Erabakitzekoeskubidea. Giza katea

Iritsi da eskutik heltzeko eguna

Urtebeteko bidearen ondoren, Durango eta Iruñea batuko ditu gaur erabaki eskubidearen aldeko giza kateak.Arratsaldean, ekitaldiak izango dira Iruñean eta beste lau herritan

Joan den urteko ekainaren 8an iragarri zuen Gure Esku Dago-k gaurko giza katea. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Sinetsita irten ziren plazara, baina gutxik usteko zuen gaur urtebete halako indarrik hartuko zuenik Gure Esku Dago dinamikak. Haiek ere ez, segur aski. Abiadura handiko hilabeteak izan dira, eta, azkenean, iritsi da eguna: eskuz esku, Durangotik Iruñerako tartea lotuko dute herritarrek, giza katean. Lotu baino gehiago, batu, elkartu. Horixe izan baita hasieratik erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu berriak aldarrikatu eta, neurri handi batean, egin duena. Gaurkoa inflexio puntua izango dela esan dute, eta hemendik aurrera zer hasiko den, galdera hori dago askoren buruan. Gaurkoa, ordea, eskutik heltzeko eguna izango da, eskutik joatekoa.

123 kilometro betetzeko erronka zegoen jarria, 50.000 lagunekin. Aisa gaindituko da; herenegungoa da antolatzaileek emandako azken datua: 100.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena. Durangotik hasita, Iruñeraino luzatuko da katea. Horietan eta beste hamaika herritan egindako lanaren emaitza izango da gaurkoa: 150etik gora dira lanean ibilitako herri batzordeak. Urtebetean, ehunka ekitaldi antolatu dituzte bidea egiteko. Eta gaur ere, ehunka lagun arituko dira lanean, guztia ondo irteteko: 2.500 boluntario inguru.

12:00etatik 12:30erakoa izango da puntu gorena, baina goizean goiz hasiko da osatzen katea. 1.000 autobus inguru antolatu dira, eta beste hainbat modutan ere joango dira herritarrak dagokien kilometrora. Goizeko 10:00etarako bertan egoteko gomendioa egin zuten antolatzaileek, dena behar bezala antolatzeko. Dena prest izan nahi dute 11:30erako, baina tarte hori ere «animatua» izateko modua egingo dutela ziurtatu zuten. Adarraren soinuak adieraziko du hasiera eta amaiera. Dena ez da, ordea, giza katearekin bukatuko: ekitaldiak egingo dituzte 14:00etan Etxarri Aranatzen, Iruñean, Bergaran, Lazkaon eta Durangon, eta arratsaldeko egitaraua ere prest dute.

Nazioartera ere iritsi da Gure Esku Dago dinamikaren oihartzuna, euskal diasporaren bidez. Atzo, esaterako, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikarekin bat egin zuten Londresen, festa baten bidez. Hango Euskal Etxeak antolatuta, musika, txalaparta, bertso saioa eta beste izan zituzten arratsaldean Oxford House ingurura bildutako lagunek. Mexiko, Buenos Aires, Boise, La Plata, San Frantzisko, Sydney eta New Yorken ere iragarriak zituzten ekitaldiak atzoko eta gaurko.

Urtebeteko bidea

Gaur da urtebete Gure Esku Dago dinamikari hasiera ofiziala eman zitzaiola. Irungo Ficoban egin zuten gaurkoaren aurkezpen ekitaldia. «Demokratak batzea» jarri zuten helburu, herritarrak jarri zituzten erdigunean, «goitik etorriko denaren zain» egon gabe. Hiru hitz, eta hiru puntu. Gure Esku Dago: «Euskal Herria nazio bat da; Euskal Herriak bere etorkizuna aldarrikatzeko eskubidea du; euskal herritarroi dagokigu erabaki hori». Han aurkeztu zuten urte osoan ahoz aho ibili den kantua, han jarri zuten Durango eta Iruñea batzeko erronka.

Mezua zabaltzen, herriz herriko batzordeak sortzen eta horiek guztiak saretzen aritu dira geroztik. Pixkanaka, indarra eta abiadura hartzen joan da dinamika: hamaika hitzaldi, ekitaldi, mahai, jaialdi, giza kate eta beste etorri dira atzetik, batez ere, azken hilabeteetan. Martxoan izan zen ekitaldi nagusietako bat, Bilboko Casillan egindakoa. Ibilbide horrekin, eta gaurko irudiak eta hainbat pertsona ezagunen iritziak bilduta, dokumental bat egiteko asmoa dutela iragarri dute Gure Esku Dago-ko kideek, eta promozio bideoa zabaltzen ere hasi dira sarean. Udazkenean, berriz, mobilizazio bat egiteko asmoa ere badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.