Koronabirusa

Gaur hasiko dira Osasunbideko eta Osakidetzako langileak txertatzen

Txertoaren gaineko iragarpena «propaganda» dela salatu dute Osakidetzako sindikatuek. Nafarroan hamar talde mugikor ariko dira

Langile bat eri bat artatzen, Gurutzetako erietxeko ZIU batean. M.RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Atzo iritsi ziren Moderna botika konpainiaren txertoaren lehen dosiak Hego Euskal Herrira, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki du Osakidetzako osasun langileei jarriko diela txerto hori, gaurtik aurrera. «Eskuragarri dauden dosiak ahalik eta lasterrena jartzen hasiko dira osasun langileei, salbuespen gisa», jakinarazi zuten ohar batean. «Ezohiko txertaketa» Gurutzetako ospitalean hasiko da, Barakaldon (Bizkaia). «Aurreikuspenen arabera, datozen egunetan Modernatik jasotako dosien erdiak (700) Osakidetzako hainbat erakundetako zainketa intentsiboetako unitateetako zerbitzuetako profesionalei jarriko zaizkie». Ziurtatu zutentxertaketa kanpaina «planifikatutakoaren arabera» egiten ari direla. Nafarroako Gobernuak ere jakinarazi zuen gaur bertan hasiko dela Osasunbideko langileen txertaketa: «Une berean hasiko dira txertoak jartzen Refenan eta Iruñerritik kanpo, hamar ekipo mugikorri esker», azaldu zuten. Hasieran asteburuan hastekoak ziren, baina gero aurreratu egin zuten.

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen irudiko, «propagandistikoa» da Jaurlaritzak iragartzea Osakidetzako langileak txertatzen hasiko direla. «Jaurlaritzak egin nahi duen propagandatik harago, gaur ez da hasten Osakidetzako langileen txertaketa», salatu zuen atzo Esther Saavedra ELAko kideak.

«Inprobisazioa» ikusi dute

Osasun langileek egin zuten protesta batean egin zituen adierazpenak, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren «inprobisazioa» salatu zuen. Izan ere, haren hitzetan, joan den ostiralean izan zuten bilera saileko arduradunekin, eta adierazi zieten ez zekitela zer txerto jarriko zieten, ezta noiz ere. Horregatik uste dute orain txertoa «modu inprobisatuan» jartzen hasiko direla. «Ezin da esan jada benetan osasun langileak txertatzen ari direla».Saavedrak datuak eman zituen esandakoa berresteko. 1.400 dosi iritsi dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, eta Osakidetzan 40.000 langile daude. Bakoitzari bi dosi jarri behar zaizkionez, 700 langile txertatuko dituzte. Txertaketa «benetan salbuespenezkoa» izango dela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.