begona del teso
IRITZIA

Lehena egina da; bigarrena, martxan

2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Guztira, 28 egunean filmatua. Aktore guztiak itxialdi delakoan, etxe barruko arrastatze horretan zirela. Zuzendaria joan-etorrian. Agintarien baimenik gabe, jakina. Aldizkako ihesari emanda, kamera lepoan harturik. Horrela sortu da koronabirusaren inguruko estreinako sasiko film ganberroa, politikoki eta zinematografikoki zeharo heterodoxoa dena, idazkera traketsa eta argiztatze endekatua duena. Hala ere, parekorik ez duen balentria berealdikotzat jo behar dugu Full Moon Features ekoiztetxe trauskilaren eskaintza hau.

Ofizio handiko pikaro andana batek burutu du. Ofizio handikoak, bai. Charles Bang zinemagileak 307 film (edo) ekoitzi ditu eta 64 zuzendu (edo). Hala moduzkoak denak. Baina guk aspaldi ikasi genuen hala moduzko zinema maitatzen, estimatzen, gozatzen. Bestela, nola konprenitu Paul Naschyri, Jess Francori, Jose Mari Zabalzari edota Anticine deituriko proposamen basa eta filosofikoaren autorea izan arren, Soltero y padre en la vida edota El insólito embarazo de los Martínez bezalako fast/zabor zinema-n endredatua ibilitako Javier Aguirreri zor diegun errespetua?

Corona Zombies ez duzue ohiko kanaletan, plataformetan, atari digitaletan aurkituko. Ezta pentsatu ere. Ez dute onartu. Hor ere sarrera ukatzeko eskubidea baliatzen dute tarteka. Segun eta nork eskatzen duen, katalogoan izateari ameto ematen diote. Ala ez. Eta Corona Zombies ez da, preseski, beste zinema puska harroxko askok kide nahi luketen izenburua.

Beraz, ez ibili bila Netflix-en, Amazon Prime-n, Mubi-n edo Filmin-en. Alferrikakoa izango da. Ez, ur sakonagoetan —baita zikinagoetan ere— murgildu beharko duzue Corona Zombies horri darion atrebentzia kirastuaz gozatzeko. Joan beharko duzue Full Moon Features horren orrialderantz. Beldurrik gabe. Adoretsu. Edozertarako prest eta presto.

Aurkitu orduko, harpidedun egiteko eskatuko dizuete. Hilabete bateko kuota merkea duzue, 4,89 euro, zerga guztiak barne. Maiatzaren 13an sinaturiko hitzarmena utz dezakezue. Lasai asko, isunik gabe. Nik, horregatik ere, ez dut utziko. Zergatik? Hilaren 15ean Corona Zombies-en bigarren zatia estreinatuko baita, eta dudarik ez dut: bitxia, xelebrea, mundiala izango da.

Barbie and Kendra Save the Tiger King deitu dute ekoizpen osteko aldian den puska hori eta lehen ataletik (doi-doi) bizirik atera ziren bi neskek, etxean isolaturik asper-asper eginda daudenez, ez galdetu niri zergatik, baina Afrikarako bidea hartzen dute arriskuan den tigre mota bat —eta bere ardura duen eko-bio esploratzailea— salbatu asmotan. Los Angeles utzi —alarma egoeran izan arren— eta oihanera doaz —ez ahaztu Corona Zombies-eko aktoreek etxean giltzapeturik dirautela, printzipioz...—.

Nik, bigarrenaren esperoan, seko gozatu dut koronabirusaren inguruko lehen filmatze zakarra. Hasierako uneak izugarriak dira eta oso ondo, oso maltzur, malezia handiz jasotzen dute guk denok izurritearen hastapenetan izan genuen jarrera, portaera. Pelikula hain gaurkotasun handikoa izanik, bizi dugun eromena eta egin ditugun lelokeria denak agerian geratzen dira. Bai, komuneko paperaren kontu hura barne...

Eta bai, Corona, birusaren izena izan aurretik denok edan dugun Mexikoko garagardo bat zela gogorarazten digu ezer tente uzten ez duen gidoi bihurriak.

Egia, amaierarik ez duen arrastatze honetan badago beste hamaika film serioago, beteago. Ikusteko moduko, beharreko mila, hala nola Wisemanen Ex Libris edo Marco Dutra eta Juliana Rojasen As boas maneiras. Ez izan duda izpirik, beste zientoka aurkituko duzue ziztu batean, baina izan ausart eta aukera ezazu senean den inork hautatuko ez lukeen Corona Zombies bideotxoa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.