Urte bat bete da Haftarrek Libia osoa bereganatzeko erasoaldia hasi zuenetik

Turkiako airekoek buru militarraren konboi bat bonbardatu dute, eta gutxienez hogei miliziano hil dituzte. NBEk su-etena eskatu die bi aldeei

Khalifa Haftarren aurkako protesta bat, Berlinen. HAYOUNG JEON / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Libiako krisi politikoa ulertzeko beharrezkoa da atzera egitea, 2014ko bozetara zehazki. Hauteskunde haietatik irtendako legebiltzarrak nazioartearen babesa jaso zuen, nahiz eta Libiako Gorenak haiek indargabetu. Parlamentua Tobruken ezarri zuten, Tripoli islamisten kontrolpean zelako, eta haiek ez zituztelako bozetako emaitzak onartu. Urte bat geroago eta NBE Nazio Batuen Erakundearen babespean, batasuneko gobernua eratu zuten, eta Fayez al-Serraj hautatu zuten bertako buru. 2016a zen, eta Libiako gatazka bide onetik zihoala zirudien.

Estatuko bi instituzio nagusien artean, liskarrak piztu ziren orduan, eta, Khalifa Haftarren babesa zuela, legebiltzarrak uko egin zion batasun gobernuaren zilegitasuna aitortzeari. NBEk Al-Serraji aitortu zion zilegitasuna, baina Haftarrek zuen indar militarra. Iazko apirila bitartean ahaleginak eta bi egin zituzten bitartekariek akordio bat lortzeko, eta 2018an gertu egon ziren, bi aldeak bozak egiteko prest agertu baitziren. Baina ahaleginak huts egin zuen, eta, duela urtebete, apirilaren 4an, Tripoliren aurkako «azken erasoaldia» hasi zuen Haftarrek, herrialde osoa bereganatzeko asmoz.

NBEk Libian duen ordezkari berezi Ghassam Salamek salatu du atzerriko potentziak euren interesak defendatzeko ari direla erabiltzen Libiako gatazka, bertako indarrek «euren dirua bere buruaz beste egiteko» darabilten bitartean. «Libia, petrolioan aberatsa izanik, azkarrenarentzako saria da askorentzat, eta ez lau hamarkadako diktaduraren eta urtebeteko kaosaren ostean bizitza duina merezi duten sei milioi herritarren aberria».

Su-etenik ez

Azken asteetan gogortu egin du Haftarrek hiriburuaren aurkako setioa, baina hirian bertan dauden milizien eta atzerriko babesari esker, erasoaldiari eusten ari dira Al-Serrajen indarrak. Atzo bertan Haftarren armadako hogei miliziano hil zituen Turkiako aireko batek, konboi militar bat bonbardatuz.

Koronabirusaren krisiari lotuta su-etena eskatu zien NBEk bi aldeei, eta joan den astean menia onartzeko prest agertu zen buru militarra, betiere «bi aldeek errespetatzen» bazuten. Egun gutxiren buruan erasoari ekin zioten, ordea, Haftarren indarrek. Nazio Batuen Erakundeak bigarren deialdia egin zuen atzo, ohartaraziz «okerrena etortzeko» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.