Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Luthier lurraldea

2020ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Luthierrek harizko instrumentuak sortzen eta konpontzen dituzte. Egiten eta konpontzen dituzten harizko instrumentuak asko dira: biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua, mota guztietako gitarrak, lautea, mandolina...».

Hau da Wikipediak luthierrei buruz esaten duena, eta pentsa dezakegu Territorio Luthier upategiaren izenak ere luthierren izaera hartzen duela inspirazio gisa: «Egurra eta haria landuz, mendeetan zehar arimak pozteko instrumentuak sortu dituzte».

Ardoak, musikak bezala, pazientzia handiarekin eta tradizioari jarraituz, oroitarazteko misioa bete dezakeela pentsatzen dute upategian.

Territorio Luthier proiektua 2009an abiatu zuten, Cristina Alonsok eta Fernando Ortizek, Aranda de Dueron (Burgos, Espainia). Fernando sommelierra eta enologoa da, eta ardoa banatzeko enpresa bat du. Haren familia, Arandan beste asko bezala, ardoaren munduarekin oso lotuta egon da beti. Fernando da upategiko enologoa eta zuzendari teknikoa. Cristina ere ardoarekin lotuta dago: agentzia bat dauka, ardoaren turismoarekin oso lotuta dagoena. Cristinaren aitonak ardoa eramaten zuen Dueroko erriberako herrietara kamioietan, saltzeko. Cristina, gaur egun, esportazioaz eta enoturismoaz arduratzen da.

Bestalde, Jesus Madrazo dute enologia kontuetan aholkulari lanetan. Iraganean Contino upategiko arima izan zen urte askoan.

Ardo oso interesgarriak egiten badituzte ere, gaur bertako mahatsak berreskuratzeko martxan duten proiektua azpimarratu nahi dut.

Gaztela eta Leongo (Espainia) mahats barietate minoritarioak berreskuratu nahi dituzte: Tinto Jeromo, Gajoarroba, Rabigato-Puesta en cruz, Mandon-Forcada.

Galzorian dauden mahatsak dira, ardo bereziak eta bakanak egiteko berreskuratu nahi dituzte, iraganari so, geroaz ikasteko. Berreskuratze lan hori Gaztela eta Leongo Juntako Nekazaritza Institutu Teknikoa eta 3 Ases upategiarekin batera egiten dute. Mahats horiek mahasti txikietan sakabanaturik daude, eta oso zailak dira identifikatzeko eta kokatzeko. Helburua zera da: Duero erriberan zer egokitzapen maila izan dezaketen aztertu, eta, ostean, kalitatezko sor-markapean babestutako mahats horiekin ardoak egin daitezen bidea zabaldu.

Bitxia da bezeroak proiektu honetan nola hartzen duen parte: Territorio Luthierren ardoak erosiz gero, eroslearen izenarekin mahatsondo bat landatzen da, eta mahatsondo horrek etorkizunean emango duen ardoa eskuratzeko aukera izango du, urtez urte, ekoizpen gastu txiki batzuk ordainduta. Era horretan, galzorian dagoen mahats mota hori berreskuratzea ahalbidetuko luke bezeroak.

Bitxia benetan. Ez didazue esango ez dela erromantikoa, ezta?

Animo!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.