Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Dolia

2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroan, ardoari dagokionez, bost eskualde bereiz daitezke: Behe Erribera, Goi Erribera, Izarbeibar, Behe Mendialdea eta Lizarraldea.

Gaur ezagutuko dugun upategia, Bodega de Liédena, alegia, Behe Mendialdean dago, Ledea herrian, hain zuzen ere. Nafarroako ekialdean dago, Zangozako merindadean, Iruñetik berrogei bat kilometrora.

Tenperatura freskoei, haize ugariari eta euri kopuru nabarmenari esker, mahatsen heltze prozesua motelagoa bilakatzen da, Nafarroako beste tokietakoekin alderatuz, eta, horri esker, mahatsaren osasuna hobeagoa da, landare-osasunerako tratamenduak gutxituz.

Inguru horretan, garnatxa mahatsa izan da nagusi historikoki, baina azken urteetan tempranillo, cabernet sauvignon, merlot, pinot noir, moskatela eta chardonnay mahatsak ere landatu dira.

Upategiak 90 hektareako mahastia du, eta horietatik hamabi berrogeita hamar urtetik gorako garnatxak dira; tartean, 100 urtetik gorakoak ere badaude.

Batez beste, 650 tona mahats jasotzen dira urtean, eta 400.000 bat litro ardo ekoizten dituzte. Garnatxa eta chardonnay dira nagusi upategiak dituen mahastietan.

Upategiko ardoei buruz hitz egin nahi dizuet, baina Dolia proiektua aipatzea ezinbestekoa da. 2015ean upategiak beka bat lortu zuen ikerketa eta garapen proiektu bat aurrera eramateko. Erromatarren garaitik landatzen dira mahastiak eta egiten da ardoa Ledean. Upategitik hiru kilometrora daude Ledeako Erromatar Uriko hondarrak, eta bertan aurkitu dira «doliak» deitutako buztinezko ontziak, zeinak erromatarren garaian ardoa eta zerealak edo olioa gordetzeko erabiltzen baitziren. Pixkanaka ontzi horien erabilera galtzen joan zen. Proiektu horren helburua kalitatezko ardoak lortzea da, baina betiere buztinezko ontziak erabiliz ardoaren ontze prozesuan.

Horretarako, 190 litroko terrakotazko hamalau tina edo treska erosi zituzten, haietan hamabi hilabeteko ontzea egiteko. Garnatxaz eginiko ardoa da Ledea, Liedana Bacus izenekoa, oso ekoizpen txikikoa: 3.156 botila, alegia.

Azken urteotan, kontsumitzaileok ardo freskoagoak eskatzen ditugu, egurraren menpe ez dauden ardoak, eta buztinezko ontzietan ondutako ardoek badakarte onura hori, inongo zalantzarik gabe. Badirudi, gainera, jasangarritasunaren ikuspegitik ere onurak baino ez dituela ardoak ontzeko sistema horrek, eta hori ere garrantzitsua da, oso.

Ledea Beltza, garnatxaz egindako Ledea Gorria, Ledea Chardonnay zuria eta Ledea Crianza beltza. Denetan nagusitzen da fruta, freskotasuna eta benetakotasuna. Denekin izango dugu aukera paregabea gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.