Inputatu gisa deklaratzera deitu dituzte Fernandez, Cabieces eta Alkorta

Dokumentuak faltsutzea, administrazio desleiala egitea eta bidegabeki jabetzea egotzi die epaileak.Martxoaren 12 eta 13an deklaratuko dute

Cabieces, fiskalaren aurrean deklaratu ostean, hilaren 6an. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Erredakzioa
Gasteiz
2015eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Joan den astean fiskaltzak delitu zantzuak aurkitu ostean egindako eskaria aintzat hartu, eta inputatu gisa deklaratzera deitu ditu epaileak Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, Mikel Cabieces Espainiako GobernukoEAEko ordezkari ohia eta Rafael Alkorta abokatua. Martxoaren 12an deklaratuko dute Fernandezek eta Alkortak, eta 13an, berriz, Cabiecesek. Ana Isabel Alvarez epaileak hartuko die deklarazioa, Bilboko 4. Instrukzio Auzitegian.Horiez gainera, lekuko gisa deklaratzera deitu ditu Fernando LopezEgilaz Kutxabankeko Giza Baliabideetako arduraduna eta Roberto Moll bankuko barne ikuskaritzako zuzendaria, hilaren 26an.

Kutxabankek Cabiecesi lotutako abokatu bufete bati ustez egindako ordainketa baten harira deitu ditu deklaratzera epaileak guztiak. Hain justu, Gregorio Billalabeitia buru duen Kutxabankeko egungo zuzendaritzak egindako salaketa batengatik deklaratu beharko dute. Izan ere,Kutxabankeko zuzendaritzak 243.592 euroko irregulartasun bat atzeman zuen bankuaren kontuetan: Fernandezek erakundean agintzen zuen garaikoa da zulo hori, eta ustez lotura du Cabiecesen abokatu bulegoarekin zerbitzu juridikoak emateko sinatutako kontratu batekin.

Urtarrilaren 30ean jakinarazi zuen Kutxabankek entitateko presidente ohia auzitara eramateko erabakia, eta otsailaren 2an abiatu zuen ikerketa fiskalak. Delitu zantzuak ikusi zituelako eskatu zituen inputazioak ondoren. Hori hala, epailearen autoaren arabera, hiru delitu leporatuta deklaratu beharko dute inputatuek: dokumentuak faltsutzea, administrazio desleiala egitea eta bidegabeki jabetzea. Joan den otsailaren 10ean Fernandezek, Cabiecesek eta Alkortak Carmen Adan Bizkaiko fiskalburuaren aurrean egindako deklarazioan eta dokumentuetan oinarrituta inputatu ditu epaileak. Inputatu gisa deklaratzera deitzeaz gainera, ustez bitartekari lanak egiten zituen Rafael Alkortak 2012ko urtarriletik abendura bitartean egindako faktura guztiak aurkezteko eskatu die aldeei. Halaber, epe horretan kontu korronteetan izandako mugimenduen berri emateko galdegin die.

Ez hori bakarrik. Instrukzio epaileak Fernando Lopez de Egilazi eskatu dio Cabiecesekin izandako lan harremanaren baldintza ekonomikoak jasotzen dituen jatorrizko dokumentua aurkez dezala epaitegian. Modu horretan, epaileak argitu nahi du Cabiecesek abokatu gisa benetan zerbitzu jakin batzuk eman ote zituen Kutxabankentzat eta Fernandezek ordainketak egiteko agindua eman izanak legezko oinarririk bazuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.