KRITIKA. Artea

Argitara

Juan Luis Morazaren zenbait eskultura Artium museoko erakusketan. JUANAN RUIZ / FOKU.
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun

'Juan Luis Moraza. Gordailua 1987-1988'

Non: Artium museoan, Gasteizen.Noiz arte: Abuztuaren 30era arte.

Instituzio batean zuzendari berria ipintzeak aldaketa garaiak datozela ematen du aditzera normalean; hala pasatu zen lehenik Azkuna zentroan; azkena Tabakalera izan dugu, eta, tartean, Artiumen ere aldaketa etorri zen. Hainbat urtetan zuzendari izan ostean Daniel Castellejok postua utzi, eta Beatriz Herraezek hartu zion lekukoa. Derrigorrezko trantsizio garaia pasatu da —aurreko zuzendaritzak jada lotuak zituen aurrera eramateko proiektuak, besteak beste—, eta badirudi 2020. urtea izango dela zuzendaritza berriak proposatutako aldaketak antzematen hasiko garen sasoia.

Lehen zantzua instituzioaren programazioaren aldetik jaso dugu. Lehen aldaketa ikusgarria hau izan da: badirudi museoak azpimarra ipini nahi duela bere izen ofizialean islaturik agertzen den euskalduntasunean—izatez izen osoa Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoa izanik—. Aurreko urtearen amaieran eman zitzaion hasiera horri, Elena Mendizabalen bakarkako erakusketarekin. Hilaren hasieran, Gema Intxaustiren bakarkako beste bat inauguratuko dute —argi utzita aldaketa horren beste gakoetariko bat emakume artisten ikusgaitasuna bultzatzeko apustua dela—, eta urtarrilean, berriz, Juan Luis Morazaren bakarkakoaren irekiera izan genuen. Jarrera inteligentea izan daiteke: aurrez jendeak —artean espezializatu gabeak gehienetan— Guggenheimekin egin izan dituen konparaketak ezabatzeko aukera ematen duelako—haien begietan Artium beti bigarren mailako instituzio gisa ikusi baita—; eta, era berean, euskal testuinguruan azken hamarkadetan egindako ekoizpen artistikoari beste ikuspuntu batetik begiratzeko eta balioa emateko.

Morazaren erakusketa horren adibide garbia izan daiteke. Izan ere, bakarkako hau artistak berak 1998. urtean museoari egindako bere lanen gordailu batean oinarritzen da. 1987an eta 1988an egindako ekoizpenenaren barruko 65 lanetan, hain zuzen ere. Oraindik bere osotasunean inoiz ere erakutsi gabeak zirenak.

Areto nagusian obrak formalki antolaturik agertzen dira, ia serieka multzokaturik baleude bezala. Espazio bat osatzen duten planoen deskonposizio eta berrantolaketek hartzen dute nagusitasun osoa, eskulturek, eta haien etengabeko lan prozesuaren garapena antzematen da. Esperimentazioa. Jolasa. Lana. Bilaketa. Lurretik hormara eta hormatik lurrera. Paperetik altzairura, altzairutik harrira eta harritik metakrilatora. Etengabeko jauziak eginez, formen bila, espazioaren bila. Oteizaren itzala sumatzea ezinbestekoa da, baina baita itzal horretatik askatzeko nahia ere, euskal eskultura berriaren etiketapean bildu zituzten artista gehienen kasuan bezala.

Morazaren lanetara eskaintzen duen hurbilketa ez ezik, garai hartan lantzen ari zen pentsamendu eta teorietara ere irekitzen ditu ateak erakusketak. Berak eginiko zirriborro, bozeto, apunte eta bere liburutegi pertsonaleko bilduma txiki baten bidez sortze prozesuen alderik ezkutuena, abstraktuena eta hermetikoena ere azalaraziz, eta, pintura lanak balira bezala, aretoko beste artelanekiko garrantzi maila berean instalatuz espazioan.

Hala ere, ezin da aipatzeke utzi Morazaren erakusketa honek Elena Mendizabalen erakusketarekin bat egin izana denboran, bi erakusketen artean eskaintzen diren loturak eta harremanak etengabekoak eta oso interesgarriak izanik. Bi eskulturagileak garai bertsukoak dira, eta, Morazaren erakusketako lanen denbora tarte berean Mendizabalek egindako ekoizpen artistikoa ikusiaz, bien arteko antzekotasun eta lotura formal zein kontzeptualak topatzea ezinbestekoa da. Ezberdintasun nagusia erabilitako material motetan dago, eta horrek, Morazak jasotako ikusgaitasuna eta Mendizabalek orain arte izandako ikusgaitasunik eza kontuan hartuta, zer pentsatua ematen du artearen esparruan materialek sortutako hierarkizazioaren inguruan.

Horrela, bada, Mendizabalen erakusketak Artiumeko aldi baterako erakusketen programazioan jarraitu nahi duten ibilbide berriaren lehen zantzuak antzemateko balio izan zigun, eta Morazaren banakako honek, berriz, euskal testuinguruan egindako artearen aldeko apustu hori argi eta garbi uzteko balio izan du, baita instituzioan bertan kontserbatzen diren artelanak—eta orain arte ikusleentzat ezezagunak zirenak— aintzat hartzekoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.