KRITIKA. Artea

Tamainaren garrantzia

Nagore Amenabarrok Donostiako San Telmo museoan jarri duen erakusketako piezetako bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun

'Platina'

Artista: Nagore Amenabarro. Non: Donostiako San Telmo museoa. Noiz arte: Otsailaren 7ra arte.

Batzuk badoaz, eta besteak badatoz. Eta eskerrak berriren bat behintzat badatorren. Gipuzkoako arte plastikoei dagokion sarearen panorama ez da harrotzeko modukoa, eta, Donostian zentratuz gero, begiak triste ere jar diezazkiguke. Besteak beste, galeria gutxi eta artistak erakusgai ipintzeko ere gune gutxi daude; egiaz, gero eta gutxiago. Eta artista gazteei ekoizpenean eta ikusgarritasunean bultzada bat emateko ere orain urte gutxi batzuetara arte martxan egondako programa bat-batean desagertu da, Koldo Mitxelenako erakusketa aretoaren itxierarekin batera. «Kultura garrantzitsua da», «kultura bultzatu behar da»... horrelako loreek maiz betetzen dituzte politikarien ahoak, baina lore horiek ez ditu inork ureztatzen, eta horren ondorio da bertako egungo egoera artistikoa. Tarteka, ordea, kimu berriak eta esperantza printza batzuk sumatzen dira —nahiz eta suspertze indartsu baterako nahikoak ez izan—, eta Gipuzkoa aldean, gehienak behintzat, San Telmoren inguruan ari dira hazten. Azken urte hauetan, bestelako proposamen eta proiektu berritzaile eta garaikideagoei lekua ematen hasi da instituzioa: besteak beste, martxan jarri berri den Artea Abian ekimenari.

Gipuzkoako artista gazteei ikusgarritasuna ematea da azken proposamen horren helburua, museoaren hormen barnean banakako erakusketa eta katalogo baten publikazioaren bidez. Ekimen interesgarria da inondik ere, penaz, 70eko eta 80ko hamarkaden bueltan martxan egon ostean desagertu zena; baina zorionez berriz ere, atzera, berreskuratzeko sena izan dutena.

Lehenengo aukera Nagore Amenabarrori eskaini zaio, Platina erakusketarekin. Bertan, artistaren azkenaldiko ekoizpena biltzen da.

Margogintzatik datorren arren, bere ibilbidean diziplina horren mugak apurtu eta objektuen eta pinturaren artean sor daitekeen orekaren bila ibili izan da etengabean; gehienetan, tamaina ertain eta handiko formatuak margolanei utzi, eta objektuentzat eskala txikiagoak erabiliaz. Hain zuzen, eskalaren jokoarekin jarraitzen du azken erakusketa horretan ere, baina jokoaren arauak hankaz gora ipiniz, ikuslearen sorpresarako. Eskulturak, izaera txikia galdu eta monumental bilakatu dira. Aretoaren protagonismo osoa eurengan erori da. Eta hauen inguruan, eskala txikiagoan, margoak, eta baita beste zenbait eskultura ere.

Erakusketaren erroa bitxigintzaren eta eskulturaren arteko mugen nolakotasunean dago, eta, hain zuzen ere, harreman horri margoek egiten dioten ekarpenaren gainetik, objektu horien harremanean bera da interesgarria. Aretora sartu eta ezkerretara, eskala txikiko objektuak daude bi errenkada luzetan. Batzuk beira-arasa batean sartuta, eta besteak, paraleloan, sabaitik zintzilik. Asko. Agian gehiegi. Objektu bakoitzaren xehetasun, ezaugarri eta preziosismoa anabasean galdu egiten da urrunetik, eta multzokatzearen arrazoi bakarra espazioa betetzea dela dirudi. Baina objektuen banakotasunak du interesa, horrek erakusketak plazaratzen duen jolasa areagotzen baitu: bitxigintza eta eskulturaren artekoa.

Eskala txikian eskulturak bitxi bilakatzen dira; haiek ukitzeko nahia gailentzen da, gainean eramatekoa, gure azalaren kontra ferekatu eta probatzekoa. Objektu liluragarriak dira, ederrak. Bi esparruen arteko mugak lausotu egiten dira erabat. Tamainaz aldatu, eta objektu berari izaera monumentala ematen zaionean, berriz, haren preziosismoa desagertu egiten da, baita izaera intimoa ere. Tamainaren handitasunak izaera publikoa atxikitzen dio, eta, nahiz eta formak bitxigintzarekiko harremanetik eratorritakoak diren, eskultura bilakatzen da, zalantzarik gabe, eskultura huts. Eta esparruen arteko mugak hormigoizko bilakatzen dira, iragazgaitzak eta definigarriak.

Azken finean, arte lengoaiaren mugekin jolasten duen proposamen freskagarria da Amenabarrok erakusketaren bidez eskaintzen duena; artea zer den, zer izan daitekeen eta haren izaera tradizionalari zer ezaugarriri atxikitzen dizkiogun azpimarratzen duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.