KRITIKA. Artea

Bermeoko itoginak, gero eta ugariagoak

Txuspo Poyoren <em>Testigos oculares</em> erakusketa, Bilbon.
Txuspo Poyoren Testigos oculares erakusketa, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Garazi Ansa -

2019ko ekainak 11

'Testigos oculares'

Non: Bilboko Vanguardia galerian. Noiz arte: Ekainaren 14ra arte.

Kasualitatea. Hitz polita da. Zorizkoa edo gertagaitza dirudien egoeraren bat suertatzean guztion ahotan ibiltzen den hitza da. Bai, kasualitatea. Zoriaz gain, ustekabekoa ere adierazten duena. A ze kasualitatea, ezta? Gertaera positibo zein negatibo baten aurrean sinesgaiztasuna adierazteko dioguna, azken kasua denean, hitzaren ahoskera luzatzen dugularik. Kasuaaalitatea hori ere. Azken finean, kasualitatea kausalitate zehatz batzuekiko dugun erreakzioaren deskribapena besterik ez da. Ba al da, beraz, benetako kasualitaterik? Existitzen da kasualitate historikoa? Kasualitate metafisikoa? Kasualitate estetikorik gerta daiteke? Eta fikziozko kasualitatea?

Badirudi Txuspo Poyo ikerketa hari batetik tiraka hasi, eta horrelako gertakari pentsaezin mordo batekin topo egin zuela; hamaika kasualitate eta kausalitaterekin. Haritik tiraka hasi, eta elkarrekin gurutzatzen ziren objektu, leku, gertaera eta izen multzo handi batekin parez pare jo zuela, hain zuzen ere. Istorio xumea, sinplea zirudiena konplexutasunez beteriko gertakizunez betez eta, era berean, istorio xumea, sinplea zirudien hori bistaratzeko zenbait ate irekiz.

2012az geroztik lanean dihardu proiektu honetan: Izaro. Un documental/ensayo sobre la isla de Izaro, zeina Vanguardia galerian baitago ikusgai, Testigos Oculares izenpean.

Euskaldunontzat ezaguna da Izaro; azken urteotan, bereziki, tonu ia folkloriko batez, Bermeotik ateratzen den txalupatxo batetik herriko alkateak egiten duen teilaren jaurtiketa eta, horrekin batera, Ā«honaino heltzen dira Bermeoko itoginakĀ» oihua telebistan ere botatzen dituenetik. Beti pentsatu izan dut urteen poderioz adreiluzko irla berri bat osatzen ariko dela itsaso azpian. Eta haien artean bat egongo da berezia, distira egiten duena, Vanguardiako aretoan dagoenaren berdina; Mundakako, Bermeoko eta Elantxobeko itsasontzi zatiz egindako teila, nolabait hiru herrien arteko lotura hori betirako ziurtatuko duena, heriotzak banandu arte, ezkontza-eraztun gisakoa, itsasoak bere baitan betirako eramango duena, bere erraietan.

Bada halako ezohiko oreka bat erakusketan, betirako iraungo duten eta iraganeko fosil eta aztarna diren, izango diren eta, alderantziz, betierekotasun itxura proiektatu arren mundu honetako edozein objekturen galkortasuna azpimarratzen duten piezen artean. Eta balantza horren oreka badirudi, berriz ere, kasualitatearen esku dagoela. Hain zuzen ere, bizitza kasualitatez beterik ez baldin badago, zertaz osaturik dago orduan?

Txuspo Poyoren proiektuak prozesu luzeetako ikerketa metodologietan oinarritutakoak dira, eta, ikerketa luze horien barruan, bidean topatuz doan istorioak eta gurutzatzen diren gertakariak batzen ditu. Eta ondoren erakusketa aretoetan taxutu, bata bestearen ondoan ipiniz, film bateko muntaketaren gisara, ikusleek bertaratu eta begiradaren bitartez haietatik esanahiak ateratzeko. Esanahi, pentsamendu eta lotura guztiz ulergaitzak erakusketa ikusi aurretik, eta, hori dela eta, era berean, liluragarriak bilakatzen direnak. Nork pentsatuko zukeen inoiz Nafarroako hariztiak Madrileko Windsor dorrearen sutearekin lotu zitezkeenik?

Hain zuzen ere, erakusketako maketan ezin hobeto islatzen da Izarok gutxienez bi aurpegi dituela, bi agerleku: eraikina eta irla. Izaro filmen ekoiztetxea izan baitzen, baina baita balea arrantzaleen talaia ere. Hirugarrena ere ba omen du, gertakizun guztiak are eta gehiago korapilatzen dituena; izan ere, Izaro izena ere baden horretan, tartean, Seychelleetan lanean dabilen itsasontzi bat ere bai baita, Bermeon eginikoa.

90eko hamarkadatik artistaren ekoizpenean nabarmena den moduan, Txuspo Poyok zinemako hainbat elementu baliatzen ditu kasu honetan ere, bere ikerketa interesgarriaren hainbat zatikatze plazaratzeko orduan. Bere metodologia partikular hori baliatuta, bigarren mailakoa dirudien gertakari anekdotiko eta —zergatik ez— ia folklorikoa bilakatutakoa aitzakiatzat hartuz, instalazio eta proposamen benetan interesgarria aurkeztu du Vanguardia galerian. Hain zuzen ere, bertako istorioei eta historiari beste begirada, ikuspuntu eta loturen bidez begiratzearen garrantzia eta beharra azpimarratzea lortzen du, betiere zintzotasunez eta egilearen partikulartasunetatik burutzen dela agerian utzita; dotoreziaz eta betiere erakusketa osatzen duten gainontzeko elementuekiko sinbiosian.