AHTrik Ez plataformak kanpaldia antolatu du asteburuan Atxondon

Kanpaldiaren bigarren eguna da gaur, eta adin guztietarako ekintzak antolatu dituzte hiru egunetan. Manifestazioa egingo dute gaur 18:30ean

AHTren aurkako bizikleta martxa Kanpazar portuan, Atxondora iristear. BERRIA.
unai etxenausia
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Uztailaren 30etik abuztuaren 1era bitarte, AHTren aurkako kanpaldia antolatu dute Atxondon (Bizkaia). Antolatzaileek adierazi zutenez, atzo hasitako kanpaldiaren helburua da «bestelako bizi ereduez aritu» eta AHTren moduko proiektu «suiziden» aurkako alternatibak aurrera ateratzea. Euskal Herriko herrialde guztietako AHTaren aurkako plataformek parte hartuko dute asteburuko kanpaldian. Hiru egunez, adin guztietako jendearentzako ekintzak egingo dituzte: ibilaldiak, kontzertuak, tailerrak eta bestelakoak prestatu dituzte antolatzaileek.

Atzo izan zen lehenengo eguna, eta, harreraren ostean, bazkari autogestionatu batekin eman zioten hasiera kanpaldiari. 16:00etan, hitzaldia egin zuten, AHTren kontrako mugimenduaren historia eta erronka berriak izenburupean. Horrekin batera, dokumental emanaldi bat eta solasaldia antolatu zituzten herriko gimnasio zaharrean. Ipuin kontalarien tailerrak ere izan ziren, haurrentzat. Euskal Herriko hainbat txokotatik abiatuak ziren bizikleta martxei harrera egin ostean, hasiera ekitaldia egin zuten 19:00etan.

Gaurko ere hamaika ekintza prestatu dituzte. Goizerako, nekazarien azoka, akroyoga, emozioen laborategia eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Arratsaldeko ekitaldi nagusia 18:30etako manifestazioa izango da: Atxondoko herriko plazatik aterako da, Noraezeko abiadurak helmuga tinkorik ez! AHT gelditu! lelopean. Gauean musika izango da nagusi: No Somos Tu Rollo talde andaluziarrak eta «talde sorpresa» batek girotuko dute gaua.

Bihar, askotariko ekintzak izango dira egun osoan, eta Iheskide taldearen punk doinuekin bukatuko da kanpaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.