«Koalizio handia» bideratzen

Merkelek eta Schulzek aurreakordio bat lortu dute Alemanian gobernu koalizioa osatzeko

Angela Merkel eta Matin Schulz elkarri eskua ematen, atzo, Berlinen. CLEMENS BILAN / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Alemaniako kantziler Angela Merkelen CDU Batasun Kristau-Demokratak eta Martin Schulzen SPD alderdi sozialdemokratak akordiorako oinarri bat lortu dute gobernu koalizioa eratzeko. Atzo egin zuten tratua, akordio bat lortzeko epe gisa jarria zuten egunean. Orain SPDko militantziak onartu beharko du proposamena, urtarrilaren 21ean egingo duten alderdiaren ezohiko kongresuan.

Hiru hilabete eta erdi igaro dira Alemaniako hauteskundeetatik; atzo sinatutako aurreakordioak, ordea, «Alemaniaren gobernabidea bermatzen du», sinatzaileen esanetan. Merkel bere laugarren agintaldira eraman dezake 28 orriko dokumentu horrek. Kantzilerrak «serioa eta solidoa» dela azaldu zuen, eta etorkizunean Alemanian «ondo bizitzen jarraitzea» bermatuko duela.

Merkelek eta Schulzek azaldu zuten «turbulentziaz betetako momentuak» egon direla elkarrizketetan, baina inoiz ez dela «porrot egitear» egon, bi aldeek akordio bat lortzeko izan duten nahiagatik. «Luzeak, gogorrak eta interesgarriak» izan direla azaldu du Schulzek, baina gehitu du gustura dagoela emaitzekin.

Ostegun goizean hasi zuten azken bilera sorta, eta, 24 ordu inguru bilduta eman ostean, atzo goizeko lehen orduan iritsi ziren bi aldeen arteko akordioa baieztatzen zuten albisteak. Izan ere, atzo zen akordio bat lortzeko ezarria zuten epemuga.

Halere, negoziazio berriei ekiteko, SPDko kideek oniritzia eman behar diote sinatutakoari. Schulzek adierazi du alderdiko zuzendaritza ados dagoela, eta koalizioa osatzeko mandatua emateko eskatu dio militantziari: «Alderdiko buruei koalizio gobernua negoziatzeko mandatua ematea gomendatzea erabaki du zuzendaritzak». SPDk zabaldu duenez, zuzendaritzako 40 kideetatik seik bozkatu zuten kontserbadoreekin adostutako dokumentuaren aurka. Militantzia konbentzitzea izan beharko da Schulzen hurrengo pausoa, eta urtarrilaren 21era arteko epea du horretarako. Ez du erraza izango, «koalizio handia» berriz egitearen aurka agertu baita orain arte. Alderdiaren gaztedia ere aurrez aurre izango du.

Schulz bera ere 2013tik agintean egon den koalizioa berriro osatzearen aurka agertu zen iazko iraileko hauteskundeen ostean, eta adierazi zuen SPDri oposizioan egotea tokatzen zitzaiola. Bozetan, inoizko emaitzarik txarrenak izan zituzten sozialdemokratek. Alemaniako presidente Frank Walter Steinmeierrek eskatuta, ordea, elkarrizketak hastea onartu zuen.

Steinmeierren eskaera CDUk berdeekin eta liberalekin gobernu koalizioa osatzeko negoziazioek porrot egin ostean iritsi zen, iazko azaro amaieran.

Orain, berdeen presidentekide Katrin Gorin Eckardek adierazi du CDU-SPD akordioa orain artekoaren jarraipena besterik ez dela izango. Liberalak ere ez dira alde agertu, eta FDPko lider Christian Lindnerrek azaldu du ez dela «behar bezain ona» Alemaniaren etorkizunerako.

Koalizioa osatzeko negoziazioei ekitea izango dute hurrengo pausoa. «Koaliziorako negoziazioak, segur aski, ez dira izango aurrez eginiko elkarrizketak baino errazagoak», adierazi zuen Merkelek. Kantzilerraren Bavariako CSU aliatuaren buru Horst Seehoferrek espero du, ordea, gobernua martxorako edo apirilerako prest egotea.

EBri «bultzada berri bat»

Ugari dira aurreakordio horretan lortu dituzten adostasunak. EB Europako Batasunera begira, Alemaniak Europari «bultzada berri bat» eman behar diola azaldu dute, eta hori Frantziako presidente Emmanuel Macronekin batera egin behar dutela. Horretarako, Berlinek EBko aurrekontuetan egiten duen ekarpena areagotuko du, gobernua osatzen bada. Europako Batzordeko presidente Jean Claude Juncker pozik agertu da akordioarekin, eta Europarentzat «onura handikoa» dela azaldu du.

Arma esportazioen murrizketa ere ezarri dute, eta Yemengo gerran parte hartzen duten estatuei armak saltzeari utziko diotela agindu. Saudi Arabia dago horien artean, Alemaniari arma gehien erosten dion estatua.

Immigrazio politiketan, berriz,CSUren esku hartzea nabaritu da. Politika sozialetan «oreka» eta «emaitza oso onak» lortu dituztela azaldu zuen Seehoferrek. Aurreakordioaren arabera, Alemanian ezingo dira urtean 220.000 errefuxiatu baino gehiago sartu, eta familiak berriz biltzeko planean ere murrizketak egongo dira, hilabetean 1.000 pertsona gehienez. EBra iristen diren asilo eskatzaileen banaketan ere aldaketak egin beharra azpimarratu dute.

Legealdirako 1,392 bilioi euroko aurrekontua ezarri dute, etainbertsioak areagotuko dituzte hezkuntzan, segurtasunean eta digitalizazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.