KRITIKA. Artea

Non dago muga?

Moyra Daveyren erakusketako hainbat artelan, Gasteizko Artium museoan. RAUL BOGAJO / FOKU.
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Moyra Davey. 'Lanak/Obras/Works'

Non: Gasteizko Artium museoan. Noiz arte: 2021eko martxoaren 7ra bitarte.

Artiumek proposatutako azkeneko erakusketek euskal testuinguruan oinarritutako artisten lanak bildu badituzte ere, museoak bisitarion mapa bisualean jarri du oraingoan Moyra Davey artista kanadarraren obra. Hain zuzen, argazkilari, idazle eta zuzendari denaren atzera begirakoa dugu Lanak/Obras/Works erakusketa, 1980ko hamarkadatik abiatu, eta Daveyk gaur egunera arte egindako ekoizpen artistikoetan murgiltzen gaituena.

Idazkera prozesuak ekartzen dituen hausnarketak, buruhausteak zein erreferentzia literarioekiko interesa islatzen dituzten argazkiak, gutunak eta filmak dira aurkeztuko zaizkigunak. Alabaina, euskarrion abiapuntua ez da guztiz xamurra, artistaren beraren bizitza baita, eta pentsalari ezagunen datuekin uztartzen ditu bizipenok: Chantal Akerman, Mary Wolstonercraft... Instalazio xume, argi eta lineal baten bidez, pausoz pauso erakusketan aurkeztuko zaizkigun euskarriotan, artista beraren hausnartze eta transmisio prozesuek zeharkatuko gaituzte guztiz.

Lehenengo espazioan barneratzean ohartu gaitezke faktore hartaz, psikologiaz gainezka dauden argazkien figurek zuzen begiratuko baikaituzte: zaldi bat, txakurra, mutil gazte bat... Eta orduan, parametro klasikoekin aldera ditzakegun argazkiok, gorputz ez-normatiboekin tartekatzen dira: tatuajez bete-beteriko gorputza, gorputz femenino iledunak... Hein handi batean, irudiok kanon estetikoez aparte bestelako gorputz ereduak badirela aldarrikatzen dute.

Modu honetan, nahiz eta hitzik edota idazkirik ez egin, argazkietako pertsonaiek kontakizun bat eraikitzen dute. Eta, bat-batean... zast! Literaturarekiko erreferentzia guztiz areagotzen da burua aurreko hormarantz biratu eta idatzien irudiak biltzen dituen argazki seriea aurkitzeko orduan. Irudiok ez dira museo baten hormetan eskegi ohi direnak, ez, tolesturek eta era estrategikoan ezarritako zinta itsaskorrek hegemonikotasun hori desegiten baitute. Izan ere, Daveyk, argazkiak tolestu ondoren, zigilu bat itsatsi eta beste nonbaitera bidaltzen baititu; egilearen, irudiaren eta hartzailearen arteko lotura sendo bat sortzen da honela. Eta, lotura horren eraikitze prozesua da, hain zuzen, erakusketa aretoan aurkezten zaizkigun irudi tolestuon emaitza finala.

Pixkanaka-pixkanaka aurrera goazela, argazkiek filmei egingo diete lekua. Alabaina, ez dira desagertuko, hainbat filmetan agertuko baitira horiek. Honela, bada, irudi estatikoen eta ikus-entzunezkoen arteko elkarrizketa irekia arnasten da nonahi.

Etxekotasunak rol interesgarria jorratzen du erakusketan zehar agertzen diren ikus-entzunezkoetan, pantaila zeharkatu eta ingurua blaitzen baitute. Espazioan aurrera egin ahala, filmak proiektatzen dituzten pantaila handiekin egingo baitugu topo, eta gehienek agertoki bera izanen dute: Daveyren New Yorkeko pisua eta estudioa. Egongela, logela, sukaldea, lagunarteko solasaldiak... erakusketa aretoaren espazioak hornitzen dituzten ikus-entzunezkoen egunerokotasuneko eszenak ez dira hain ohikoak, entsegu literarioen egiturekin uztartzen baitira.

Etxeko murruen artean sortzen den atmosfera intimo eta bakartian babestu, eta hausnarketa prozesu sakonetan barneratzen da artista. Modu honetan, kulturalki intimotzat jotzen ditugun pentsamenduei hitzak, irudiak eta soinuak emanez, etxearen eta museoaren arteko zubia eraikitzen du Daveyk. Eta orduan galdetzen diogu geure buruari: Zeintzuk dira jarduera publikoen eta pribatuen arteko mugak? Bideoetan igortzen diren mezuak ikusleoi transmititzean, terminoen aurkakotasuna kolokan uzten baitute.

Erakusketan aurkeztutako filmak sei dira osotara, eta, ondorioz, ordubetekoak direla kontuan izanik, ezinezkoa da egun berean denak ikustea. Era berean, ikus-entzunezkoen egitura narratiboa dela eta, pena da filmak era zatikatuan ikustea. Hala, egun bakarrean bisitatu beharreko erakusketen eredutik aldendurik, erakusketa aretoa beste era batean uler genezake. Zinema aretoen antzera, museora gerturatzen garen bakoitzean zein film ikusi nahi dugun aukeratzera bultzatzen gaituen aretoa baita hau. Hain zuzen, hori da artistaren helburua: Lanak/Obras/Works behin eta berriz bisitatzea. Dena den, ezin da ukatu talka sor dezakeela film kopuruez eta luzeraz ohartzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.