrak utzitako zapore garratza ezpainetan duela mintzatu da Diego Llorente (Leganes, Espainia, 1993). Emaitzarengatik«atsekabetuta» egon zirela aitortu arren, etzi Anoetan jokatuko duten derbian du burua: «Zaila izango da Eibar mendean hartzea».

Irabazteko aukera ederra galdu zenuten Vigon.

Argi dago. Aurrez irabazitako aukerak galtzen ari gara; aukera hori izan bagenuen, aurreko jardunaldian Betisi irabazi geniolako izan genuen. Baina Celtak behar handia zuen. Eskura izan genuen, baina minutu gutxian guztia aldatu zen. Haiek gora egin zuten, eta guk behera, jazo ziren egoera batzuk tarteko.

Willian Joseren kaleratzeakekarri zuen taldearen beherakada?

Bigarren zatiaren hasieran, jokaldi bakartu batean, beren aldeko penalti bat izan zuten haiek, eta horrek arnasa eman zien. Horrek partida ireki zuen, baina gu aukerak izaten ari ginen. Willian Joserena gertatu zen orduan. Irudiak ikusi ostean ez dakit zertan oinarritu ziren Willian Josek txartel gorria merezi zuela erabakitzeko.

Haserrea handia izango zen.

Bai. Halere, ezin duzu emaitzaren analisia epailearen erabaki batera mugatu. Baldintzatzen du, noski, partidako une erabakigarri batean jokalari bat gutxiagorekin uzten zaituelako. Gakoetako bat izan zen, baina autokritika egin behar dugu. Gisa horretako partidetan, sailkapenean behealdean dauden taldeekin, aukera asko galdu ditugu. Baina jarraitu beharra daukagu, hau oraindik ez baita amaitu.

Taldeak azken ordu erdian iparra galdu al zuen?

Bai. Baldintza guztiak aurka izan genituen: futbol arloan; euriak zelaia ureztatu eta ez zuen gure joko estiloa lantzen uzten; epailearen erabakia; hango zaleen grina... Hori guztia batu egin zen, eta taldeak ezin izan zuen, gutxienik, puntu bat etxeratzea lortu. Halere, gogoan dut 2-1ekoaren ostean aukera bana izan zutela Mikelek [Oiartzabal], Lucak [Sangalli], eta Igorrek [Zubeldia].

Sailkapeneko aurkari zuzenek ere ez zuten irabazi. Urrezko aukera bat galdu zenutela uste duzu?

Betisen aurka irabazi genuenean ere goiko taldeen emaitzek lagundu egin ziguten, baina gauza asko daude jokoan bai goian eta bai behean, eta berdin du aurkaria non dagoen: partida guztiak izango dira zailak.

Europako postuetatik distantzia berera zaudete, baina neurketa bat gutxiago geratzen da. Posible da oraindik?

Egutegiari begiratuta, egia da partidak amaitzen ari direla, baina badugu borrokan jarraitzeko tartea, geratzen diren puntuei erreparatuz gero. Aurkari zuzenen aurka jokatuko dugu, eta aukerak baditugu oraindik. Beste talde batzuk hobeto kokatuta daude, baina txapelketa honek erakutsi du matematikak aurkakoa esan arte edozer gerta daitekeela. Uste dut gorago egoteko merituak egin ditugula.

Goiko postuetara gerturatu bai, baina ez zarete haietan kokatzen. Zer falta zaizue?

Uste dut partida askotan aukerak izan ditugula, baina azken pausoa falta zaigu. Postu horietan sartzeko aukera izateko prozesua ondo egiten dugu, baina azken unean zerbaitek huts egiten digu. Taldea erortzen da, baina jaiki egiten da berriz. Ez da lehendabiziko aldia hau gertatzen zaiguna; duela hilabete gauza bera gertatu zitzaigun Gironan. Aukera izan genuen, berdindu egin genuen, baina ez genuen behera egin. Hor jarraitu genuen. Ezer erabakitzen ez den arte, lehian jarraituko dugu.

Eibarren aurka ariko zarete etzi.

Borrokan jarraituko dugu. Real Madrilen etxean partida oso ona egin ondoren etorriko da Eibar; azken unean erabaki zen. Asko exijituko digute, baina Betisen aurka egin genuen moduan aritu behar dugu. Haiek berdindu zigutenean, ez genuen etsi, eta bigarren golaren bila joan ginen. Hori da bidea. Anbiziotsuak izan behar dugu gure zaleen aurrean, eta urras bat aurrera egin.

Realean zaudenetik jarraitutasun handia izan duzu, baina sasoi honetan arazo fisiko asko izan dituzu.

Bai. Zorte txarrarekin hasi nuen sasoia. Luzaroan egon nintzen min hartuta, baina gogor egin nuen lan, eta hilabete murriztu nuen bueltatzeko ezarri zidaten epea. Ordutik konfiantza eskaini zidan Asier Garitano orduko entrenatzaileak, eta gauzak ahalik eta ondoena egiten saiatu nintzen. Gero arazo fisiko batzuk izan ditut; azkena iskiotibialean, baina osatu naiz, eta nire aletxoa jarri nahi dut.

Hilabeteren ostean, Betisen aurka itzuli zinen.

Ondo nengoen. Gero, segituan genuen Celtaren aurkakoa, eta goiz zen biak jarraian jokatzeko. Baina Betisen aurka ez nuen gaizki ikusi neure burua, ezta erritmo faltarekin ere, eta prest nago entrenatzaileak behar nauenerako.

Bigarren urtea duzu Realean.Espero zenuen modukoa da kluba?

Bai. Iritsi nintzenean zera esan nuen: itxaropen handiekin iritsi nintzen hona, baina, halere, Realarekin harrituta geratuta nintzen, atseginez. Uste dut kirol egitura oso ona duela, gauzak oso argi dituztela hemen. Zorte pixka bat izan behar da kirol helburuak lortzeko; sasoi honetan lesio asko izan ditugu, eta hori oztopo bat da Europan egon nahi duen talde batentzat. Hala ere, lehia horretan gaude.

2022ra arteko kontratua duzu. Denbora luzez ikusten duzu zeure burua Realean?

Azken prentsaurrekoan esan nuen: logikoena Europan pentsatzea da orain. Iraupen luzeko kontratua dut, eta sinatu banuen, hemen urte asko egon nintekeela pentsatzen nuelako sinatu nuen. Hortik aurrera, ekainean hitz egin behar badugu, egingo dugu, eta bestela, ez. Ni oso gustura nago hemen.

Real Madrilek zu berriz erosteko aukera du. Epe ertainerako helburutzat duzu hara itzultzea?

Ni koskortu nintzen kluba da Real Madril. Han egin naiz futbolari eta pertsona, eta nire sentimenduak bereziak dira klub horrekiko. Behin hori esanda, munduko klub exijenteenetako bat da. Han dabiltzanek irabazi egin dute hori, eta argi dago batek beti nahi duela talderik onenetan jokatu. Ni hobetzeko bidean nago oraindik. Reala talde ona da hobetzeko, eta horraino esan dezaket. Gerta daitekeenaz pentsatzen aritzeak ezer gehitzen ez duten gauzak buruan sartzen laguntzen du, eta arreta desbidera dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.