Sandinistak, oposiziorik gabe

Nikaraguako Hauteskunde Batzordeak oposizioko 28 diputatu kargutik kendu dituela-eta «botere legegileari estatu kolpea ematea» leporatu diote Ortega presidenteari. Azaroaren 6an dituzte bozak

Gazte bat hauteskundeen gardentasuna eskatzeko protesta batean, Managuan, joan den astean. JORGE TORRES / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Nikaraguako Presidentetzarako eta Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako hiru hilabeteren faltan, Daniel Ortega presidenteak herritarren sostengu zabala dauka, eta inor gutxik jartzen du zalantzan haren garaipena. Eremu politikoan, ordea, haren jarduna zalantzan jartzen dute oposizioko ordezkariek, baita ofizialismoarekin kritiko diren sandinistek ere. Gaur-gaurkoz, oposizio ahula du Ortegak, baina gehiago ahultzea leporatu diote, boterea bere baitara moldatzea, are gehiago, legebiltzarreko zuzendaritza batzordeak —sandinisten esku—, 28 diputatu kargugabetu ostean, joan den ostiralean. CSE Hauteskundeen Kontseilu Nagusiak hartutako erabakia bete du legebiltzarreko zuzendaritza batzordeak.

Diputatuotatik 24 PLI liberal independenteen alderdi eskuindarreko ordezkariak ziren maiatzera arte. Duela sei urtetik auzibidean egon da alderdiaren gidaritza, Auzitegi Nagusiak Eduardo Montealegreri alderdiaren ordezkaritza kendu zion arte, maiatzean, Pedro Reyesi emanez ordezkaritza legala. Ostiralean kargutik kendutakoen artean dago Montealegre bera.

Maiatzean auzitegiak erabakia hartu ostean, diputatuok kargugabetzeko eskatu zuen Reyesek, bere zuzendaritzari uko egin ziotelako, PLI alderdia utzi eta independente gisara jardutea erabaki baitzuten. Oposizioak Reyes «ofizialisten kolaboratzaile» dela salatu du aspaldian, «Ortegaren alde jarduteko jarri» dutela. Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondoren, Montealegrek ordezkatzen duen oposizioak hauteskundeetara ez joateko erabakia hartu zuen. Montealegre gidari zela, legebiltzarreko 91 diputatuetatik 24 eskuratu zituen PLIk 2011n, eta Ortegaren alderdiaren atzetik bigarren indarra bilakatu.

Legebiltzarreko zuzendaritzak eta hauteskunde batzordeak Konstituzioaren 131. artikulua erabiliz eman dituzte kargugabetzearen aldeko argudioak: artikulu horretan Konstituzio Politikoak dio diputatuok aukeratu zituzten alderdiari dagozkiola eserlekuak, eta ordezkariei eta beraz, Reyesen aldekoek bete behar dituztela, ez independenteek.

Oposizioaren salaketak

«Oposizioko ordezkarien kargugabetze masiboa aurrekaririk ez duen gertaera da Nikaraguaren historian, eta, horren bidez, Daniel Ortegaren erregimena estatu kolpe bat ematen ari zaio botere legegileari», salatu dute diputatu kargugabetuek. «Oposizioari politika egiteko geratzen zitzaion espazio bakarra itxi diote».

Disidente sandinistek ere —lau diputatu kargugabetu dituzte—, alderdi bakarraren proiektua salatu dute: «Alderdi bakarraren proiektu horrek politika ortegistarekin bat egiten ez duten nikaraguar guztiak mehatxatzen ditu».

Pedro Reyes PLIko ordezkari legal berriak, berriz, eman du presidentegai izateko izena, Hauteskundeen Batzorde Nagusian, kargugabetzeko erabakia jakin bezain laster. Horrez gain, izena ere eman du Maximo Rodriguez Alderdi Liberal Konstituzionalistako buru eta contra-ko gerrillari ohiak. Daniel Ortegak etzi arte du FSLN Nazio Askapenerako Fronte Nazionalista nagusi den Nikaraguak Irabazten du aliantzaren izenean izena emateko epea, hauteskundeen egutegiaren arabera. Alderdi Kontserbadoreko Erick Antonio Cabezasek ere izena emateko asmoa azaldu du.

Egungo Ortegaren sandinismoa urrun dago 1979ko iraultzan lehertu zenekotik; denborari egokitutako garapena ez ezik, aldaketa ere leporatzen diote, sandinismoaren ordez, ortegismoa defendatzea: FSLN alderdiak ez ditu soilik oposizioko eskuinaren kritikak jaso, baita jatorrian alderdiarekin bat zeuden eta orain MRS Mugimendu Sandinista Berritzailea osatu dutenenak ere. Elizaren esanetara moldatutako diskurtsoa, jarrera populista eta sozialismoaren zentzua galdu izana leporatzen diote bere aldera garai batean egon zirenek, eta denek bat egiten dute esaterakoan Ortega autoritarioa dela, ekonomian negozio pribatuen alde egiten duela eta alor sozialean populista dela. Abortua praktikatzeko debekuak ere gatazka ugari sortu ditu herrialdean.

Ortegak «pragmatiko eta neurridun» gisara definitzen du bere burua, eta adituek uste dute bere arrakasta presidenteak berak definitutako eredu «sozialista, kristau eta solidarioan» oinarritzen dela, 1980ko hamarkadan izandako gazte gerrillari eta marxistatik urrun. 1979an Anastasio Somozaren diktadurari aurre egin zioten sandinisten bederatzi komandanteetako bat izan zen Ortega, eta geroztik FSLNko buru dudagabea da.

Baina oposizioaren sakabanaketari eta Ortegak garatu dituen politika sozialei esker herritarren babes zabala izaten jarraitzen du. Inkesta baikorrenen arabera —Telesur-ek eman ditu datuak—, herritarren%82,2ren babesa dauka, eta babes gutxien ematen diotenentzat —Borge eta Asoziatuak etxea—, %44rena. Edozein kasutan, bera litzateke garaile, ezbairik gabe.

Fronte Sandinistaren izenean 1984, 1990, 1996, 2001, 2006 eta 2011n izan da presidentegai Ortega, eta presidente 1985etik 1990era, 2007tik 2011ra, eta 2011tik gaur egun arte. 2014an Konstituzioa erreformatzeko erabakia hartu zuen Legebiltzarrak, eta aldaketa horren arabera, berraukeratu eta nahi beste aldiz aurkez daiteke presidente izateko. Azaroan irabazten badu, 2021 arte egongo da presidentetzan. Presidenteaz gainera, presidenteordea, 90 diputatu eta 20 legelari aukeratuko dituzte nikaraguarrek. 2011n, herritarren % 62,45en babesa jaso zuen Ortegak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.