KRITIKA. Artea

Kea berriz ere Tabacaleran

Kearen artxibogileak erakusketaren inaugurazioko argazkia. TABAKALERA.
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun

'Kearen artxibogileak'

Non: Tabakalera, Donostia. Noiz arte: Uztailaren 7a.

Noiz eta 2002an itxi omen zen. Txikia izango nintzen artean garai haietan, nire memoriak ez baitu Donostiaren erdialdean fabrikarik egon izanaren oroitzapenik gordeta. Ez dut gogoratzen Urumearen alboetariko batetik kea zerurantz igotzen ikusi izana. Oroitzapenak traidoreak dira, ordea, eta Donostiaren irudi pinpirin eta dotorea maisuki bilatze horretan zenbait politikarik egindako garbiketa lan horren biktima ere izan daitezke nireak. Kurioski, ordea, Koiperen fabrikaz bai, horretaz akordatzen naiz, baina egia da, hura zentrotik baztertuago zegoen. Inguruan galdetzeari ekin diot, helduago direnei, eta nire hipotesia baieztatzea besterik ez dut lortu: 2002ra arte, tabako fabrika egon zenik ez zekiten; lehenago itxi zutelakoan zeuden guztiak. Donostiak, nola hala, beti lortu izan du abileziaz itxura txartu lezakeen hori ezkutatzea, ikusezin bilakatzea. Kea, ordea, bere izaeragatik zirrikitu guztietatik sartzen eta barreiatzen den materia izaki, etengabe hedatzen da hara eta hona, eta zinez zaila da inon ere itxirik eustea. Izan ere, berriz ere aterako da begien bistara zulotxorik txikiena egon orduko. Topatutako azken zirrikituak Kearen artxibogileak erakusketa eta proiektua izan dira.

Kea tabako fabrika zen eraikinaren zati izatera itzuli da berriz ere, eta bertako aretoetako bat osoki inbaditu du. Nahiz eta presentzia hori izatea lortu, ikusgarritasuna kolokan da. Aurrez esan bezala, Donostian beti lortu izan dute kea garden eta ikusgaitz bilakatzea gainontzekoen begietara. Egia da, izan ere, Sotoa izan zitekeela iragana izandako hura agerrarazteko lekurik aproposenetako bat, bertako sabaian fabrikak izandako burdinazko hagak —eraikin osoko bakarrak— mantentzen direlako oraindik ere, eta elementu arkitektoniko horiek iraganaren eta orainaren arteko loturak eta zubi lanak erraz ditzaketelako. Era berean, baina, beheko sarrerako ate mekanizatuen espektakuluak erabat ezkutuan uzten du Sotorako sarrera, eta eraikinera sartzen diren bisitari gehienak ohartu gabe pasatzen dira paretik; hura espresuki bisitatzera joan nahi duenari ere zail egiten zaio maiz, tamalez, lekua bera topatzea.

Sarrerari ikusgarritasuna eman nahian, proiektuaren titulua jasotzen duen kartel handi bat dago esekita. Garai batean eraikinetik kaxatan sartuta atera ziren Ducados paketeen diseinua gogorarazten du. Korridore luzea pasatu eta artxiboan barneratu aurretik, bi landare ontzi handi daude, zeramikazkoak, urdin-urdinak, dotoreak. Ez da kasualitatea. Barruan ikusgai dagoen artxiboaren tipologiarekiko ere pistak eskaintzen dituzte. Antzinako fabrikakoak dira. Baina ez daude bertan ekintza nostalgiko baten ondorio gisara bakarrik —gauza bera esan daiteke artxiboan ikusgai diren beste zenbait materiali buruz ere—, pertsonen arteko harremanak artikulatzen dituzten elementuak baitira: pertsonen oroitzapenak aktibatzen dituzte, eta barruan daramate haien inguruan gertatutako guztiaren memoria.

Tabako fabrika zaharreko eta kultura fabrika berriko langileen eta Sahatsa Jauregi artistaren artean egituratu dute artxiboa, eta zinez interesgarria da. Ez soilik gaur egun erabat ikusgarri bilakatu den eraikinean urteetan kanpokoekiko begiradatik kanpo egondako ekintza eta bizimoduen berri ematen duelako, baizik eta horretarako erabili duten moduagatik. Memoria eta historia eraikitzeko moduen inguruko hausnarketa oso interesgarria dago proiektuaren atzean, baita orain arte historia hori eraikitzeko erabili diren tresnen inguruan ere. Eta hori proiektuaren izenburutik bertatik antzeman daiteke, protagonismoa sistemari —artxiboari— igorri beharrean —historikoki egin izan den bezala— hura taxutu eta egituratu dutenei —alegia, artxibogileei—, subjektuei, emanaz. Pluralean. Tabacalera eta Tabakalera biltzen dituen artxibategi komunitarioa eta bizia den heinean, komunitate sortzailea baita emaitza, azken batean. Lehengo langileak gaur egungo langile eta erabiltzaileekin lotzen ditu, atzoko eta gaurko egunerokoei loturiko informazioa emanez, eta hainbat garaitako esperientziak elkarren artean nahastuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.