Hurbiltzerako lehen pausoa

Bi herrialdeen arteko harremana bideratzeko batzartu dira Txinako presidente Xi Jinping eta Indiako lehen ministro Narendra Modi. Komunikazio militarra hobetzea adostu dute, tentsioak saihesteko

Txinako presidente Xi Jinping eta Indiako lehen ministro Narendra Modi, atzo, Wuhan hiriko Hubei museoa bisitatzen. INDIAKO ATZERRI MINISTERIOA / EFE.
ander perez zala
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Abiapuntu berri bat behar zuten, abiapuntu berri bat nahi zuten, eta horretarako lehen harria jarri dute. Txinak eta Indiak, Asiako bi potentzia politiko eta ekonomiko garrantzitsuk, aldebiko harremanak bideratzeko lehen pausoa eman dute, aspaldidanik gaiztotuta dauden hartu-emanak atzean utzi eta etorkizun oparo bati bidea irekitzeko. Zalantzarik gabe, bi herrialdeak kontuan hartzeko moduko potentziak dira, bai kontinentean bai munduan, eta egoera hori baliatu nahi dute Xi Jinping Txinako presidentea eta Narendra Modi Indiako lehen ministroa eskualdearen garrantzia munduan sustatzeko. Baina, hori lortzeko, bi herrialdeen arteko harremana hobetzea da lehen pausoa, eta horretarako bilera informala egin dute egunotan bi agintariek. Biak ala biak baikor agertu dira emaitzaz, bi estatuen arteko hurbiltzea ahalbidetuko duelakoan.

Bi herrialdeetako armadek Himalaiako Doklam gunean izandako aurrez aurrekoak alarma guztiak piztu zituen iazko ekainean, Txinak eta Indiak 1962an izan zuten gerraren oroitzapena itzularazi baitzuen eskualdera. Gunea Pekinen kontrolpean dago, baina Bhutanek, Indiaren aliatu historikoak, hainbatetan erreklamatu du lurralde hori berea duela. Testuinguru tirabiratsu horretan, Txinak errepide baten eraikuntza abiatu zuen, eta, Bhutanen «interesak» defendatzen ari zela argudiatuta, Indiak bere armada bidali zuen Doklamera; Txinarena ere han izan zen, eta tentsioa nabarmen igo zen bat-batean. 3.500 kilometroko muga partekatzen dute bi herrialdeek, eta gatazka puntu nabarmena izan da hamarkadotan; hori jakinik, Xik eta Modik komunikazio militarra hobetzea adostu dute, iazkoa bezalako gertakaririk ez gertatzeko berriz. «Txinaren eta Indiaren arteko harreman ona garrantzitsua da eskualdearen eta munduaren egonkortasuna eta bakea bermatzeko. Bi nazioen arteko laguntasuna indartu behar dugu», adierazi zuen Txinako presidenteak, Indiako lehen ministroarekin batzartu aurretik.

Indiako lehen ministroak badaki Txinaren ekonomia bere herrialdearena baino bost aldiz handiagoa dela, eta defentsarako gastua hiru aldiz handiagoa dela. Baina, errealitate horren gainetik, iazko gertakariek bi herrialdeen arteko harremana fase «arriskutsu» batean sartu zutela uste du Modik, eta tentsioak baretzeko beharra ezinbestekotzat duelako batzartu da Xirekin.

Indiako ozeanoa

Geopolitikaren ikuspuntutik, bilera mamitsua izan da Xiren eta Modiren artekoa, bi herrialdeen arteko mugako gatazkez gain beste hainbat auzi eztabaidatu baitituzte, tartean Indiako ozeanoaren garrantzi estrategikoa.

Azken urteotan indarra hartzen ari dira Indiako ozeanoko eta Ozeano Bareko mugen kontrolei buruzko gatazkak, eta AEB Ameriketako Estatu Batuak egoera baliatzen ari dira Txina bakartzeko. Eta horrek kezka sortu du Pekinen, eskualde horietan bere eragin politiko eta ekonomikoa areagotu nahi baitu.

Estrategia argia da: Japoniarekin eta Australiarekin batera, AEBek India erakarri nahi dute, lauko taldea osatu eta Txinari presio egiteko, herrialdearen garapen ekonomikoa eta eskualde horretan duen eragina mehatxu bilakatu baita AEBen nagusitasunarentzat. Donald Trump AEBetako presidenteak «Indiako-Pazifiko ireki eta librea» izena jarri dio asmo horri, Txinaren aurrean beharrezkoa baita «demokrazia gailentzea». Gune horri Asia-Pazifiko deitu ohi zaio, baina, termino hori Txinarekiko keinu bat delakoan, borroka dialektikoa ere abiatzea erabaki du Trumpek.

Oraingoz, proiektu hori teorikoa da, praktikan Modik ez duelako erabakirik hartu balizko aliantza horren inguruan, eta zalantza horiek baliatu nahi ditu Xik India Txinaren alboan lerrokatzeko. Egunotako bilera izan da gaiari eusteko lehen aukera; jendaurrean, ordea, ez dute adierazpenik egin auzi horren inguruan.

Indiari dagokionez, Txinaren aliantza bultzada handia litzateke hainbat gatazkatan, besteak beste Pakistango «talde terroristen» aurkako borrokan, baina, aldi berean, Txinak Asia eta Europa lotzeko ondu duen Korridore Ekonomikoa oztopo izan daiteke, Kaxmirtik igarotzen baita, Indiak erreklamatzen duen lurraldea; oraingoz, adostu dute aldebiko proiektu ekonomiko bat abiatzea Afghanistanen, eta auzi hori beste elkarrizketa baterako utzi dute.

Egunotako bilera bien intereserako izan da. Xi eta Modi ados agertu dira tankera horretako bilerek bideratuko dutela bi herrialdeen arteko harremana, eta, helburu horri begira, Indiako lehen ministroak datorren urtean bere herrialdera joateko gonbita helarazi dio Txinako presidenteari. «Munduko biztanleen %40entzat lan egiteko erantzukizuna dugu. Horrek esan nahi du hainbat arazotatik askatu behar dugula planeta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.