KRITIKA. Artea

Ardi-larruz mozorrotua

Pertsona bat, erakusketako margolanetako baten aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun

'Bilbo eta pintura'

Non: Bilboko Guggenheim museoa. Noiz arte: Abuztuaren 29ra arte.

Guggenheim museoak Bilbon zerutik eroritako museoa dirudi askotan; eta horrek baditu bere alde on eta txarrak. Nazioartean eta artearen historian goi mailakotzat jotzen diren artelanen erakusketak gurera ekartzeko eta haietaz bertatik bertara disfrutatzeko aukera eskaintzen du, batetik. Baina, bestetik, atzerrian jatorria duen instituzio zabalago baten parte izanik, maiz kanpoan sortutako erakusketak ekartzen dira bertara, Bilboko testuinguruarekin modu isolatuan jardunez. Hori dela eta, pozgarria da programazioaren noranzkoa aldatu eta bertara begira ipintzeko egiten duen saiakera bakoitza; instituzioak dituen baliabideekin, hemengo artearen historiaren inguruko ikerketa, proposamen eta erakusketa ezin interesgarriagoak sortzeko aukera bailegoke, zalantzarik gabe. Ildo horretan egindako azken proposamena Bilbo eta pintura erakusketa da, Kosme Barañanok komisariatua.

Erakusketaren titulua eta haren komisarioa zein ziren irakurri nuenean, kutsu tradizionaleko proposamena izango zelako susmoa sortu zitzaidan jada. Batetik, izenburuak azaltzen zuen moduan, pintura erakusketa bat izango zela ukaezina zen, ikertzea eta erakusgai ipintzea interesgarria izan zatekeen bestelako adierazpen eta lengoaia artistikoak baztertuz eta guztietan izaera akademikoena izan dezakeen hura hautatuz. Eta bestetik, komisarioaren ibilbidea ere aintzat hartuz, erakusketak izan zezakeen ikuspegi edo perspektiba historikoaren enfokea ere nahiko tradizionala izan zitekeela zirudien. Honela, erakusketaren ezkaratzean, izenburuaren azpian ipinitako sarrera testua irakurtzean sorpresa gutxi hartu nuen, lehenengo atea pasatuta topatuko nuen erakusketaren helburua XIX. mendeko Bilboren irakurketa historiko bat egitean baitzetzan, 25 pinturen bidez.

Lehenengo aretoak izaera honi erantzuten dio, nahiz eta pintura erakusketa baten itxura baino, erakusketa historikoarena gehiago izan. Batetik, Bilboren bi garai ezberdinen kontrajartze bat planteatzen da hiriaren bi planoren bidez: bata XVIII. mendekoa, eta bestea, berriz, egungoa, XIX. mendean eraikitako gune esanguratsu batzuk azpimarratuz. Aretoaren alderik zabalenean, berriz, XIX. mende amaiera eta XX. mende hasiera inguruko argazkien kopia erraldoiak daude; egile eta hiritar anonimoak ikusgai. Guztia, garaiko Bilboren irudi orokor bat emateko asmoz egina.

Hala ere, erakusketarekin izandako arazo nagusiak hurrengo aretora sartzean hasi zaizkit. Bertan agertzen dira erakusketako lehen pinturak, baina haien gainetik, hormetan letra larriz idatzitako bi izenek deitzen dute ikuslearen arreta: Gauguin eta Picasso. Ulergaitza egiten zait Bilboko XIX. mendeko historia azaltzeko asmo horien artean zergatik hartzen duten bi izen hauek halako protagonismoa; zergatik hainbeste Gauguin eta Picasso hemen ere? Durrio da aitzakia, Parisa joan eta bi artista hauekin izandako erlazioa zela eta. Bada, ez al litzateke egokiagoa Durriori protagonismoa eskaintzea bere lanen bat erakutsita? Erakusketaren erroa Bilbo hiriaren ikuspegi historiko bat azaltzea ez al da?

Hormen goiko aldean lerro kronologiko bat marrazten da, non Bilbori lotutako hainbat gertakari historiko aipatzen diren. Haien artean, gorriz, kolera epidemien hiru garai, gaur egungo pandemiarekin lotura egiteko asmoz azpimarratuak, pentsatzen dut. Jarraian aretoko beste lanak begiratzen ditut, eta hauek XIX. mendean sortutako Bilboko hainbat elkarteren bildumetakoak direla irakurri dut. Lerrora begiratu dut berriz ere jarraian, eta elkarteen sorrera data haietan aipatzen dela ikusi dut. Hori izan daiteke elementu ezberdin hauek areto honetan biltzearen logika edo lotura? Erakusketaren xedea XIX. mendean Bilbon sortutako elkarteen bildumetan dauden lanak aurkeztea ote da? Baina beste aretoetan sartu ahala susmo hau ere bertan behera gelditzen da.

Bisita osoan erakusketari hasierako testuarekiko loturak bilatzeari ekin diot, pinturen bidez proposatu nahi zen Bilboren irakurketa historiko horren bila. Baina aretoz areto, bilaketa hau geroz eta zailagoa eta aldrebestuagoa besterik ez da bilakatu: Iturrinoren Espainia hegoaldeko iruditeriak, Artetaren Arratia edo Uzelairen Bermeoren ikuspegi bukoliko eta idealizatuak...

Erakusketaren ezkaratzeko hitzak haizeak eraman balitu bezala desagertu dira aretoetan, eta proposamena betiko artistak eta betiko artelanak zintzilikatzeko aitzakia huts bihurtu da. Hain zaila al da bestelako irakurketa historiko-kritiko, aberats eta izaera askotarikoagoei lekua ematea? Orain arte idatzi den hori sobera ezaguna dugu, eta behin eta berriz, etengabean errepikatzeko beharrik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.