Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Loxarel

2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Loxarel upategia Penedes sor-markapean dago. Ardo lasaiak eta apardunak egiten ditu.

Xarelálo mahatsa da Penedeseko lurretan (Katalunia) gehien landatzen dena, eta ezin hobeto egokitzenda hango lur eta klimetara. Oso goiz ernatzen da, eta oso ondo egokitzen da lehorte zein bero handietara. Ardo gazteak leunak izaten dira, zetatsuak baina gorputza dutenak, fruta ugarikoak, usaintsuak, alkohol kopuru egokidunak eta azidotasun ona dutenak.

Ontzeko ardoak dira, trinkoak, beroak eta luzeak. Mineral ukitu nabarmena izaten dute. Askotan azalarekin beratzen dira; upeletan zein porlanezko arrautzetan hartzitzen dira, edota liga finekin ondu.

Xarelálo mahatsak ematen dio izena Loxarel upategiari.

Inguru horietako apardun gehienak cava sor-markapean edo corpinnat markapean merkaturatzen badira ere, hastapenetik egon dira Penedes sor-markaren babesean: 2014an sortu zen, baina Classic Penedes marka adierazpen berria da, Penedes sor-markapean zeuden eta dauden kalitatezko apardunak babesteko sortutakoa.

Classic Penedesek champenois metodoa, metodo tradizionala, darabil apardunak egiteko, baina baita arbasoen metodoa ere.

Classic Penedes izateko baldintzetako bat ekologikoa izatea da. Beraz, 2014an, munduko lehen sor-marka ehuneko ehunean ekologikoa izan zen, kalitatezko apardunei dagokienez.

Classic Penedes sor-markapean dauden ardo guztiak erreserbakoak dira; beraz, hamabost hilabete ematen dituzte upategian, gutxienez, merkaturatu aurretik.

Testuingurua zertxobait ezagutu ondoren, jo dezagun Loxarel upategia ezagutzera. Esan daiteke Josep Mitjans eta haren izaera berritzailea izan zirela upategi horren abiapuntua. 16 urte baino ez zituenean, 1.000 botila cava egin omen zituen, ordura arte ontziratu gabeko ardoak ekoizteko zegoen tradizioa apurtuz. Aurretik lau belaunaldi aritu baziren ere lurrarekin eta mahastiekin lanean, Mitkansek beste pauso bat eman nahi zuen: enologia ikasi, eta familiak zituen mahastiak eta negozioa birmoldatzeko konpromisoa hartu zuen.

1987an Loxarel marka erregistratu zuen Mitjansek, eta, bi urte geroago, Teresa Nin ere batu zen proiektura, administrazio eta merkatu lanetan, eta Mitjans upategi zein mahastietako gidaritzaz arduratzen da.

Xarelálo, xarelálo gorria, garnatxa, macabeo (Errioxako viura) eta parellada mahatsak dira mahasti horietako izarrak.

Lehen esan bezala, ardo lasaiak eta apardunak egiten dituzte, eta azpimarratzekoa da 2012az geroztik anforei leku pribilegiatua eman zaiela ardoak ontzeko. Xarelálo 2013 izan zen Loxarel upategian anforatik pasatutako lehen ardoa, 720 litroko anforetan eduki baitzuten beratzen.

Ardo ugari egiten dituzte, bakanak, bereziak eta bikainak... baina ez daukagu hemen tokirik aipatzeko; beste batean agian...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.