Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Europako garaienak

2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Denboraldi berria hasiko dugu gaurko honekin. Azken urteetako ohitura alde batera utzi, eta ez dizuet Andaluzia (Espainia) inguruan, oporretan, aurkitutako altxorren baten berri emango.

Andaluziatik ez, baina ez oso urrutitik dakarkizuet gaur erakutsi nahi dizuedan proiektua: Alto de Inazares.

Prieto-Pina eta Pina-Jover familiak dira upategiaren jabeak. Haientzat erronka bat zen muturreko baldintzetan landatutako mahatsekin ardoa egitea. Ardo bitxiak eta bakanak egitea.

Espainiako Murtziako barrendegi natural bat aukeratu zuten horretarako, 1.373 metroko altueran. Hori guztia 2011n izan zen, eta esan daiteke orduan jaio zela Europan dagoen mahastirik garaiena.

Erronka polita bezain arriskutsua zen, eta zalantzaz betea. Garaierak, zoru harritsuak (erabili gabeak), bertako fauna basatiak eta fenomeno atmosferikoek asko baldintzatzen zuten mahastizaintza.

Baldintza latz eta gogor horiek, baina, ardo freskoak, aromatikoak, orekatuak eta atseginak ematen ditu.

Gaur egun, beste askok bezala, izaera propioa duten ardoak bilatzen dituzte Inazaresen, jatorria islatuko duten ardoak, alegia.

Baldintza latz horietan egokituko ziren mahats moten azterlan sakon baten ostean, Europako iparraldeko mahats bat aukeratu zuten. Erronka horren ondorioz, esan daiteke Murtzian (Espainia) aitzindariak izan direla pinot noir mahatsaren lanketan.

Pinot noir eta syrah beltzetan eta viognier, chardonnay, gewürztraminer, sauvignon blanc, riesling eta verdejoa dira ardoak egiteko erabiltzen direnak.?Ardogintzan MJ Fernandez Llamas dago gidari. Landatze lanetatik hasi eta ardoa amaituta dagoen arte dago inplikatuta enologoa.

Zortzi partzelatan banatuta dago mahastia, guztira 2,85 hektarea. Ekoizpen txikiko ardoak egiten dituzte partzelotan (200-4.000 botila), eta esan daiteke, zalantzarik gabe, artisau lanaren ondorio direla.

Ardo ekologikoak dira, eta biodinamikaren arauei jarraituz egiten dira, eskulanaren ondorio, ilargi eta egutegi astralari jarraituz.

Hainbat ardo egiten dituzte, beltzak zein zuriak. Denetatik bitxiena Mulato dela esango nuke, mahats beltzak eta zuriak nahasiz egiten baita. Oinarria monastrell mahatsa bada ere, syrah apur bat ere badarama, eta viognier mahats zuriak ere bere ukitua ematen dio. Lore ukitu berezia eta dotorea darama, eta dibertigarria eta oso edangarria dela azpimarratuko nuke, erraz edatekoa.

Sasoi honetan, mahastizainak eta ardogileak urduritasunez ari dira lanean, zeruari etengabe so eginez. Laster mahatsa biltzeko garaia iritsiko da gurean ere, eta euriek, eta batez ere ekaitzek etabar, asko kezkatzen dituzte ardoaren munduan ari diren guztiak. Ea gurean ere dena ondo doan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.