Zaballako kartzelara bidali dute Gasteizko ama-alaben hiltzailea

Bilbon, Arriaga aurrean egin zuten Gasteizko bi hilketak salatzeko elkarretaratzea, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Erredakzioa
Gasteiz
2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Espetxean sartu dute joan den ostiralean Gasteizen ama-alaba batzuk hiltzeagatik atxilotutako gizona. Alabaren bikotekide izandakoa da gizona. Epaileak autoan jaso duenez, akusatua emakumearen etxera joan zen ostiral goizean, eta haren ama ere han zegoen. Labanaz eraso zien biei: 43 urteko emakumea, Maria Jose izenekoa, etxean bertan hil zen, eta ama, Florentina, 69 urtekoa, ospitalean zendu zen. Bizilagun batzuek oihuak entzun zituzten, eta erasoa bera ere ikusi zuen batek, autoan jaso dutenez. Gizonak uko egin dio deklaratzeari, baina epaileak azaldu du nahiko froga badaudela kartzelara bidaltzeko. Zaballako espetxean (Araba) sartu dute. Bikotekide ohiarekin bi ume izan zituen akusatuak, eta hilketak gertatu zirenean eskolan zeuden. Gizonari debekatu egin diote haurrekin harremana izatea.

Lakua auzoan gertatu zen hilketa, ostiral goizean. Labankadaz hil zituzten bi emakumeak. Ondoren, gizona itxi egin zen bikotekide ohiaren etxebizitzan. Sua piztu zuen, eta leihotik salto egin zuen, zortzigarren solairutik. Ordurako larrialdi zerbitzuak han zeuden, eta suhiltzaileek koltxoneta bat jarria zuten lurrean. Haren gainera erori zen gizona, eta zaurituta eraman zuten ospitalera. Berehala eman zioten senda-agiria, eta polizia etxean egon da ordutik. Hala ere, herenegun berriro eraman zuten ospitalera; Ertzaintzaren arabera, janariari uko egin dio atxilotuta egon den garaian, eta azterketa medikoa egiteko eraman zuten. Hura eginda, atzo eraman zuten epaitegira. Baldintzarik gabe espetxean sartzeko agindu zuen epaileak.

Protestak kalean

Bi hilketak salatzeko manifestazioa egin zuten larunbatean Gasteizen, mugimendu feministak deituta —erakundeek ostiralean bertan egin zuten—. Atzo iluntzean ere batu ziren hainbat herritan.

Gasteizen izan dira indarkeria matxistarekin lotutako kasu gehiago. Udaltzaingoak 22 urteko gizonezko bat atzeman zuen larunbatean, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Santurtzin (Bizkaia), neska adingabe bati abusuak egitea egotzi diote gizon bati.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.