Sei euskaldun BECen harrapatuta

'Kartzela' websaila egin dute arnasguneen garrantzia nabarmendu nahi duen kanpaina baten barne. Astelehenean estreinatuko dute (Bideoa, albistearen amaieran)

 
BERRIA

Urtzi Urkizu -

2019ko abenduak 7
Arnasguneak eta udalerri euskaldunak euskararentzat zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi du Arnasa gara kanpainak —Uema, Eusko Jaurlaritza, Euskarabidea Euskararen Nafar Institutua, Euskararen Erakunde Publikoa eta EITB daude sustatzaileen artean—. Eta kanpaina sustatzeko, fikziozko websail bat egin du enkarguz Hiru Damatxo ekoiztetxeak: Kartzela. Datorren astean, astelehenetik igandera arte sareratuko dituzte lanaren zazpi atalak EITBren webgunean. Ikusgai izango dira baita www.kartzela.eus webgunean ere. Websailaren aurreneko lau atalak Irudienean proiektatu zituzten atzo, Durangoko Azokako Zinemaren gunean.

Istorioaren abiapuntua erakargarria da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala ezagutzen dutenentzat. Mara Lekeitiokoa da (Bizkaia), eta lagun batekin joan da 2017ko finalera. Saioan lo hartu ondoren, bakar-bakarrik esnatuko da, Barakaldoko BEC erakustazoka hutsik dagoela. Handik ateratzeko modua aurkitu beharko du, eta bide batez, galdera deseroso bati erantzun: nola da posible berarekin ahaztu izana?

Baina Mara ez da BECen harrapatuta gelditu den bakarra. Beste lagun batzuekin egingo du topo, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Mara bezala, beste herritarrak arnasguneetakoak dira: Azpeitia (Gipuzkoa), Ondarroa (Bizkaia), Lesaka (Nafarroa), Zumaia (Gipuzkoa) eta Donibane Garazi. Aktoreak, berriz, honako hauek dira: Iratxe Urkiaga, Erika Olaizola, Ainhoa Etxebarria, Juanen Saralegi, Sambou Diaby eta Amaiur Epher.

Landutako gaien artean, beste jatorri bateko herritarrekiko aurreiritziak, ulertuko ez dutelakoan euskalkia batura hurbiltzeko joera eta hitanoaren erabilera daude. Sustatzaileek azaldu dute pertsonaien aniztasunak argazki aberats bat ematen duela.

Pertsonaiak euskalkian

Lander Arretxea Hiru Damatxoko kide eta websaileko gidoilariak nabarmendu du euskalkia izan dela protagonisten tokikotasuna azpimarratzeko modurik zuzenena. «Garrantzitsua zen jatorri aniztasun hori islatzea, eta pertsonaien garapenean ere pisua izan du. Euskalkiak ez du zertan euskara batua baino aproposago izan ikus-entzunezkoetan fikzioa egiteko; baina proiektu honetan, bai, hala izan da».

Hiru Damatxok Txoministak umorezko websaila egin zuen duela lau urte. Kartzela-n beste genero bati heldu diote. «Misteriozko istorio bat da. Oso desberdina izan da guretzat, zaila, baina aberasgarria», adierazi du Larretxeak.

Grabazioak udan egin zituzten. Bost egun izan zituzten BEC erakustazokan grabatzeko. «Aukera ederra izan da BEC bezalako lokalizazio erraldoi eta esanguratsuan grabatu ahal izatea. Kontatu nahi genuen istorioak hala eskatzen zuen». Aitortu du aktoreei ez zietela lan erraza jarri, grabaketa egun luzeak izan baitzituzten. «Baldintzak ez ziren errazak izan, eta, hala ere, gure arteko lagun giroa izan da Kartzela egitearen onena».

Ikusi bideoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna