KRITIKA. Musika

Misterio bat eta hainbat froga

2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Dinis Sousa. Biolina: Alena Baeva. Egitaraua: R. Wagnerren Parsifal lehen aktoaren preludioa, D. Xostakovitxen Biolina eta orkestrarako 2. kontzertuaeta L. V. Beethovenen 5. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: otsailak 3.

Euskadiko Orkestrak Gure patua izendatu du bere azken programa, eta eskarmentu handiko zuzendaria izan du podiumean hura aurkezteko; izan ere, Dinis Sousa portugaldarrak Europako hainbat orkestraren gonbidapenak jaso ditu jada, baina lehen aldia da gurean aritzen dela. Zinez, batuta arina, malgua eta kartsua du, orkestraren koloreak argitu eta intentsitateak orekatzeko modukoa. Aldiz, kontzertuaren sentsazio orokorra bestelakoa izan zen: zuzendariaren keinuen atzetik orkestra tarteka lauoinka iristen zela zirudien, batez ere Ludwig van Beethovenen 5. sinfonian, Sousak markatutako tempi azkarren atzetik partitura ezagun horretan espero den doitasunari ezin eutsita.

Baina, denera, edertasun handiko uneak ere izan ziren. Richard Wagnerren Parsifal operaren lehen aktoaren preludioak handikiro ireki zuen kontzertua. Cosima Wagner guztiz hunkitu omen zen lehen aldiz pianoan entzun zuenean, eta, ondoren, Grialaren istorioari lotutako musikak ezin konta entzule liluratu ditu. Opera bera definitzen duten gai mistikoak aise zabaldu zituzten haizeek eta hariek, batasun eta trinkotasunez, isiluneen tentsioan ere baretasuna topatuz.

Grialaren misterioa Dmitri Xostakovichen barne-unibertsoak ordezkatu zuen. Biolin eta orkestrarako 2. kontzertua konposatu zuenean, 1967an, bere osasun egoera nahiko makala zen; hala ere, behar baino urtebete lehenago amaitu zuen lana, 59. urtebetetze opari gisa eskaini baitzion David Oistrakh bere lagun eta biolin jotzaileari. Alena Baevak partituraren zuntz eta zirrikitu guztiak ezagutzen ditu, eta kadentzia zirraragarriak gidatu zituen. Orkestrak, bere aldetik, berariazko distiraz ebatzi zuen azken Allegro-aren koda zabala.

Esan bezala, orkestraren eta batutaren arteko disonantzia Beethovenen piezan atzeman zen. Lehen mugimendua ziztu bizian gidatu zuen Sousak, baina nonbait mamia falta zitzaion, ehunka aldiz entzun diren motiboetatik ez zen inarrik atera. Allegro-tik bai, bertan agertu ziren klasiko honen iraunkortasunaren hamaika froga eta berrespen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.