Ez dute «irregulartasunik» ikusi

EAJk, PSEk eta PPk ez dituzte onartu UPDk eta EH Bilduk 'Kutxabank auziaz' egindako akusazioak

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkidea, saio batean. DAVID AGUILAR / EFE.
Erredakzioa
Gasteiz
2015eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
UPDk proposatutakoa zen atzo Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu zen mozioa. Kutxabank auzian egondako «irregulartasunak» salatzea zuen helburu, eta gainontzeko alderdi politikoei egozten zien urteotan «ate birakariak» erabili izana. Akusazio horiekin bat egin zuen bakarra EH Bildu izan zen. EAJk, PSEk eta PPk ukatu egin zituzten guztiak, eta azken bi horiek egokiera baliatu zuten EH Bilduren kontra gogor egin, eta koalizio horretako eledun Iker Casanovaren jarduna eta iragana modu gogor eta gordinean deitoratzeko. «Ate birakariei buruz ari garenean, zure kasuan kartzelara bueltatzea litzateke, handik zatoz eta», esan zion Anton Danborenea PPkoak. «Zuk nolatan hitz egin dezakezu zintzotasunaz eta ate birakariez. Asko duzu isiltzeko. Zure iragana lotsagarria da politikarentzat, eta denontzat», esan zion Txarli Prieto PSEkoak.

Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuko EAEko ordezkari ohiak eta Rafael Alkorta abokatuak apirilaren 9an deklaratuko dute epailearen aurrean, inputatu gisa. Kutxabank-ek Cabiecesi lotutako abokatu bufete bati egindako 243.592 euroko ordainketa baten harira deitu ditu deklaratzera. Fernandezek berak azaldu du 2012an PPko agintari batek eskatu ziola Cabiecesi «irteera profesional bat» topatzeko, eta ETAren kontrako borrokan aritutako jende gehiagorekin ere horrela jokatu izan dela iradoki zuen. Horregatik egin zela ordainketa hori.

Gorka Maneiro UPDkoak euskal politikagintza «sakonean garbitu» beharra defendatu zuen horregatik, «argitu» egin behar dela gertatukoa, eta horrek «agerian» uzten duela alderdi politikoek urteotan karguak elkarren artean banatzeko izan duten joera. «Politika egiteko modu zaharra» aldatu beharra aldarrikatu zuen Maneirok.

Iker Casanova EH Bildukoak hasieratik iragarri zuen abstenitu egingo zirela UPDk proposatutako testuaren bozketan, «neurrigabea» ikusten zutelako. Alegia, «gutxiegi» eskatzen zela testu horretan, nahiz eta Maneiro entzun ostean «urrutirago» joateko gogoa sumatu zion. Casanovak gogorarazi zuen heldu den astean eztabaidatuko dela koalizioak Kutxabank auziaren inguruan ikerketa batzorde bat sortzeko egindako proposamena. Eta haien asmoa ez dela banketxearen «kontra» inolako «kanpainarik» egitea, «euskal kutxen izpiritua defendatzea baizik». Casanovak nabarmendu zuen egunero ikusten direla komunikabideetan «ate birakarien» adibideak, alegia, konpainia handietan lan egitera pasatzen diren politikarien kasuak —Iberdrolaren adibidea jarri zuen—.

Josune Gorospe EAJkoak argitu zuen Mario Fernandezek egindakoaz ez zekiela ezer, «denbora pasatu denean» jakin duela eta irakurketa politiko «erabat interesatuak» egin direla. «EAJk ez du afera honetan parte hartzerik izan; ez sorreran, ez orain».

Txarli Prieto PSEkoari «baldarrak, injustuak eta probokatzaileak» iruditu zitzaizkion Maneirorenak, eta Casanovari zera esan zion: «Ate birakari bat da terrorismorenagatik sartu eta demokraziarengatik irtetea, edo iraultza zergarengatik sartu eta soldata publikoarengatik irtetea».

Anton Danborenea PPkoa gogor aritu zen Casanovaren kontra. Antonio Basagoitiri buruz esandakoak ez zizkion onartu Bildukoari: «Hura bere postura bueltatu da zuek atentatuetan kale egin zenutelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.