Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Maria Andrearen ilobak

2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Azken urteotan, ikasturte berriari hasiera emateko, oporraldian Espainiako Andaluzian aurkitutako berritasunen bat ekarri izan dut hona, baina gaurkoan ez da horrela izango. Navandrinal herrixkari begira jarriko naiz, eta hango upategi bat jarriko dut fokuan. Navandrinal berrehun biztanle baino gutxiago duen herritxo bat da, Espainiako Gaztela eta Leongo autonomia erkidegoan dago, Avilan, hain zuzen ere, Gredos mendilerroaren magalean.

Alberche bailarako eskualde horretan, mahatsaren lanketa tradizioa XI. mendetik omen dator, eta badirudi XVI. eta XVII. mendeak izan zirela goia jo zuten garaia, Madrilen edaten zen ardorik gehiena paraje horietatik eramaten baitzen.

Industrializazioaren, globalizazioaren eta ekoizpenak biderkatzeko sortutako teknologien eraginez, mahasti lanketa beste toki errazago batzuetara mugitzen hasi zen, eta pixkanaka-pixkanaka ingurua garrantzia galduz joan zen, baina ez mahastiek eskaintzen zuten izugarrizko kalitatea.

Mahastiak lantzen zituztenak aitona-amonak bilakatuz joan ziren, eta geroxeago, desagertuz, eta haiek utzitako jakituria ahaztuz, baztertuz...

Mahasti asko bertan behera utzi ziren, beste batzuk sustraitik atera ziren, eta beste batzuetan, ardoa egiten jarraitu arren, nahiago izaten zuten mahatsa erosi, mahastia mantendu baino.

Nietos de Señora Maria upategia sortzea erabaki zuten orduan, Maria andreak, sortzaileen amonak, animatuta, familia upategia, galtzen ari zen altxor zoragarria, berreskuratzeko asmoz. «Lau anai-arreba eta familia elkartu, eta amets horri gure familia eta ekonomia ahalegin guztia eskaini genion», diote sortzaileek.

Inguruan nabarmentzen hasiak ziren Daniel Ramos, Soto y Manrique, 7 Navas...

Gakoa da altuera eta mikroklima desberdinek eskaintzen dituzten aukerez baliatzea, eta garnatxa ezin hobeak eskaintzen duen kalitateaz baliatzea.

Maria andrearen ilobek Daniel Ramosekin elkarlanean aritzea erabaki zuten. Haien lehen mahastia Fuente Seca izan zen, hiru hektareako lursaila, 50-70 bitarteko antzinatasunekoa. Geroago, beste mahasti batzuk ere etorriko ziren, gaur egun lantzen dituzten zazpi hektareak osatu arte.

Fuente Secatik atera zen haien lehen ardoa: Avaviento Joven 2017. Eta, haien ardoak izan zuen arrakastaren ondorioz, upategi berria egiteko proiektua abiatu zuten, aurrekoa txiki geratu baitzen. Hauxe da haien helburu nagusia: «Gure inguru zoragarriak islatzen duen espiritua eta muina erakutsi nahi dugu».

Gertutik jarraitu beharreko upategia dela esango nuke; horixe bera egingo dut aurrerantzean, eta kontatuko dizuet beste batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.