KRITIKA. Artea

Memoria zatien edukiontzia

Teresa Sabate eta Virginia Santos artisten lanetako bat. IRUÑEKO UDALA.
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun

'Oinez eta eskuz 2'

Artistak: Teresa Sabate eta Virginia Santos. Non: Iruñeko Ziudadelako Bolborategian. Noiz arte: Urtarrilaren 17ra arte.

Michel Certeauk esan zuen kontakizunak bidaien kontakizunak zirela, norberak espazio zehatz batekin izandako esperientzia biltzen duen prozesua, hain zuzen. Hari hartatik tiraka, etxetik irten eta edonora joateko zapaldu behar ditugun kaleetan barneratzean zerbait sortzen dugu. Kaleek geure pausoen bidez zentzu bat edo beste hartzen dute, eta, esku-hartze horren bitartez, memoria ardatz duen istorio bat ehuntzen dugu. Kontakizun txiki horiek manten ditzaketen edukiontziak askotarikoak izan daitezke: guretzat gorde ditzakegu, lagunekin konpartitu, nonbait idatzi… edo, Teresa Sabate eta Virginia Santosek Oinez eta Eskuz 2 erakusketan egin duten eran, kontakizun bihurtutako esperientziak josi, pintatu eta marraztu ditzakegu.

Iruñeko Ziudadelako Bolborategian egituratutako erakusketak Teresa Sabate eta Virginia Santosek lankidetzan ehundutako piezak biltzen ditu. XVII. mendean eraikitako erakusketa aretora barneratu bezain pronto, espazio bakarrean, inguruaren estetika klasikoa urratzen duten koloreek, landareek, animaliek… harrapatzen gaituzte. Halaber, oihan basati batekin alderatu genezakeen instalazioan zehar lehenengo pausuak egiterakoan, irudiok bide baten testigantza direla argi geratuko zaigu. Horrela, beraz, Bolborategia, erakusketa gela izateari utzita, artelan anitzetan kristaldutako memoria zatien edukiontzi izatera pasatu daitekeela sumatzen dut. Sabateren eta Santosen oroitzapenak konposatzen dituzten elementuak geure memoriaren parte bihurtzen baitira.

Adreilu mardulez eraikitako gangaren azpian dauden horma zuri eta lauetan zintzilik, mapa bilakatu den prozesu baten arrastoak ditugu. Hain justu ere, erakusketa konposatzen duten artelanen buruan, bide luze bat irudikatzen duen mural zabala dugu. Egileek auzoko tailerretik Uharte zentrora egindako bidean esperimentatutako sentsazioak, bizipenak, objektuak… aurkezten zaizkigu bertan.

Mapa hori ez da bidaia haren froga bakarra, hormetan zintzilikatutako bozetoek edota kaletatik hartutako tramankuluek kontakizun horren zertzeladak emango baitizkigute. Hain zuzen, bisitarion ikuseremua hartzen duten piezen tamainak eta fisionomiak askotarikoak dira: mihiseak, mural luzea, ispiluak, boxeo eskularruak… Artisten bizipenen arrastoak dira; pausoz pauso bildutako materialak, alegia.

Erakusketan bi pertsonak elkarlanean jositako lanak ditugu: Teresa Sabate eta Virginia Santos. Kasu honetan, elkarlanak bateratasuna gauzatzen du; ez dago bata eta bestearen arteko mugarik. Preseski, oroitzapen, lengoaia eta esperientzia pluralek sortzen duten adierazpen estetiko osotu bat dugu, non, hainbat eta hainbat ñabarduraz blaiturik, sortzaileek istorio bakarra kontatzen diguten.

Bada, nahiz erakusketa espazio bakarrean egituratu, kontuan hartzekoa da bi fasetan banatzen dutela Sabatek eta Santosek. Lehena Uharte zentroan ehundu zuten. Bigarrenari, berriz, tailerrean eman zioten hasiera. Alabaina, pandemiak bigarren fasea zeharkatu, eta elkarlana distantzian egitera behartu zituen artistak. Faktore hori sumatzen da erakusketan. Mapa atzean utzi eta aurrera egin ahala, nire begiek ezagutzen ez dituzten pertsonak agertzen baitira. Sabate eta Santosen tailerra, auzoa edota taberna okupatzen dituztenen irudiak dira. Alegia, haiek konfinamendu garaian faltan sumatu zituzten lagunak.

Kutsu horri jarraikiz, erakusketa biltzen duten lau murruen arteko laugarrenarekin kontaktua izaterakoan ispilu batekin egiten dut topo, eta nire irudia islatzen da bertan. Publikoaren, irudikatutako pertsonen eta hormetan eskegitako piezen arteko lokarria estutzen duen sarea sortzen da erakusketa aretoan. Adierazpen artistikoaren bidez eraikitako afektuen sareak dira erretratuak, beraz. Murruetan esekitako irudietakoak nor diren jakin ez arren, testuinguruan murgiltzen gaituzte.

Egoerarekin konektatzen dugu, askok esperimentatutako sentsazio, bizipen eta esperientzia baten isla baitira. Askotan arretaz aztertzen ez ditugun seinaleak, alegia. Egunerokotasunaren hausnarketa sakona egitera bultzatzen gaituzte erakusketan ehuntzen diren bateko eta besteko elementuek, orduan. Lotura horretatik abiaturik, memoria zatien edukiontzi horretan, nork bere buruari galdetzen dio zer-nolako pisua duten bere bizitzan okupatzen dituen espazioen parte diren pertsonek, animaliek eta objektuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.