Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Barbarot

2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Urrian, Tom Puyaberten Exopto proiektuari buruz idatzi nuen. Rioja and Roll taldeko partaideetako bat zela ere aipatu nuen.

Gaur, talde horretako Barbara Palacios eta haren Barbarot proiektuaren berri emango dizuet.

Palacios abizenak oihartzun handia du ardoaren eta ardozaleon munduan, aski ezagunak baititugu Rafa Palacios (As Sortes), Alvaro Palacios (L'Ermita) eta haien iloba Ricardo Palacios (Corullon).

Horien guztien jatorria Alfaron (Errioxa, Espainia) dago, baina Errioxan zein handik kanpo egiten dituzte ardo bikainak.

Barbara Palacios Alvaro eta Rafaren iloba da, eta, horiek bezala, ardoaren munduan urrats interesgarriak egiten ari da.

Barbarak aurrera daraman proiektuak Barbarot du izena; Barbara eta merlot hitzen arteko batura bat da izena.

Barbararen aitak, Antonio Palaciosek, Haroko Los Riscos de Biblio mahastia landatu zuen tempranillo eta merlot mahatsez. Zergatik merlota? Mahastia dagoen lekuko lurrek Bordeleko Saint Emilineko lurrak gogorarazten zizkiotelako, eta lur horietako erregina delako merlota. Errioxako batzorde arau emailearen babespeko labore esperimentala da mahasti hori.

Aitonak, Jose Palacios Remondok, erosi zuen Haroko lursail hori, 1988an, ordura arte zerealez landatua zegoena. 1990ean, bi hektarea tempranillo eta hiru hektarea merlot landatu zituzten, eta urte batzuk geroago, 1999an, beste bi hektarea tempranillo gehitu zituzten.

Bordelen ikasi zuen Barbarak, eta munduko hainbat upategi handitan lan egiteko aukera izan zuen: Chateau Margauxen, Chateau Pichon Longueville Baron, Bordelen, AEBetan Robert Mondavin, eta Australiako Cascabel Winery upategian.

Barbara 2005ean hasi zen mahats horiekin ardoa egiten.

2008an, Mendozan (Argentina), mahats bilketatik bueltan, upategi propioa eraikitzea erabaki zuen, mahastitik ahalik eta gertuen, Brionesen (Errioxa), hain zuzen ere.

Haren hitzetan, Bordelen eta Errioxan ikasitako eta izandako esperientzia guztiekin, «Barbarot bi tokietako gauzarik onenak erakusten dituen lagin bat da».

Tempranilloa da nagusi ardoan, %84; eta beste %16 merlotak osatzen du.

Ardo bitxia da. Merlotak ematen dion ukituak Errioxako beste ardo guztietatik desberdin egiten du. Merlotak leuntasuna, borobiltasuna eta konplexutasun aromatikoa ematen dio ardoari.

Hasierako asmoa ardo berritzaile bat sortzea zen, izaera berezikoa, kolorea eta egitura indartuz, eta, era berean, leuntasuna eta aromak nabarmenduz. Lortu dute helburua, inongo zalantzarik gabe, ardoa bikaina bezain bakana baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.