«Borrokan jarraitzeko prest»

Milaka herritarrek bete dituzte Hegoaldeko hiriburuak, pentsio duinen eske. «Batuta eta helburuak lortu arte borrokatzeko asmoz» daude. Aldarri nagusiak, KPIa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Bideoa albistearen amaieran. 

Bilboko manifestazioa izan zen, atzo ere, jendetsuena. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jon Fernandez.
Donostia
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Denbora sobran daukat, eta arrazoia ere bai». Irribarrea berezko keinua du Marisol Sanz errenteriarrak bi eskuekin pankarta handi bati eusten dion bitartean. Afixak letra larriz eskatzen ditu pentsio duinak eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. Hilean 637 eurorekin bizi dela kontatu du Sanzek, pankarta askatu gabe. «23 urte daramatzat alarguntza pentsioa kobratzen, eta, gizona bizi ala ez, argia eta berogailua berdin-berdin piztu eta pagatu behar ditut». Eguzkitako betaurrekoak daramatza soinean, noiz eta lehen euri tantekin manifestari gehienek aterkiak zabaldu dituztenean Donostiako Cervantes plazan. Sanzek, betaurrekoekin batera, baikortasuna eta pertseberantziaren indarra daramatza soinean. Ziur dago lortuko dituztela helburuak, eta borrokan jarraituko duela lortu arte. «Denbora eta arrazoia sobran dauzkagu», dio berriro. Manifestazio jendetsua Askatasunaren hiribidean aurrera hasi eta gutxira atertu du, eta, eguzki galdatan, kolpean itxi dituzte milaka aterki, eta askok eta askok eguzkitakoak jantzi, Sanzek bezala.

Indar erakustaldia, beste behin ere. Pentsiodun haserretuen mugimenduak ez du giharrik galdu. «Oker dabiltza gure mugimendua geldiarazi nahi zutenak», ohartarazi dute, zapatuarekin, Bilboko udaletxe aurrean. Milaka pentsiodunek bete dituzte Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kale eta plazak, baita Hego Euskal Herriko beste herri nagusi batzuetakoak ere. 70.000 pertsonatik gora atera dira kalera, tokian tokiko datuen arabera: 1.500 inguru Iruñean, 4.000 Gasteizen, 30.000 Donostian eta 33.000tik gora Bilbon.

Etxetik plazara ateratzea erabaki dute berriz, eta ez ditu kikildu eguraldi txarraren mehatxuak. Era berean, ez ditu gogobete EAJren eta PPren arteko pentsioen inguruko akordioak: pentsioek KPIaren araberako igoera izango dute aurten eta datorren urtean, baina 2020tik aurrera berriz ere %0,25eko igoerara itzultzeko «arrisku bizia» ikusten dute.

«Hemen gaude», nabarmendu dute Bizkaiko pentsiodunek. «Hemen gaude, batuta eta prest borrokan segitzeko, gure eskariek benetako erantzuna izan arte».

Urte hasieratik astero-astero plazetan behin eta berriz oihukatutako eskakizunak errepikatu dituzte: pentsioen eguneratzea KPIaren araberakoa izatea aurrerantzean, «erosahalmena bermatzeko»; 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, Europako Gutun Sozialaren irizpideei jarraituz; jasangarritasun faktorea eta pentsioen erreformak ezabatzea, horien ondorioz hamabost urte barruko pentsioak %30 apalagoak izan daitezkeelako, eta 2013tik dagoeneko %6ko galera izan dutelako erosteko ahalmenean; lan prekaritatea gainditzea, «egungo miseriazko soldatek kotizazio apalak eta pobreziazko pentsioak» dakartzatelako; sexuan oinarritutako pentsio arrakala ezabatzea; eta, azkenik, instituzioek pentsio pribatuak ez babestea, «pentsioen sistema publikoa ahultzen duelako».

Kartel ugari atera dituzte kalera, gizon eta emakumeen pentsioak berdintzeko eskatzeko. «Ez dugu ulertzen zergatik alargunek kobratu behar duten senarraren pentsioaren erdia. Gutxiago jaten al dute, ba, alargunek? Gastuak berberak dauzkate», kexu da Alfredo Rodriguez. Gaindegiaren arabera, Hegoaldeko emakume pentsiodunen %70,8k daukate mila eurotik beherako pentsioa; Iparraldean, aldiz, emakumeen %24,5ek.

Gazteak ere bai

Udan ere mobilizatuko direla dio Rodriguezek, eta irailean indartuta bueltatuko direla. «Borrokatu egin behar da gauzak lortzeko; borrokatuta lortu da orain arte lortu den guztia». Gomendio bera egin die Sanzek gazteei: «Zuek bai daukazuela egoera zaila». Nahi baino gazte gutxiago ikusten ditu inguruan, baina argi dauka pentsio txikien atzean gazteen prekaritatea dagoela. Bat dator Ernaiko kide Izar Hernando, 22 urteko donostiarra: «Gaurkoa ez da bakarrik pentsiodunen edo helduen manifestazio bat: gazteon oraina eta etorkizuna ere jokoan daude hemen».

Manifestazioek ezkerreko alderdien, sindikatuen, mugimendu feministaren eta gazte erakundeen babesa ere izan dute.

[youtube]https://youtu.be/GOw0LZJ0ysw[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.