Festak Izurtzan

Mendigain, mende erdiz dantzan

Bihar hasiko dira Izurtzako jaiak, eta, aurten ere, euskal dantzek ez dute kale egingo, Mendigain taldearen eskutik

Mendigain dantza taldea, iazko jaietako emanaldi batean. MENDIGAIN DANTZA TALDEA.
Peru Azpillaga Diez.
2017ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Udarekin batera, festa eta jai giroa ere heltzen da Euskal Herriko txoko guztietara. Hala ere, abuztua ia bukatu egin da, eta baita hiriburuetako jai handiak ere. Alta, jende gehiena lanera itzuli den arren, oraindik asko dira beren herriko festen esperoan daudenak. Hala daude, besteak beste, Izurtzako herritarrak (Bizkaia). Bihar hasiko dituzte festak han.

Durangotik kilometro gutxira dago, eta herri txikia da: kasik 300 biztanle ditu. Herri txikia izan arren, jaiek bi asteburu iraungo dute. Dantza, musika eta festa izango dira nagusi hurrengo egunetan.

Euskal Herriko jaiek badituzte hainbat bereizgarri eta tradizio. Horietako bat euskal dantzak eta dantza taldeak dira, eta Izurtza, dantzari dantzaren jaioterrietako bat izanik, ez da gutxiago.

Aurten, 50 urte beteko ditu Izurtzako Mendigain dantza taldeak, eta, festetan eskainiko dituzten hiru emanaldiekin, jarraipena eman nahi diote urteak iraun duen eta Euskal Herrian hain ezaguna eta maitatua den ohiturari.

Etor Gorroño da dantza taldeko kideetako bat. Jaietan aritzeko gogotsu azaldu den arren, herriaren etorkizunari buruz kezkatuta ere mintzatu da, 258 biztanlerekin zaila delako herriaren bizitzari eta ohiturei eustea.

«Izurtzan beti egon dira dantzariak, baina 1967an sortu zen lehenengoz dantza taldea. Aurten50 urte beteko ditugu», azaldu du. Beren helburua argia dela aipatu du: tradizioari eustea. «Euskal dantzek hainbat ziklo dituzte: Izurtzan propioak dira dantzari dantza eta ezpata dantza».

Beraz, haien xede nagusia dantza horiei eustea da, eta herriko bost egun nagusietan dantzatzea. Horietako hiru jaietan bertan dira, herritik hurbil dauden hiru baselizetan. Han beti egiten dute dantza mezaren ostean. Hain zuzen ere, igande honetan Santa Ageda baselizan arituko dira, eguerdian; hurrengo ostiralean, Erdoitza baselizan; eta, azken igandean, San Tomas baselizan, jaiei amaiera emateko.

«Herrian dauden guztiak dira», nabarmendu du Gorroñok. Gainera, hain biztanle gutxi dituen herri batentzat, hogei pertsonako dantza talde mistoa edukitzea nahiko «txalogarria» dela uste du.

Ohiturari eusteko prest

«Mendigain dantza taldeak daukan konpromisoa jaiekikoa da. Errituala mantentzea dugu helburu: mezaren ostean plazan beti dantzariak egotea nahi dugu. Gure ohitura da herriak daukan aktibo nagusietako bat». Beste askok ez bezala, izurtzarrek ez dute kanpora joan behar izan dantzari dantza eta ezpata dantza ikasteko. «Ziklo horiek gureak dira, errepertorioa gurea da, eta gure konpromisoa da horiek mantentzea».

Egun, oso zabalduta dago dantzari dantza Euskal Herriko folklorean, baina Izurtzan du jatorria, eta horregatik azpimarratu du Gorroñok dantza taldeak hura mantentzeko duen ardura. «Pentsa zer garrantzi duen guk mantentzeak. Jatorriz gure herrikoa dena guk dantzatzen ez badugu... Erantzukizuna dugu, bai gure jaiekin eta bai gure herriarekin».

Baina beste hainbat herritan bezala, Izurtzako biztanle kopuruak ere behera egin du azken urteetan. Horregatik Gorroñoren kezka. «Ez da soilik dantza taldearen etorkizunak kezkatzen nauela; txarto ikusten dut etorkizuna ere. Izurtzan biztanle oso gutxi daude; biztanleak gutxituz joan dira, nahiz eta beti izan den txikia». Hala ere, oraingoz, ohiturari eusteko indarrez dagoela azaldu du dantzariak, jaietako giro alaian murgildu eta herriaren egoerari irtenbide bat bilatzeko prest.

Asko dira egun ia desagertu diren herriak, eta baita herriz herri galdu diren ohitura eta tradizioak ere. Hala ere, izurtzarrak ez daude horretarako prest, eta prest daude iraganean beren herrian bertan sortu ziren dantza zikloei irmo eusteko.

Urtean soilik bost emanaldi eskaini arren, 50 urte daramatza dantzan Mendigain taldeak, eta, hogei dantzariko taldearekin, oraindik ere urteetarako hauspoa dutela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.