Kataluniako gazteen %90,7k plataformak ikusten dituzte

Generalitatearen inkesta baten arabera, lau herritarretik hiruk gustura ikusiko lituzkete plataformetako edukiak katalanez

Kataluniako gazteen %90,7k plataformak ikusten dituzte.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Kataluniako hamar herritarretik seik filmak edo telesailak ikusi dituzte streaming plataformetan azkeneko urtean. Gazteen artean, datua are handiagoa da: 16 eta 29 artekoen artean, %90,7k ikusi dituzte fikziozko edukiak streaming plataformetan. Eta plataformen artean, Netflix da burua, alde handiarekin: herritarren %79,8k aipatzen dute Netflix; %34k, Amazon Prime Video; %29,5ek, Movistar Plus; %20,5ek, HBO; eta %9,8k, Disney Plus. Kataluniako Generalitateko Hizkuntz Politikarako Sailak egindako inkesta baten datuak dira.

Plataformen zaleak, edonola, ez dira soilik gazteak; 45 eta 59 arteko Kataluniako herritarren artean, %62k kontsumitu dituzte filmak edo telesailak plataformetan azkeneko urtean.

Ikus-entzunezko sektoreko zenbait eragilek eta katalanaren alde lanean ari diren mugimenduek kezka azaldu dute azkeneko hilabeteetan plataforma horietan eskasa delako katalanezko edukien kopurua —Filmin.cat da salbuespena: milaka pelikula ditu katalanez—. Generalitateko inkestaren arabera, lau herritarretik hiruk gustura ikusiko lituzkete katalanera bikoiztutako edukiak plataformetan. Jatorrizko bertsioan filmak edo telesailak ikusterako orduan ere, lautik hiruk gustura kontsumituko lituzkete eduki horiek katalanezko azpidatziekin. Halaber, herritarren %80k nahiko lukete streaming bidezko plataformek katalanez konfiguratzeko aukera eskaintzea.

Euskal Herrian eta beste herrialde askotan bezala, ikus-entzunezko edukien kontsumoak gora egin du Katalunian. Eta ikusitako fikzioan, azkeneko urtean herritarren %92k ikusi dituzte filmak edo telesailak gaztelaniaz. %52 dira, berriz, azkeneko urtean filmak edo telesailak katalanez ikusi dituztenak. Azken kopuru horietan ez da zehazten non ikusi diren edukiak.

Netflixen film bat katalanez

Netflixek katalanezko telesail eta film bakan batzuk ditu katalogoan. Hilaren 30ean, ordea, aurreneko aldiz plataformaren film original bat katalanera bikoiztuta estreinatuko du: The Mitchells vs. The Machines. Marrazki bizidunen film bat da, familia osoari zuzendua; makina bat hizkuntzara bikoiztu dute, tartean katalanera. Katalanezko azpidatziekin ere egongo da eskuragarri harpidedunentzat. Ez, ordea, euskaraz.



Netflixen euskarazko audioarekin ikus daitezke Handia, Errementari, Akelarre eta Black is beltza filmak, baina ez dago telesailik euskaraz ikusgai. Ezta Amazon Prime Videon, HBOn eta Disney Plusen ere. Hondar ahoak Filminera iritsi da asteon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.