KRITIKA. Artea

Izan zena eta orain ez dena

Caroline Delieutrazen lanak Iruñeko Ziudadelan daude ikusgai. MAPAMUNDITARRAK.
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun

'Mapamunditarrak'



Non: Iruñeko Ziudadelan, Uharte zentroan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Atarrabiako Pilategian. Noiz arte: urriaren 25era arte.

Transformazio terminoaren emaitzak askotarikoak izan daitezke: itxuraldatze fisikoa, barne eraldatzea, norbanakoaren identitatea ezkutatzeko balio duen antzaldatzea... Termino horren bariazio ugariez baliatzen da aurtengo Mapamunditarrak komisariotza proiektua, Iruñerriko hainbat guneetara hedaturik arte garaikidea sustatzea helburu duena, hain zuzen. Ziudadelaren, Nafarroako Unibertsitatearen, Uharte Zentroaren eta Atarrabiako Pilategiaren artean sakabanaturiko sei erakusketa eredu aurkezten zaizkigu oraingoan. Hots, euren arteko lotura kontuan izanda, alde batetik, espazio ezberdinetan egituratutako super-erakusketa dela uler genezake. Edo, mostra bakoitzak igartzen duen barne diskurtsoan murgiltzekotan, mostra independenteak direla ondorioztatu.

Aukeratutako espazio ereduak askotarikoak dira, eta instalazioak baldintzatzen dituzte. Beraz, mostretan sortzen diren atmosferak heterogeneoak dira guztiz. Tell me how close we are to a riot argazki seriearen kasuan, esaterako, instalazio xumeak nolabaiteko sentsazio anbiguoa sortzen dit. Irudiak ez baitaude ohiko erakusketa espazio kanoniko batean eskegita, unibertsitateko estetika soila mantentzen duen espazioan baizik. Baina, zergatik ez? Kontuan hartzekoa da argazki seriearen kokapen estrategikoa, gazteen eraldatze prozesuari men egiten dion hau gazteek okupatu ohi duten espazio batean ezarrita baitago. Ezin da ukatu Helena Goñiren argazkien kalitatea, zeintzuek, intimitatea estetika punkarekin uztartuz, Bilboko lagun taldearen heltze prozesua biltzen duen. Bortizkeriaren eta goxotasunaren artean kulunkatzen dira irudiok; beraz, euren potentzia estetikoak espazioaren ahulezia gainditzen du.

Hala ere, Iruñeko Ziudadelan egituratutako hiru erakusketetan sortzen den atmosfera bestelakoa da. Labera gerturatzerakoan, sartu aurretik, ahots grabe hipnotiko batek hitz egiten digu. Ahotsak gidatuta barneratzerakoan, inguruan sortzen den atmosferak harrapatzen gaitu, eta alegiazko ipuin baten partaide bihurtzen gara. Alabaina, dekorazioa ez da hutsala, bertan topatzen diren bideo instalazioen objektuak baitira murruetan zintzilik daudenak, haurrentzako ipuinen iruditeriaren bitartez batere samurrak ez diren istorioak kontatzen dizkigutenak. Orduan ohartzen gara zertaz doan kontua: irudi alaien atzean, egungo egoera politikoaren kritika sakon-sakona jasotzen du. Zer da gobernu on bat? Gizartearen egoera makurtzen denean, zer egin dezakegu? Borrokatu ala ihes egin? Hausnarketa, galdera eta barne gatazka zurrunbilo batek zeharkatuko du gure gorputza orduan.

Halako mundu onirikoari eusten dio Caroline Delieutrazen lanak. Mistoen aretoko eskailerak igo, eta bat-batean hari ikusezinetatik zintzilik dauden hamarnaka trollen maskarek hartzen baitute gure ikus-eremua. Haiekin inolako segurtasun distantzia mantendu gabe, aretoan aurrera egin eta ezagutzera ematen da artistak sortu nahi duen hausnarketa, egun sare sozialetan identitate faltsuaren maskararekin barrandan dabiltzan pertsona anonimoei egiten baitie erreferentzia. Hala, aurreko hamarkadetan telebistaren atzean ezkutatzen ziren pertsonaia maltzurrek pantaila zeharkatu dute, eta egunerokotasuneko eragile gaiztoak izatera pasatu dira.

Iruditeria hegemonikoak uxatu dituen maskulinitate ereduaren irudiak argitzen ditu Pablo Lermak bere lanean. Edukirik gabeko silueta maskulinoak dira, edota maskulinitate eredu heterozentrikotik aldentzen direnak. Bada, egunerokotasunetik gailentzen dira Blanca Gracia, Caroline Delieutraz eta Pablo Lermaren lanak. Eta, behin distantzia hartu dugunean, berriz ere, egunerokotasunean eragiten diguten faktoreei inguruan hausnartzera bultzatzen gaituzte.

Bestalde, Iruñerrian zehar sakabanatutako puzzlearen piezen artean, deigarria da Fase-aldaketa etengabeko transformazio prozesuan dagoen erakusketa. Sortze prozesuaren tripak argitzen ditu Mireia Martinek eta Jorge Martinezek Uharte Zentroko Gela espazioan sortu duten kobazuloak. Belaunaldien arteko iruditerien eraldatzean jartzen dute fokua artistek. Abiapuntu horretatik, izan zenaren eta gaur ez denaren, edo egun denaren eta lehen ez zenaren arteko gogoetak azaleratzen dira. Izan ere, halako prozesuen pertsonaia nagusiak bi dira: denbora eta gorputza. Gorputzak ezinbesteko rola jokatzen du prozesuan, haren testigu edo euskarri izanik, transformazioak guztiz zeharkatzen duelako. Artea, esaterako, transformazio prozesu baten emaitza zuzena dela esan genezake. Eta, era berean, egunerokoan norberari eragiten dioten prozesuen gauzatzea euskarri bisualean biltzeko erreminta eraginkorra izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.