2019ko Europako hauteskundeak

Existentzialismoaren krisiak

'Brexit'-aren osteko lehen bozak egingo dituzte Europan urtebete barru. Erresuma Batuaren absentziaz gain, Macron eta euroeszeptikoak izango dira protagonista.

ander perez zala
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Zer egin, zer lortu, nola lortu eta zeren bidez: egun ba al da astirik horrelako galdera sinple bezain konplexuak erantzuteko? «Behin proba existentzialista bat egin nion neure buruari; erantzun guztiak hutsik utzi nituen, eta 10ekoa lortu nuen». Europako Batasunaren (EB) ahalegina eta ezina, Woody Allen zinemagilearen aspaldiko esan batean laburbilduta. Erantzunak hutsik uzteagatik iritsi da zauria: hobea omen da prebentzioa artatzea baino, baina artatzean iristen da gertatuaren inguruko kontzientziazioa, ohitura delako dena azkenerako uztea. Eta EB ez zen joera horretatik aterako.

Atzerako kontua hasia dute Bruselan. Urtebete falta da Europako Parlamentuko hauteskundeetarako, EBren garai berriari abiapuntua emateko: lehenengoz, kide batek irteerako atea zabaldu du, eta boz horien aurretik itxiko du. Badaezpada, 27 estatu kideek ez dute giltzaz itxi. Batek igaroko du ate hori, eta nahikoa da; horregatik, europar proiektuan sakontzeko aukera paregabetzat ditu EBk datozen bozak. Asko falta da, baina, aldi berean, gutxi: 365 egun, 450 milioi herritar konbentzitzeko eta abstentzioa beti bezain handia ez izateko. Baina, aurretik, bere burua konbentzitu behar du Bruselak, krisi existentzialista batetik ateratzea zailagoa baita han sartzea baino. «Arazoa ez dira indar euroeszeptikoak, horien alde bozkatzeko arrazoiak baizik», ohartarazi du Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak.

EBk hauteskunde erabakigarriak ditu berriz ere, bigarrenak bost urteko epe eskasean. Oraingoan, hiru protagonista nabarmenduko dira: brexit-a, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta indar euroeszeptikoak.

BUKATU DA TEA BRUSELAN

Europako klub politiko eta ekonomiko ezagunenak bere kide garrantzitsuetako bat galduko du 2019ko martxoan: Erresuma Batua. EBren krisi existentzialaren ondorio izan da erabakia, baita erronka soziopolitiko eta ekonomikoei aurre egiteko gaitasunik ezaren ondorio ere —eskuina dago boterean erakundeetan—. Bederatzi hilabete geratzen zaizkio Erresuma Batuari, baina oraindik ez du argi zein egoeratan aterako den, ezta zein etorkizun izango duen ere talde komunitariotik at.

Alde horretatik, datorren hilabetea erabakigarria izango daLondresentzat eta Bruselarentzat. EB, bada, Erresuma Batua baino hamaika pauso aurrerago izan da negoziazioetan, eta bere burua are gehiago prestatu du datorren testuingururako. Europako Parlamentuaren osaera berria, esaterako, bideratua dute: Erresuma Batuak 73 ordezkari ditu egun, baina horiek guztiak ez dira banatuko gainontzeko herrialdeen artean; 751tik 705era murriztuko dute eurodiputatu kopurua, eta Espainiak eta Frantziak irabaziko dute gehien, bost bakoitzak.

Brexit-ak Europaren integrazioa azkartuko duen, zalantza hori dago mahai gainean egun. Balkanetako sei herrialde bide hori hartzear daude, baina EBn denak ez dira aukera horren aldekoak. Macron da jarrera horren adibide nagusia: uste du hobe dela lehenik EB bera erreformatzea, eta ondoren azkartzea integrazioa. Bi abiaduren EB ere badago ideia horren atzean, hau da, zeharka onartzea bloke gisa ez dutela lortu esperotako emaitza, denek batera aurrera egiteko zailtasun nabarmenak izan dituztelako.

Eztabaida horiek guztiak izango dituzte 27 estatuetako lehen ministro eta presidenteek datozen hilabeteetan, euren brexit-erako negoziazioburu Michel Barnier elkarrizketen txanpan sartzen izanen den aldi berean.

MACRONEN KONKISTA

Presidenteen presidentearentzat, datorren urtekoak Europako lehen hauteskundeak izango dira, hain justu Frantziako presidente gisa agintaldiaren erdia betetzen duenean. Etxeko arazoen aurrean, Macronek ospe handia du kontinenteko agintarien artean, haren garaipena haize oso freskoa izan baitzen EB garairik zailenean zegoenean. Kargua hartu eta gutxira, Alemaniaren eta Frantziaren arteko lankidetza aldarrikatu zuen, baina Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin duen sintonia ez da esperotakoa izan.

Macronen arriskua, ordea, argia da: Europako hauteskundeak Frantziako presidentearen aldeko edo aurkako bozak izango direla. Eta, gainera, haren alderdiak, LREM Errepublika Martxan-ek, eurodiputatugai erakargarriak aurkeztu beharko ditu, Macronen figura autoritarioaren inguruan sortu, eraiki eta garatu baita LREM. Frantziak 79 ordezkari bidaliko ditu Estrasburgora, eta LREMen helburua 20-25 lortzea izango da. Horrek emango lioke Macroni zilegitasun handiagoa haren ustez EBk behar dituen erreformak proposatzerakoan eta bultzatzerakoan.

Baina jokaldi horrek beste arrisku bat du: Frantziako 2017koetan bezala, datozen urteko bozak EBren aldeko edo kontrako kanpainara mugatu daitezke, eta hori ez da Bruselaren mesederako. Izan ere, Marine Le Pen Fronte Nazionaleko presidenteak alderdia berpiztu nahi du iazko porrotaren ostean, eta 2019ko hauteskundeak dira horretarako lehen geltokia. Frantzian, beraz, Europako bozak iazkoen dinamika berean has eta garatu daitezke.

Testuinguru horri begira,LREMk abiatua du 2016. eta 2017. urteen artean erabilitako estrategia bera: «atez ate» Frantzia igarotzea, herritarrak konbentzitzeko eta Macronen garaipena ziurtatzeko. Oraingoan, Europaren Aldeko Martxa Handia da.

Ez hori bakarrik: urtebeteko epean zehaztu beharko du zein talde parlamentariotan sartuko dituen bere eurodiputatuak. ALDE Liberalen eta Demokraten Europarako Aliantza litzateke aukera logikoena, Macronek Europan dituen aliatuak kontuan harturik, baina etxeko bozak alderdi tradizionalen logikatik kanpo aurkeztu eta irabazi zituen. Beraz, Frantziako presidenteak ez luke sartu beharko talde parlamentario tradizional batean; kasu horretan, talde berri bat sortzen ausartuko ote den, horixe izango da gakoa, eta, hori egiteko, aliatuak beharko ditu kontinentean. Espainiako Ciudadanos, esaterako, horietako bat izan liteke.

AMODIOA ETA GORROTOA

Frantziako 2017ko bozetan,Le Penek adierazpen esanguratsu bat erabili zuen: «Europako Batasuna hil egingo da, herriak ez baitu maite». Errealitate baten erakuslea zen: EBrentzat urte gogorrak izaten ari dira azken biak, euroeszpetikoen indarra nabarmen handitu baita kontinentean.

2005ean EBko 28 kideen hamahiru parlamentu nazionaletan zegoen jarrera politiko hori; hamahiru urteren ostean, 25 ganberatan du ordezkaritza. Batzuek guztiz egiten dute Bruselaren eta haren erakundeen aurka, eta handik ateratzeko nahia bultzatzen dute; beste batzuk, berriz, EBn jarraitzearen aldekoak dira, baina ez egungo EBn, beste batean baizik. 2008ko krisi ekonomikoaren ondorio da indar horien gorakada, aldi berean garatu baitira bi horiek.

2014ko bozetan, bost bototik bat alderdi euroeszeptiko batentzat izan zen, eta eskuin muturrak nabarmen egin zuen gora, baina Europako aginteak ez zuen bere burua arriskuan ikusi. Duela bost urteko datu horiek muga bilakatzea da EBren helburua: Bruselaren zorionerako, aste honetan argitaratu den Eurobarometroak dio 450 milioi herritarren %67k begi onez ikusten dutela EBko kide izatea —1983az geroztiko babesik handiena—. Kezka, ordea, alderdi tradizionaletan sortu da: herritarren %56k konfiantza handia dute indar berrietan, izan euroeszeptiko izan europazale, eta bipartidismoaren logika hausteko beharra ikusten du. «Bozen ostean, posible da ganberan indar euroeszeptiko gehiago egotea. Hori ez da ona Europarentzat»; Tajaniren ohartarazpena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.