KRITIKA. Bideo instalazioa

Noren begirada?

Bi pantaila panoramiko daude bideo instalazioan. BERRIA.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Ikuskizun izengabe hau'

Non: Bilboko Guggenheimen.Noiz arte: Urriaren 20ra arte.

Aretora sartu aurretik paretei dar-dar eginarazten dien soinu bat sumatzen da, soinu hutsa, tentsio une batekin identifika daitekeena. Espazioaren iluntasunean murgilduta, haren paretetan bi pantaila panoramikorekin egiten dugu topo; bata bestearen aurrean daude; tartean ezartzen gara. Proiekzioei aldi berean begirada zuzendu ezinean,ia era koreografikoan burua alde batera eta bestera mugitzera behartuta gaude. Jesper Justen Ikuskizun izengabe hau bideo instalazioa ikustera goaz. Piezaren tituluak William Carlos Williams olerkariaren The Right of Way lana du inspirazio iturri, eta egunerokotasunean oinezkoen artean partekatzen diren begiradetan zentratzen da. Hor dago gakoa, begiradan, norbanakoaren begiradaren parte hartze aktiboan. Ez gara gu bakarrik; aurrez aurre daudenpantailetan agertzen diren pertsonaiek ere elkarri begiratzen diete, aldi berean euren begiradak gure begiradarekin egiten du topo, eta, gertakizunaren partaide ez izanik,voyeur jarrera esleitzen zaigu.

Bideoa hasterakoan, pantaila parekatuek, era bateratuan, eguzkiaren argiaz blaitutako zuhaitzak aurkezten dizkigute. Buttes Chaumont parkean gaude. XIX. mendeko hirigintza plangintzaren eredua da, eta Parisko periferian dago. Hasiera batean, naturaren eszenek bideratzen duten askatasun pertzepziotik aldendu, eta modernitatean garatutako espazio eredu ezberdinen erregulazioarekin egiten dugu topo; kasu honetan, era artifizialean sortutako aisialdirako espazio batekin. Alegiazko paisaia erromantiko baten pean, norbanakoaren denbora librea kontrolatzeko helburuarekin sortua da.

Natura basatiz mozorrotutako espazio kontrolatu horretan barrena, pertsonaia nagusia agertzen zaigu: Marie-France Garcia aktore transgeneroa. Interesgarria da haren aurkezpenari erreparatzea. Izan ere, modernitatearen eredu den espazio batean gurpil aulki batean dabilen emakume transgeneroa agertzeak garai hartan garatutako sexu-genero sistemaren urratzea dakar. Alabaina, Jesper Justek bideratutako anbiguotasunarekin bat eginez, zein da gurpildun aulki batean dabilen emakume ezindu batek takoiak eramatearen arrazoia? Zein da horren funtzioa? Feminitatearen sustatzea ekartzen dit gogora, gorputz femeninoei esleitutako estereotipo baten modura.

Sekuentziak aurrera egiten du, Parisekiko izan dezakegun irudi estereotipatua guztiz urratzen duen klase umileko auzoa aurkeztuz. Eta, horrekin batera, gailu panoramikoetako batean, gizon gazte bat. Gizona irmo agertzen da, begiak ia kliskatu ezinik; kontrajarria dagoen pantailan bizkarra ematen digun pertsonaia femeninoari zuzen begira. Nahiz eta hitzik ez egon, aurrez aurre dauden bi pantailetan agertzen zaizkigun figuren espresioak tentsio unearen iragarle dira, pertsonaia maskulinoaren begiradaren jazarpenak bideratuta.

Burua gizon gaztea agertzen den pantailara zuzentzean, hura neuri begira dagoen irudipena ematen dit, pertsonaia femeninoaren amorruarekin bat eginez. Begiraden joko horretan, Marie-France harrapakina izatea ez da ustekabekoa. Gizarte patriarkal batean oinarritutako egunerokotasunean emakumeek jasan dezaketen begirada lizuna pairatzen baitu. Eta, gainera, gorputz ez-normatibo batez dihardugula kontuan izanik, begiradaren jazarpena areagotzen da; gizarteak horrekiko dituen aurreiritzi guztiez blaituta.

Ondoren, etxebizitzara iristen gara; leku horrek pertsonaia printzipalak kalean pairatutako ezinegona baretuko ote duen galdetzen diot neure buruari. Hala ematen du: Marie-France atea itxi bezain pronto gurpildun aulkitik altxatzen da; beraz, zein da horren funtzioa? Emakumeak etxeko leihotik behatzen du, eta dena azkartzen da. Kalean agertu den gizonaren begiak hor daude, aurreko eraikineko leihoan ainguratuta. Bat-batean, pertsonaia femeninoa etxeko lurrera amiltzen da, plazeraren eta estutasunaren artean kulunkatzen den krisi batek jota. Ez dakigu zer gertatzen zaion, baina bai zein den eragilea: begirada.

Noren begirada? Izan ere, pertsonaia maskulinoak ez ezik, aretoaren iluntasunean murgildurik gaudenok ere zuzen so egiten diogu lurrean uzkurtzen den gorputzari. Beraz, begirada jazarpenaren partaide aktibo bihurtzen gara emakume transgeneroa behatzen dugun heinean. Nahiz eta Justen filmak zinema tradizionalarekin antzekotasunak izan, bertan antzematen den estetika kanonikoaz baliatuz, normatibitasun sozialetik aldentzen diren hainbat ezaugarri aurkeztu dizkigu. Honela, bada, aurretik planteatutako erantzuna ez da absolutua; Jesper Justek baliabidetzat erabili ohi duen anbiguotasuna dugu aldarri, gure pertzepzioetatik abiatuz, berezko hausnarketa gara dezagun. Gu geu narrazioaren ehule izanik, eta ikuskizun izengabe honen partaide aktibo bilakatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.