'Bidegi auziko' instrukzioa luzatu du epaileak, bi peritu froga egiteko

2022ko ekainera arteko epea dute. EH Bilduk pozez hartu du erabakia, bi kereilei sinesgarritasuna eman dielako; EAJk «ohiko tramitetzat» du

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
ander perez zala
Donostia
2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Luze jo dezake Bidegi auziak. Bilduk aurreko legealdian aurkeztutako bi kereilen instrukzio fasea ekainaren 6an amaitu zen, peritu frogarik egin gabe. Ordea, fiskalarentzat ezinbestekoa da froga horiek egitea, eta hala jakinarazi dio epaileari, fasea luzatzeko eskaria egitearekin batera. Bidegiri buruzko auzia ikertzen ari den epaileak bat egin du fiskalarekin, auziaren izaera «konplexua eta teknikoa» dela kontuan harturik, eta gehienez bost urte luzatu du instrukzioa: 2022ko ekainaren 6ra arte, tarte horretan perituek beren lana egiteko denbora izan dezaten. Autoan gogorarazi du bi peritu froga egiteke daudela: fiskalak iazko irailean eskatutakoa, eta koalizio subiranistak joan den hilean eskatutakoa. Ertzaintzari dagokio hori egitea; erakundea ados agertu da bere diligentzian azterketa teknikoak egiteko beharrarekin, baina argudiatua du «baliabide eta gaitasun» faltagatik ezinezko duela.

Auzian pertsonatuta dauden EH Bilduko Gipuzkoako hiru batzarkideek —Judit Garciak, Iban Asenjok eta Jon Albizuk— eman zuten atzo epailearen erabakiaren berri. Gipuzkoako Aldundiaren isiltasuna salatu zuten. «Ekainaren 6az geroztik genuen bi aldeok erabaki honen berri, eta aldundiak ez du ezer esan. Herritarren interesen alde egin dugu, beren dirua zertan gastatzen den jakiteko eskubidea baitute», azaldu zuen Garciak. Pozik agertu ziren batzarkideak, aurreko foru gobernuak jarritako kereilek oinarri juridiko «sendoa» dutela frogatzen baitu instrukzioa luzatu izanak. Alegia, sinesgarritasuna eman diola salaketari eta ikerketa sakon bat egiteko beharrari.

Beste aldeari, EAJ agintean duen Gipuzkoako Aldundiari, eskatu dio gaia «seriotasunez» hartzeko eta arduraz jokatzeko. Hain justu, Imanol Lasa aldundiaren bozeramaileak garrantzia kendu dio epailearen erabakiari: «Ez da berria, ohiko tramitea da. Bidegi auziak analisi lan handia behar du». Bilduk bi kereila aurkeztu zituen AP-1 autobidearen obretako ustezko irregulartasunei buruz, 30 milioi euro inguruko diru xahuketa bat aurkitu zuelakoan; alegia, koalizioak uste dubehar baino gehiago ordaindu zietela eraikuntza enpresei. Bost pertsona daude inputatuak, tartean Bidegiko zuzendari tekniko ohi Agustin Zugasti eta obretako bi enpresatako kide bana.

Epaileak bi ikerketa ditu mahai gainean, biak kontrajarriak. Batetik, obretako ustezko irregulartasunei buruzkoa, Bilduk aurkeztua, Markel Olano ahaldun nagusi zela —2007-2011ko agintaldian— AP-1 autobideko obretan egin gabeko lanengatik ordaindu zutelakoan. Bestetik, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutakoa, Bilduren salaketa «datu okerretan» oinarritu zelakoan.

Peritu frogak

Peritu frogek Ertzaintzaren esku behar lukete, Bidegik AP-1erako ordaindu zituen lanak egin ote ziren argitzeko. Ordea, erakundeak ez du «gaitasunik» lan horretarako. Asenjo: «Harrigarria da bere burua integraltzat duen erakunde bat diligentzia hori egiteko gai ez izatea». Alternatiba gisa, EH Bilduk Guardia Zibilaren UCO Operazio Unitate Zentrala proposatu du peritu frogak egiteko.

Bide luzea egin du auziak. Bidegiri buruzko ikerketa batzordea osatu zuten 2015ean Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta bertan adierazi zuen Kimetz Etxeberria peritu txostenaren egileak agiriak «maltzurkeriaz» faltsutu zituztela. «Nahi gabeko okerra izatea oso zaila zaila da», argudiatu zuen orduan. Batzordean, Markel Olanok eta Eneko Goiak berretsi egin zuten autobidean ordaindutako lan guztiak eginak zeudela —garai hartan Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi eta Bide Azpiegituretako diputatu ohiak ziren, hurrenez hurren—; ezker abertzalearen estrategiatzat jo zituzten salaketa eta ikerketa. Instrukzio epea luzatu izanak frogatzen du «oinarririk gabeko akusazioa» egin zutela garai hartan bi agintari jeltzaleek, EH Bilduren ustetan.

Bidegi ikertzeko batzordeak irregulartasunak frogatu zirela jakinarazi zuen lehen txostena aurkeztean: esaterako, Basagoitiko biltegian ez zegoela sinatu adina lur. Auziari buruzko bigarren ikerketa batzordea sortzeko proposamena atzera bota zuten EAJk eta PSE-EEk 2015eko azaroan—PP abstenitu egin zen—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.