Geroa zedarritu nahi dute bost lan ildorekin

2025era bitarteko jardunbideen plana aurkeztu du Gipuzkoako Diputazioak: Etorkizuna Eraikiz

Markel Olano, atzo, estrategiari buruzko argibideak ematen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Pasai San Pedro
2017ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Berariaz hautatu zuten, atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek —foru gobernuan EAJ eta PSE-EE daude— Albaola Itsas Faktoria, Pasai San Pedron, 2018-2025 aldirako Etorkizuna Eraikiz plangintzaren barruan zedarritu dituzten egitasmoak onartu eta aurkezteko. Gobernu kontseilua hantxe egin zuten. Iraganeko Gipuzkoa irudikatzeko toki bikaina da faktoria; itsas teknologian aitzindari zen gizarte bat dakar gogora, zurezko itsasontzien eraikuntzan erreferentea, eta mundura irekia. Iraganak utzitako lezio horiek eredu nahi dituzte egungo foru agintariek. Eta, ekitaldiari hotsandikotasuna emateko, hantxe izan ziren atzoko aurkezpenean foru gobernuko kide guztiak. Hitza, hala ere, ahaldun nagusi Markel Olanok eta Kultura diputatu Denis Itxasok hartu zuten. Plangintzaren barruan bost proiektu estrategiko daudela esan zuten, zazpi egitasmo esperimental, eta ideien laborategi bat. Horiek denak bideratzeko, 65 milioi euro erabiliko dituzte.

Gipuzkoak etorkizunera begira jarri behar duela esan zuen Olanok. Legealdiaren lehen zatian bideratzeko zeuden hainbat konturen gaineko erabakiak hartu direla nabarmendu zuen —adibidez, legealdiotan izan den gairik polemiko eta eztabaidatuenean, hondakinen kudeaketan, errauste planta bat egiteko obrak martxan jarri dituzte—, eta orain alor berriak goldatzeko garaia dela.

Bost proiektu estrategikoekinetorkizuneko erronkei erantzun nahi diete. Proiektu esperimentalen helburuak, horra: ikus-entzunekoetan euskararen tokia sustatzea —Donostian, Tabakaleran—, gastronomia berrikuntzarekin eta teknologiarekin uztartzea, turismo adimentsurako teknologiak garatzea, garapenerako lankidetzarako esparru estrategiko bat itxuratzea, kultura mezenasgorako foru araudi bat garatzea, mendeko pertsonei zuzendutako etxez etxeko arreta osoa ematen hastea —hiru herritan hasiko dira probatzen—, eta gizarte babesik gabe dauden adingabeentzat eredu pilotu berri bat hezurmamitzea. Oro biribiltzeko, ideien laborategi bat lantzera doaz : «Gobernantza eredu berri batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.