Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Saguzarren artean

2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Gaurkoan hona dakarkizuedan upategian ardo ederrak egiten dira, bikainak.

Batzuetan, baina, ardoarekin zerikusi zuzena ez duten xehetasun edo kontu batzuengatik ekartzen ditut hona upategiok. Kontu bitxiak eta interesgarriak izaten dira, edo hala iruditzen zait niri, gutxienez.

Bodegas Enguera, Engueran, Valentzian (Herrialde katalanak) dago, probintziaren barnealdean, hegoaldean, alegia.

Pedro Perez Pardok sortu zuen. Etxean nekazariak ziren, familia apala osatzen zuten. Ez zuen unibertsitatean ikasi, baina haren jakingura aseezina zen, eta ezagutzen zutenen hitzetan, «bertuterik baliotsuena landu zuen: pertsonekin tratatzeko gaitasuna».

Negozio ugaritan murgildu zen Pedro Perez, baina, zalantzarik gabe, butano banatzearena izan zen arrakastatsuena. Arrakasta izan zuen arren, hainbat negoziotan haren ametsik handiena zen upategi bat sortzea, mahasti propioetan oinarritutako ardo bikainak egiteko.

1974an Antoli eta El Chalet del Rio lursailak erosi zituen Engueran, eta zitrikoak, olibondoak eta mahastiak lantzen hasi zen. Halaber, Fontanars del Aforinsen 65 hektareako mahastia erosi, eta Casa Corones upategia izandako eraikinean ardoa egiten hasi zen; granelerako, ontziratu gabea, eta baita botilaratzeko ere.

1999an benetan zuen ametsa bete, eta Engueran upategia eraiki zuen, familia upategia, alegia. Upategi horretan, kalitateko ardoak botilaratzea zen helburua, Fontanars del Aforinseko lurrak eta klima islatzeko asmotan.

2002an bigarren belaunaldiaren txanda izango da, produkzio-sistema aldatzea erabaki zuten, mahasti bikainak lortzeko helburuarekin. Pedroren suhia, Juan Iglesias, sartu zen momentu hartan upategia gidatzera. Ardogintza eta mahastizaintza eredu berria gidatzen Diego Fernandez Pons enologoa eta Jose Vicente Gomez Carbajal agronomian ingeniaria aritu ziren.

Urte batzuk geroago, mahastizaintza jasangarriago bati begira jarri ziren, eta 2011rako mahasti guztiek ekologiko agiria zuten.

Eta hemen dator gaur azpimarratu nahi dudan ideia: jasangarritasunaren bideari jarraituz, Pedro Iglesias Perezek eta haren anaia Juan Ramonek (upategiko kudeatzailea eta sortzailearen bilobak) Enguera Planet proiektua sortu zuten, ingurumena zaintzeko eta hobetzeko asmoz. Proiektu horren barruan, hainbat ekimen egiten dituzte, besteak beste, «mahats-mordoaren sitsa kontrolatzeko saguzarren kontserbazioa» deritzona.

Horretarako, Aliats zuria ardoa sortu zenetik, saltzen diren 100 botilaren truke, saguzarrentzako kutxa bat jartzen dute mahastiaren inguruan. Saguzarrek, besteak beste, mahats mordoak erasotzen dituen sitsa jaten dituzte, eta lan horretan mahastizainaren aliatua da, eta hortik ardoaren izena, Aliats, eta etiketan agertzen diren saguzarrak.

Beste ardo batzuk ere egiten dituzte, baina hori beste batean izan beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.