Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Arbasoen omenez

2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Nola alda daitekeen bizitza egun batetik bestera, bat-batean, abisurik gabe... bueno, abisua hor zegoen, baina norbaitek, agian, ez du jakin abisuari erreparatzen. Kontua da goitik behera aldatu zaigula bizitza. Adibidez, ardo kontuekin lotzeagatik edo, gaur ospatu beharko genuke Durangon (Bizkaia) Durango Ardo Saltsan ardo eta delicatessen feriaren XIII. edizioa.

Baina beste hainbat gauzaren moduan ez da egingo. Antolatzaileak beste data baten bila ari dira, baina ez da erraza, inork ez baitaki normaltasuna noiz bueltatuko den.

Beraz, aurrera egin behar, eta azokari egin behar nion tokia Jerezko Lorente y Barba upategiari eskainiko diot, eta aurrera egingo dugu; gauzak berriz ere, hainbat arinen, lehengora itzuliko diren esperantzarekin.

Mauricio Lorentek eta Julio Barbak Jerezko (Espainia) ardoa pasioz bizi dute, haien familiek irekitako bideari jarraitzen diote zintzo, hainbat belaunaldiren lanari jarraituz. Esan daiteke upategiaren sorrerak Lorente familiaren solera ardoetan duela oinarria. Mauricio Lorenteren herenaitona ardo tratularia zen, upategi-biltegi txiki bat zeukana. Haren semeak, XIX. mendean upategi bateko langilezaina izaki, grina eta mimo handiz gorde zuen aitak utzitako biltegia. Ardook Onofre semeari —egungo upategiko jabearen aitona denari— heldu zitzaizkion, botikari eta analisi kliniko eta enologikoetan espezializatua zenari. Onofrek Lukol upategia erosi zuen, eta La Enfermera ardo kinatuarekin eta afrodisiako moduan saltzen zen Yohimbina jerez ardoarekin nolabaiteko ospea lortu zuen.

Upategia zein marka komertzialak saldu zituen arren, solera onenak gorde zituen, familiarekin lotura handiena zutenak, Mauricioren aitaren, —hau ere Onofre— eskuetara pasatu zirenak. Mauricioren aita ere botikaria eta analista zen, eta Las Cabezas kalean, 1970eko hamarkadara arte, biltegi eta denda eduki zuen. Argi dago Mauricioren aitak zein aitonak altxor bikaina mantentzen jakin izan zutela, enologorik ez zegoen garaian, kimika eta analisiaz zekitenaz baliatuz eta familia tradizioari jarraituz.

Aurrekari horiekin guztiekin abiatu zuten 2016an gaur egungo upategia Julio Barbak eta Mauricio Lorentek. Haien helburua ez da ekoizpen handiak egitea, baizik eta tradizioari eustea, hots, mimo handiz egindako eta zaindutako ardo bikainak eta bakanak egiteko tradizioari eustea; hain zuzen ere, altxor eta bitxi horiek sortu eta gorde zituztenak bihotz-bihotzetik omentzea.

Oraingoz, bi ardo baino ez dituzte egiten: Fino Lorente y Barba eta Oloroso Lorente y Barba. Finoa ihinztatua izaten da, ontze biologikoa ahalik eta gehien luzatzeko; eta zahartze horrek ematen dio, alde batetik, aroma intentsitate nabarmena; eta, beste alde batetik, urre kolore nabarmenagoa, eta ez normalean finoek izaten duten zurbiltasuna.

Oloroso ardoari dagokionez, zera nabarmenduko nuke nik: oso egituratua dela, eta ahoan leuna eta oso luzea. Animo denoi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.