KRITIKA. Artea

Erraiak gorputzetik ateraz

2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun

'Zerk eusten nau maite dudan egite honetan?'

Artistak: Marina G. Guerreiro, Patricia Katana, Irati Inoriza, Idoia Leatxe, Javier Ozkoidi, Panda Dramatic eta Power Makes Us Sick. Non: Iruñeko La Zurda gunean.Noiz arte: Abenduaren 23ra arte.

Esprai arrosa batez egituratutako hodei lauso baten erdian, harramazkatuta irakur dezakegu «making art is a class privilege», alegia, artea egitea klase pribilegioa da. Kaleko murru zurrun batean idatzitako grafitia izan zitekeen, baina kasu honetan, Iruñeko La Zurda espazioko erakusleihoan aurkeztutako aldarria da, Patricia Katana artistak egina.

Bakartutako aldarri zuzena izan beharrean, Zerk eusten nau maite dudan egite honetan? erakusketa proiektuaren aztarna da, hurrengo erakusleihoetan eta barneko erakusketan aurkeztuko zaigunaren aurrekaria edota prestakuntza abisua.

Mostra hori Erraiak proiektuaren bigarren edizioaren emaitza da, Lara Molinak komisariatutako proiektu plural baten parte dena. Aurten, La Zurda arte espazioa da komisariotza proiektuaren egoitza, eta, egituratu diren hainbat ekintzekin bat, erakusketan kristaltzen dira komisarioak proposatutako hausnarketak.

Erakusketan sorkuntzaren bitartez Zerk eusten nau maite dudan egite honetan? galderari erantzunak ematen dizkioten artisten lanak aurkezten zaizkigu: Panda Dramatic, Patricia Katana, Maria G. Gerreiro, Irati Inoriza, Idoia Leatxe, Javier Ozkoidi eta Power Makes Us Sick kolektiboarenak.

Proiektuari izena ematen dion galderaren jatorriak hainbat hausnarketa helarazten dizkigu. Bada, galdera Remedios Zafra pentsalariaren Frágiles (2021) liburuan aurkitu zuen mostraren komisarioak. Liburuak kultur eta akademia arloko langileek jasaten dituzten prekarizazioa, egoera bortitzak, frustrazioak eta beste jartzen ditu fokuan, eta, hain zuzen, horiek azaleratzeko edota haiengandik ihes egiteko keinuak izanen dira mostra konposatzen duten piezak.

«Nola lan hala jan, nola jan hala lan...». Horrela hasten da espazioaren bigarren erakusleihoan idatzita dagoen testua, eta, hitzez hitz irakurri ahala, haren kutsu gordinak aurkeztuko zaigunaren bigarren abisua emanen digu.

Espazioan sartu eta kristalezko atea zeharkatzean, haiengana erakartzen gaituzten koltxoneta gorri dirdiratsuetarantz bideratzen da gure gorputza. Gimnasio estatiko bat da, zeinean ekintza garatzen duten gorputzak bideo batean azaleratzen diren. Bi emakume agertzen dira koltxoneten gainean kokatutako pantailan: borrokalariak dira eta inolako erresistentziarik gabe nokeatzen du borrokalari batek bestea. Gorputz batek bestea gidatzen du, ukimenaren bitartez; bat eskultorea eta bestea eskultura izango balira bezala, posizio bat edo beste markatuz. Irati Inorizaren lana da hau, eta, nolabait, hurrengo galdera planteatzen dio nire buruari: maite duzun egite horrek eusten zaitu, edo zu zara maite duzun horri eusten diona?

Hurrengo piezetan, antzematen ditugun momentutik egite hori maitatzera bideratzen gaituzten keinu txikiak sumatzen ditugu. Horman ezarritako zeramikatxoak, esaterako, oroitzapenak kristaltzeko mekanismo bihurtzen ditu Marina G. Guerreirok. Eta horien aurrean, sabaitik zintzilikaturik, Patricia Katanak orainaren, iraganaren eta etorkizunaren arteko bitartekari den urrezko hari baten bidez osatzen du Labirintoa pieza. Keinuz keinu, hariak paper milimetratuetan ehuntzen ditu, ederra bezain indartsua den konposizio bat egituratuz.

Non dago bokazioz maite dugun horren eta geure buruarekiko zaintza duintasunez mantentzearen arteko muga? Sorkuntza artistikoari askotan esleitu zaion bokazioaren tranpa erromantikotik ihesi, erantzuna hartu-emanean egon daiteke, nolabait: alegia, ematen dugunaren eta hartzen dugunaren zenbatekoan. Hots, zer gordetzen dugun guretzat, eta zer ematen diogun horri.

Hala bada, Idoia Leatxeren MAK1T4 lan eskultorikoak erakusten duen moduan, mugak, ikurrak, seinaleak, abisuak... hor daude, baina, ezarria dagoen horretatik at, egitearen bitartez ezarrita dagoen hura berrantolatu, berregin eta berrinterpretatu dezakegu. Bada, berrinterpretatze prozesu horretan aurkitzen da Javier Ozkoidik garatutako ikus-entzunezkoa ere.

Hor dago gakoa, itzalean dagoen hura azaleratzean: min bat, beldur bat, keinu txiki bat... Geldiarazten eta petrifikatzen gaituzten beldurretatik at ahotsa ateraz, eta uzkurtzen gaituen horri soinua jarriz. Nolabait ere, mostrak gorputzetik ateratzen ditu erraiak, barrenak hustuz eta beldurrak arinduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.