Albistea entzun

Podcast bat sortu dute zubereraren ahoskatze zuzena sustatzeko

Su Azia elkartearen egitasmoa da 'XiberoKazt'. Bi astean behin sareratzen dute. Testu zahar eta garaikideen irakurraldiak egiten dituzte
<em>XiberoKazt</em> podcastaren aurkezpena, Maulen.
XiberoKazt podcastaren aurkezpena, Maulen. AMAIA PATALAGOITI / XIBEROKO BOTZA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko uztailak 23

Euskarazko podcasten munduak itsasargi berri bat du: XiberoKazt. Zubereraz egina da, eta Su Azia elkartearen asmoa zubereraren ahoskatzean egiten diren akatsez ohartaraztea eta euskalkiaren ahoskera sustatzea da. Ez hori bakarrik, baina hori bai behintzat.

Bi astean behin sareratzen dute podcastaren atal bakoitza. Euskal Kultur Erakundeak eta Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak diruz lagundu dute proiektua, eta horri esker abiarazi du podcasta Su Azia elkarteak.

Allande Sokarros kazetari eta elkarteko ordezkariak podcastaren abiapuntua zein izan den azaldu du: «Proiektua sortzeko gogoa sortua zaigu ohartu garelarik kalean, jendaurrean edo irratian mintzatzen den zubereran gero eta ahoskatze akats gehiago entzuten direla». Kazetariak onartu du edozein hizkuntzatan direla ohikoak akatsak. «Haatik, badira mintzaera ez-egoki batzuk gero eta zabalduago direnak: hala, aho mintzozko h-ak ez ahoskatzea, r bikoitza ia-ia frantsesezkoaren moduan erratea, azken aurreko silaban zubereraz egin ohi den zapadura edo azentu tonikoa ez errespetatzea». Akats horiek belaunaldi gazteetan nabari direla iruditzen zaio Sokarrosi, baina ez horietan bakarrik: «Adinez aurreratuagoak diren euskaldun batzuen ahoetan ere hauteman daitezke. Eta bilakaera kezkagarri hori ez da, batzuek erran izan duten bezala, idazkera arautuaren ondorioz gertatzen. Gertatzen da zuberotar askok eta askok euskara ez dutelakotz nahikoa baliatzen».

Testuinguru horretan sortu dute XiberoKazt: «Egoera horri, gure ahal txikiez, aurre egiteko». Idatzizko artxiboen baliapenean oinarritzen ari dira gehienbat podcastaren atalak osatzeko. Testu zaharrak eta garaikideak erabiltzen dituzte irakurraldietan. Kantu tradizional batzuk ere sartzen dituzte hamabosteroko ataletan. Abestien testuingurua eta esanahiak azaltzen dituzte. Atal horretaz arduratzen dira Jean-Michel Bedaxagar eta Jean Bordaxar, Su Azia elkarteko presidentea eta presidenteordea.

Aurreneko emanaldietan, gainera, Emmanuel Intxauspe hizkuntzalariak zubereraz ezarritako Iturriagaren elhestaldiak elkarrizketa tartea entzuteko modua izan da. Sokarrosek nabarmendu duenez, podcastean haur literaturako zenbait pasarte eman dituzte: ipuinak, alegiak, kontakizunak... Junes Casenave-Harigile zenak utzitako zenbait lan berreskuratu dituzte, bidenabar, podcasterako.

XiberoKazt egiten duten Su Azia elkarteko kideak boluntario gisa ari dira. Baina teknikari profesional batekin burutzen dute emankizuna.

Podcastaren bigarren urrats batean, Sokarrosek iragarri du Su Azia elkartearen soinuzko artxibo «aberatsak» baliatuko dituztela. Iruditzen zaio, gainera, XiberoKazt ez dela soilik Zuberoako euskaldunentzat: «Hego Euskal Herriko euskaldun gehienek Zuberoaz eta zubereraz daukaten ezagutzaren parte handiena maskaraden eta pastoralen ingurukoa da. XiberoKazt entzuteak leiho berri bat ireki dakieke, beren belarrietarako preziagarria izango dela espero dugularik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Garbeko harbidea. / ©Josean Gil-Garcia

Garbeko harbidea bidelagun

Josean Gil-Garcia

Garbeko galtzada garai bateko bide bat da. Zona karstikoaren gainean ederki egokitua dago, eta Ermualde inguruan harrigarriki hazten den artadi kantauriar trinkoa zeharkatzen du harbide zaharrak.

Jose Mauleon nafarraren hilobi bertikala, haren maite mina ehortzi zuten panteoiaren aurrean. ©URTZI URKIZU

Eternitatea zutunik

Urtzi Urkizu

Alfaroko hilerria toki berezia da. Han ikus daiteke Europako hilobi bertikal bakanetakoa, Jose Mauleonena. Zutik ehortzi zuten, 1869an, maite mina zegoen panteoiaren aurrean.

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Errementari jarduna ez dago desagertzear, ia desagertuta baizik»

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Padura txikitan hasi zen burdina lantzen, aitarekin, eta betidanik argi izan du errementari izan nahi zuela. Erretiratuta dago orain, baina eskulturak egiten ditu. Hala ere, uste du egun forjaketak ez duela egoera ona, eta ezagutza desagertu egingo dela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna