Atentatuak Katalunian

«Alcanarko leherketari esker ez da izan atentatu larriagorik»

Poliziaren bertsioaren arabera, ekintzaileek hilabeteak zeramatzaten atentatu handi bat edo gehiago prestatzen, baina egitasmoak zapuztu ondoren inprobisatu zituzten Bartzelonakoa eta Cambrilsekoa

Ekintzailearen furgoneta aztertzen, atzo mossoetako ikertzaileak. QUIQUE GARCÍA / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Bartzelonako herenegungo atentatua ekintzaileen B plana izan zen. «Duela hilabete batzuetatik» Tarragonako Alcanar herrian prestatzen ari zirena gaizki atera, eta inprobisatu behar izan zutela ondorioztatu dute Mosso d'Esquadrako ikertzaileek, Josep Lluis Trapero polizien buruak emandako informazioaren arabera. «Atentatu bat edo gehiago prestatzen ari ziren. Alcanarko leherketari esker ez da izan atentatu larriagorik». Asteazken gauean etxe bat eraitsi zen Alcanarren, Bartzelonatik 200 kilometrora, eztanda handi baten ondorioz. Pertsona bat hilik aurkitu zuten, eta beste bat zauriturik —atzo bigarren hildako batenak izan zitezkeen gorpuzkinak aztertzen ari ziren mossoak—. Bartzelonakoa gertatu arte istriputzat jo zuten, baina atentatukofurgoneta miatu ostean, eta haritik tiraka, haraino heldu ziren. Atzo ikerketa han zentratu zuten, eta zauritua Tortosako komisaldegira eraman zuten, bere deklarazioak argibide asko eman zitzakeelakoan.

Alcanarko etxean 106 gas bonbona zenbatu dituzte, eta Poliziak dioenez, lehergailuak prestatzen ari ziren, atentatu bat edo gehiago egiteko.«Hipotesia da Alcanarren prestatzen ari zirela ekintza handi bat edo gehiago, baina momentuz ezin ditugu elkartu oraindik agertoki guztiak. Talde bat zen, baina ez dakigu zehazki zenbat ziren. Hainbat ildo aztertzen ari gara, eta emaitzak ikusten ari gara. Datozen orduetan argibide gehiago egongo dira».Arratsaldeko lehen orduan eman zuen informazio hori Traperok, eta arratsaldean zehar hainbat datu gehiago eman zituzten, eta hipotesien gaineko informazioa ere kaleratu zuten komunikabideek, baina gertatutakoak oso nahasia izaten jarraitzen du.

Ikerketa ildoetako bat Moussa Oukabirrengan jarri dute, herenegun Bartzelonako Rambletan hamahiru pertsona hil eta ehundik gora zauritu zituen ustezko furgoneta gidariarena. Mossoek baieztatu zuten Cambrilsen atzo goizaldean hil zituzten bost ekintzaileetako bat dela, bi agertokiak lotuz.

Hiru agertokien lotura, berriz, hiru ibilgailuen alokairuaren ondorioz egin dute: atentatuak egiteko erabili zuten furgoneta, ustez ihes egiteko Vicen agertu zena, eta Cambrilseko autoarena. Sant Just Desvernen agertutako autoa ere —jabea labankadaz hilda zegoen autoaren barruan—, Moussa Oukabirrekin lotuta dagoen aztertzen ari dira.

Gertaera horri buruz komunikabideek bi bertsio eman dituzte: batek dio Bartzelonan Oukabirrek furgoneta abandonatu, auto gidari bat bahitu eta lapurtu zuela ihes egiteko; kontrol bat gelditu gabe igaro, mossoen sargento bat harrapatu, eta alde egitea lortu zuela, Sant Just Desverneraino. Autoa abandonatuta aurkitu zuten mossoek, barruan labankadak zituen gorpua aurkitu zuten —herenegun tiroketa bat izan zela ere zabaldu zuten, nahiz eta gero ukatu—.

Bigarrenak, ordea, atentatuen gertakarietatik kanpo jartzen du. Auto gidariak eta kopilotuak kontrolarekin topo egin zutenean, gidariak ihes egin zuela, han utzita kopilotua, hilda edo hiltzear, baina zauritua zegoela, beste arrazoi batzuengatik. Atzo lehen bertsioa indarra hartuz joan zen egunak aurrera egin ahala. Autoan hilik agertutakoa Pau Perez da, Villafrancan jaiotakoa. Kooperatzaile aritu zen Haitin eta ingenieria zen. Ardoaren sektorean aritzen zen lanean.

Cambrilseko erasoa

Bartzelonako tragediaren kronika osatu gabe zegoela beste izu kolpe bat jasan zuten Cambrilsen, Bartzelonatik 102 kilometrora. Atzo goizaldeko ordubatean, Audi beltz bat ez zen geratu Poliziak Cambrils eta Salou lotzen dituen errepidean jarrita zeukan kontrolean, eta polizia bat harrapatu zuten. Polizia horren lankideak atzetik jarraitu zituen, tiroka, eta ihesaldian zirela bost bat pertsona harrapatu zituzten. Azkenean errotonda batean irauli eta istripuaren ostean, poliziak lau ekintzaile hil zituen tiroka. Bosgarrenak ihesari ekin zion. Laban bat zeukala esan dute poliziek, eta emakume bat larri zauritu zuela —ordu gutxira hil zen—, eta ondoren, kalez jantzitako poliziek antzeman zutela. Bosgarren ekintzailea ere tiroz hil zuten. Mossoen arabera, lehergailu faltsuz betetako gerrikoak zeuzkaten, eta detonazio batzuk egin zituzten, badaezpada. Tabernetan babestu ziren herritarrak, bi ordu pasatxo, arriskurik ez zegoela ziurtatu arte.

Hiru lagunen bila

Mossoak bila zebiltzan hiru lagunetik bi ere Cambrilseko ekintzan hildakoak direla baieztatu zuten atzo azken orduan: Mohamed Hychami Ripolleko bizilaguna, eta Said Aallaa Robes Freserrekoa, Younes Abouyaaqoub ez zuten artean identifikatu. Gainera, lau pertsona atxilotu dituzte atentatuekin zerikusia dutelakoan, horien artean Moussa Oubakirren anaia Driss. Atzo arratsaldean furgoneta gidaria zela zabaldu zuten, eta komunikabideetan bere irudia ikusi zenean komisaldegira joan zen, esanez, dokumentuak lapurtu zizkiotela, ustez anaia Moussak furgoneta alokatzeko erabili zituela, adingabea zenez. Furgoneta alokatzeko dokumentu hori erabili zela baieztatu dute poliziek, eta ibilgailuan aurkitu zituztela gidariak ihes egin eta gero. Atxilotu egin zuten atzo Driss, bere lagun batekin batera. Hirugarren atxilotua Cambrilseko autoan zihoan baten anaia da, ustez, eta laugarrena Alcanarren zauritutakoa. 17 eta 30 urte bitartean dituzte, Katalunian jaiotakoak edota ume zirela joandakoak, eta nazionalitate bikoitza dute. Fitxaturik gabe denak.

Biktimak, berriz, hamalau hildako eta 130 zauritu dira, horietatik hamazazpi oso larri. Identifikatu dituzten hildakoen artean hiru katalanak dira, hiru alemaniarrak, bi italiarrak, bat belgikarra, bat portugaldarra, bat estatubatuarra eta beste bat espainiarra. Cambrilsen hil dutena ere espainiarra zen. 7 urteko ume bat desagerturik dago —bere amak Australiako eta Erresuma Batuko nazionalitatea du, eta ospitalean dago oso larri—, eta makume portugaldar bat ere bai. Gutxienez 35 nazionalitatetako herritarrak daude hildakoen eta zaurituen artean. Ustezko ekintzaile hildakoak, berriz, sei edo zazpi dira —Alcanarko gorpuzkinak beste pertsona batenak direla baieztatzen bada—.

Gertaeren kronologia

Asteazken gaua Alcanarren. Sekulako eztanda izan zen, eta mossoak eta suhiltzaileak bertaratu ziren. Etxe horrek hilabeteak okupatuta zeramatzala esan zuten, eta hasieran zabaldu zuten droga laborategi bat zela, baina gerora ukatu, eta leherketa gasaren manipulazioaren ondorioz izan zela argitu zuten, istripuaren teoria baztertu gabe. Hurrengo egunean, berriz, ustez Moussa Oukabirrek Bartzelonan furgonetarekin sigi-sagan 700 metro egin, eta utzi zuen ibilgailua abandonaturik, han dokumentuak ahaztuta, eta Cambrilsekoa Alcanarren jarri zituzten begiak. Horretan zebiltzala izan zen Cambrilseko erasoa. 26 ordu igaro ziren lehen eztandatik hirugarren erasora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.