Frantziako eskuina, lider bila

Juppe, Sarkozy eta Fillon gaurko primarioetan lehiatuko dira bigarren itzulira igaro ahal izateko

Sarkozy eta Juppe, ostegunean egin zuten eztabaidan. CHRISTOPHE ARCHAMBAULT / EFE.
Adrian Garcia.
2016ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Hiruren arteko lehia da. Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohiaren, Alain Juppe Bordeleko alkatearen eta François Fillon lehen ministro ohiaren artekoa. Inork ez badu jasotzen gaur botoen %50, boto gehien duten bi hautagaiak aurrez aurre lehiatuko dira hurrengo igandean. Lehen aldiz egin ditu primarioak Frantziako eskuinak —Errepublikanoak, Alderdi Kristau-demokratak eta CNIP Independenteen eta Nekazarien Zentro Nazionalak parte hartu dute —, hurrengo udaberriko hauteskundeei begira alderdia indartzeko asmoz. Eskuinaren prozesua arretaz jarraitu dute gainerako alderdiek, Errepublikanoen hautagaiak aukera handiak izango baititu bozak irabazteko, inkesten arabera: PS Alderdi Sozialista gain behera doa eta erdibituta dago, eta FN Fronte Nazionala eskuin muturrak zail izango du botoen erdiak baino gehiago bereganatzea.

Frantzian soilik sozialistek egin dituzte primarioak lehenago, 2011n. Orduan, François Hollande gailendu zen, eta Eliseora jauzi egiteko baliatu zuen garaipena. Kontserbadoreek nahi dute orduko 2,6 milioi boto emaileen parte hartzea gainditzea. 18 urtez gaindiko herritar orok bozkatu ahal izango du gaur primarioetan, bi euro jarri eta alderdiaren printzipioak onesteko dokumentu bat sinatuta. Prozesu hori unean bertan egin daitekeenez, zaila da parte hartzea aurreikustea, eta, horrenbestez, baita emaitza ere.

Edonola ere, nahiz eta guztira zazpi hautagai lehiatu, Sarkozy, Juppe eta Fillon dira faboritoak bigarren bozketara igarotzeko. Bruno Le Maire, Nathalie Kosciusko-Morizet eta Jean-François Cope ministro ohiek, eta Jean-Frederic Poisson kristau-demokratak ez dute botoen %5 baino gehiago jasoko, inkesten arabera. Ipsos etxeak ostiralean egin zuen azken zundaketa, eta, horren arabera, Juppe eta Sarkozy ia berdinduta daude —botoen %29rekin—, eta Fillon, zertxobait aurretik —%30—.

Aurreikusi ezinezkoa

Kontserbadoreek iazko azaroan egin zuten azken bozketa, Sarkozy alderdiko presidente izendatu zutenean —UMP izena zuen orduan—. Aise irabazi zuen presidente ohiak lehia; Juppek eta Fillonek ez zuten boz haietan parte hartu.

Kanpaina bizia izan da oraingoa, aurrera egin ahala hautagaien arteko tentsioak gora egin baitu. Halere, neurriak hartu dituzte orain lau urte sortutako krisia saihesteko. Fillon eta Cope lehiatu ziren 2012ko alderdiko presidentetzarako, baina, emaitzak onartu ez, eta elkarri iruzur egitea leporatu zioten. Botoen zenbaketa eta zaintza sistema zorrotza ezarri dute gaurko.

Herenegun amaitu zituzten kanpainak hiru hautagai nagusiek. Juppek ohiko diskurtso moderatua erabili du, eta arerioen proposamenak kritikatu ditu,«errealak» ez direlakoan. Sarkozyren legealdiko okerrak Filloni ere egotzi dizkio, hura izan baitzen lehen ministroa.

Sarkozy, ordea, aldaketaren hautagai gisa aurkeztu da. Egungo politikak apurtzea hitzeman du, eta Jupperi kargu hartu dio,Hollanderen ildoarekin jarraitu nahi duelakoan. Ustelkeria auziek, baina, kalte egin diote hautagaiari.

Fillonen kanpainak indarra hartu du azken aste honetan, eta inkestetan beste bi aurkariak gainditu ditu. Eztabaidetan Sarkozyrengandik urrundu da; haren menpekoa zen orain urte batzuk, baina orain, lehiatik kanpo utz dezakeen arerio arriskutsua bihurtu zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.