Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Ribeiroko txigortuak

2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Galizian bost jatorri izen edo sor-marka daude: Monterrei, Rias Baixas, Ribeira Sacra, Valdeorras eta gaurkoan hona ekarri dugun Ribeiro.

Galiziako jatorri izenik antzinakoena izan arren, seguruenik ez dago maila gorenean, gaur egungo merkatuari edota kontsumoari begiratzen badiogu. Gauzak aldatuz doaz, baina; eta, azken urteotan, izugarrizko aldaketa izan du Ribeiro sor-markak, hobera eginez.

Mahastiek eta haietatik ekoitzitako ardoek beti izan dute pisu nabarmena eskualdeko ekonomian; nabarmenena, inongo zalantzarik gabe.

Estrabonen hitzengatik jakina da mahastizaintzak eta Ribeiro ardoak Kristo aurretik II. mendearen bigarren erdialdean bazutela bere lekua eskualdean. Gero, beste hainbat tokitan gertatu bezala, gorabehera handiak izan ditu ardoak.

Ardo zuriek ekoizpenaren %90 osatzen badute ere, badira beltzak eta Ribeiro sor-markapean egiten direnak; ardorik bitxi eta bakanenak tostatuak edo ardo txigortuak dira, hain zuzen ere. Zer da, baina, ardo bitxi hori?

Ardo gozoa da Tostado izena daraman ardo mota hori; naturalki gozoa.

Beste hainbat tokitan egiten den moduan, ardo hori egiteko mahats aleak lehortzen jartzen dira estalitako tokietan, aireztapen egokiarekin ondo lehortudaitezen eta osasun egoera ezin hobean gerta dadin prozesua. Lehortze fase horrek hiru hilabete irauten du, gutxienez.

Ehun kilo mahatsekin berrogei litro ardo egin daitezke asko jota, eta litro bakoitzak gutxienez 300 gramo azukre izan behar ditu.

Ardo horrek haritzez edo gereziondo egurrez egindako upeletan eman behar ditu sei hilabete gutxienez, eta, gero, beste hiru hilabete, gutxienez, botilan emango ditu ardoak, merkatura irten aurretik; betiere, %13ko gutxieneko alkohola izan behar du.

Tradizio handia du ardo mota horrek, eta XIX. mendean izugarrizko sona eta entzutea izan zuen, eta garai hartan konnotazio sinboliko eta sozialak zituen, pazoekin lotuta baitzegoen, eta, beraz, nekazaritza eremuetako jauntxoekin, horiek egun berezietan hartzeko erabiltzen zutelako ardo berezi hori. Oso preziatua zen, eta egitea oso garestia; zeremonia ardoa zen, eta oparitzeko oso baliotsua. Beste Ribeiro guztiak baino berrogeita hamar urte lehenago hasi ziren botilatzen, XX. mende hasieran; eta ardo zuriak eta beltz arruntak baino bost aldiz garestiagoa zen.

2004. urtera arte, ardo txigortu horrek ez zeukan sor-markaren babesik, baina urte horretan araudia aldatu, eta horri esker eta harrezkero, Ribeirosor-markapean ateratzen da merkatura.

Ez da hain erraza Galiziatik kanpo aurkitzea, baina merezi du, ardo bitxia bezain interesgarria baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.