KRITIKA. Artea

Abstrakzio «ofizialari» danbatekoa

Emakumeak abstrakziogile erakusketa, Guggenheimen. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun

'Emakumeak abstrakziogile'



Non: Bilboko Guggenheim museoan.Noiz arte: otsailaren 27ra arte.

Orain dela aste pare bat Guggenheimen Alice Neel artistaren lanekin egindako erakusketaren harira hitz egin nizuen, eta oraingoan ere ez naiz etxe beretik aterako. Hain zuzen ere, museo berean erakusgai dagoen Emakumeak abstrakziogile ekarri nahi baitizuet hizketagai; bien artean goiz- edo arratsalde-pasa eder eta gozagarria antolatzeko aukera baitago. Ezin atera museotik, bata ikusi ostean bestera ere ostera bat egin gabe. Hori izan zen behinik behin niri gertatutakoa. Eta bestela, atzera beste egunen batean bueltatzeko aitzakia ezin hobea ere izan daiteke erakusketa hau, zalantzarik gabe.

Aurreko urtean ikusi nuen Guggenheimen webgunean erakusketaren oharra; Pompidoutik zetorrela azaltzen zuen bertan, eta erakusketaren harira, gaiari lotuta lan egiten ari ziren egungo ikerlariekin kongresu bat ere antolatu zuten bertan. Itxura ezin hobea zuen kontuak, eta zain nengoen, kongresura joateko aukerarik ez, baina erakusketa bederen ikusteko.

Proposamena luzea da, sakona, anbizio handikoa; izan ere, esparru kronologiko oso handia jasotzen da bertan: hasi XIX. mendearen amaieran eta ia gaur egun arterainokoa. Ez hori bakarrik, teoria feministei men eginez, Mendebaldean egindako ekoizpen artistiko hutsetatik ere haratago joateko asmoa izan du, historiografia tradizionalak jasotzen duen esparru geografikoaren mugak zabalduaz. Halako ariketak egitea, ordea, zaila da oso, hegemoniatik haraindi kokatzen diren izenak eta lanak aztertu eta ikertzea ez baita dagoeneko bibliografia eskerga eta museoetan eskuragarri dauden lanekin aritzea bezain erraza. Dena den, eta lehenengo abangoardien tartean halakorik topatzen ez bada ere, bereziki 60ko hamarkadatik aurrera bestelako esparruetatik ekarritako begiradak ere sumatzen dira; eta ekarpen horiek ordura arteko narrazio eta diskurtsoaren osagarri aberats bilakatzen dira.

Bertan ikusten diren lanen bikaintasunak lehenengo aretoetatik hasita txunditzen du. Artearen Historiako liburuetako kontakizunak zalantzan jarri, abstrakzioaren sorreratik Kandinskiren pintura «jenialak» alboratu, eta haren aurretik jada esparru honetan ekarpenak eginak zituzten —eta ekarpen hori soilik berriki aitortzen ari zaien— hainbat emakumezkoren lan ikusgarriak topatzen dira: XIX. mendeko espiritistak ziren hauek. Klima af Klint, guztietan zalantzarik gabe ezagunena, baina inolaz ere ez bakarra; tartean, Georgiana Houghton Kanaria Handian jaiotako artista eta medium britainiarra ere aipagarria da.

Loie Fullerren beso indartsuek airean jirabiraka mugituaz lore itxura hartzen duten oihalen dantza liluragarriek ematen diote sarrera hurrengo aretoari, eta artearen historia tradizionalak bere baitan jaso izan ez dituen beste lengoaien aurkezpenari ere arreta eskaintzen dio mostrak. Eta Fullerren alboan, Gret Pallukaren mugimendu geometriko, zurrun eta bizien argazkiak ageri dira, ia kontrajarrera moduan funtzionatzen dutenak: dantza egiteko, dantzara hurbiltzeko eta dantza ulertzeko bi modu eta metodo erabat ezberdin eta berritzaile, bakoitza bere garaian. Eta hala ere oraindik harriduraz entzuten nituen inguruko bisitarien komentarioak, Pallukaren mugimendu iraultzaileei arreta ipini beharrean haren mugimenduak modu eskematikoan biltzen dituen Kandinskyren lanaren presentzia goresten: «A, bai, bai, marrazki hauek Kandinskirenak dira, banengoen ba ni...», arretarik ipini gabe ondoko testuak eskaintzen duen informazioari, non argi eta garbi azaltzen den Pallukaren mugimendu berritzaileek Bauhauseko irakasleak —Kandinski tarteko— erabat txunditu zituztela eta, horren ondorioz, bere dantza-mugimenduen ikerketari ekin zietela; haien lanean zuzenean eragin zuen. Ez al da, bada, hori askoz ere informazio interesgarri eta aberasgarriagoa artelanen interpretaziorako, aldizkari batean agertzen diren Kandinskiren trazu batzuen goreste hutsa baino? Lortuko al da abstrakzioaren eta jeinutasunaren inguruan sortutako mitoak behingoz deseraikitzea?

Erakusketak horretan ahalegin berezia egiten du, ez soilik lengoaia abstraktuaren sortze garaiak eta egile «ofizialak» hankaz gora jarriaz, baizik eta baita aurrerago ere, feminismoak gai horren inguruan eginiko ekarpenak argitaratuz eta mito horren jarraikortasunaren zergatietako batzuk azaleratuaz: hala nola apolitikotasunaren gaia. Dena den, bide luzea da oraindik ere egiteke dagoena, eta horretarako erakusketetako programazio politiketan inplikazio jarraitua beharrezkoa da, eta Emakumeak abstrakziogile bezalako kalitatezko erakusketak ezohiko eta bakanak izan beharrean programazioen normalizazioaren barruan kokatzea; mote horretako erakusketetan agertzen diren artelanak ere bestelako gaien inguruan antolatzen diren proiektuetan bidezkoa den modu batean aurkeztea —estetikoki zein diskurtsiboki—.

Bien bitartean, eskura dugun honetaz goza dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.