Lizarrako jaiak. Garazi Urabaien Astiz. Lizarrako Festa Giroko kidea

«Txosnen filosofia hori da: elkarlana, batzarra eta auzolana»

Lizarrako Festa Giro plataformak bestetarako egitarau zabala kaleratu du hainbat herritarren laguntzarekin. Guneak hamabost urte baino gehiago daramatza lanean, eta harrera hasierakoa bezain beroa izan du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Olatz Azpirotz Larzabal.
Iruñea
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Garazi Urabaien Astiz (Lizarra, Nafarroa, 1986) Lizarrako Festa Giro plataformako kidea da. Badira hamabost urte egitasmoan parte hartzen hasi zela. Lizarrako bestekiko gogotsu eta indarrez beteta agertu da.

Zeintzuk dira Festa Giroko helburuak?

Bi helburu nagusi daude. Batetik, batzarretan antolatzen den jaigune solidario bat sortzea, feminista, euskaltzalea, aldarrikatzailea eta, neurri batean, autogestionatua. Bestetik, urteko beste ekintzak egin ahal izateko dirua lortzea dugu helburu.

Zenbat denbora darama Festa Girok?

Duela hamabost urte baino gehiago hasi zen. Bilakaera nabarmena izan du. Lehenengo txosnak 1993an jarri ziren. Aurretik, barraka politikoak zeuden, baina ez zuten arrakastarik izan. Gero, Flitter musika taldeak, Intsumisoen Mugimenduak eta Tximeleta Mugimendu Feministak txosnak jarri zituzten. Hortik aurrera, Lizarrako Gazte Batzarra eta Jarrai hasi ziren beste txosnak jartzen. Gerora, beste eragile batzuk egon ziren. Ez dakit ongi esaten Festa Giro noiz sortu zen izen horrekin, baina orain dela hamabost urte edo gehiago izan zen.

Gaur egun zein kolektibok osatzen dute?

Ikasle Abertzaleak-ek, Ernaik, Lizarrako Gazte Batzordeak, Patriurkatuak eta Pikutara taldeek. Hala ere, norbanako asko daude. Lehen Gazte Batzordean zeudenak hura utzi eta Festa Giron jarraitu dute.

Egitaraua osatzeko, beste taldeekin, udalarekin... elkarlana izan duzue?

Ez. Hala ere, kartelean umeentzako ekintzak daude. Hori Gurasoen Kolektiboarekin adosten da. Haiekin ekintzak adosten dira, eta haiek txosnako txanda batzukbetetzen dituzte. Bestetik, Garean talde euskaltzalearekin hartu-eman sendoa dago. Udalak diru laguntza bat eman digu, hori izan da haien kolaborazioa, eta, horrez gainera, agertokia lortu digute. Azkenean, herriak dituen baliabideak eman dizkigu: dena materiala izan da. Sukaldea, iaz bezala, Errefuxiatuen Kolektiboak hartu du: janariarekin lortutako etekina haientzat da, eta haiek kudeatuko dute.

Nola antolatu duzue txosnagunea?

Txandak antolatzen ditugu. Azken urteotan nabaria izan da, txosnez gain, beste gune herrikoi batzuk daudela: Santiago plaza, La Bota, herriko taberna... jende asko dago hori kudeatzen. Horiek ere gune autogestionatuak dira. Beraz, jende helduak ez du txosnetan txanda askorik egiten, baina txanda guztiak betetzen ditugu. Asko eskertzen diogu jendeari.

Lizarrako jendeak proiektuarekiko inplikazioa erakusten du?

Bai, jende pila hurbiltzen da. Mezu bat pasatzen badugu laguntza eske, jendeak laguntzen du. Nik uste dut jende asko bilduko dela txosnetara.

Manifestazio feminista egin zen hilaren 1ean.

Bigarren urtea da: manifestazioa egiteko beharra dago. Nik uste dut emakumeok planto egin behar dugula, aldarrikatu behar dugula kaleak, jaiak eta guneak gureak direla. Guretzat, sekulakoa da planto egitea: guztiak han elkartu eta zerbait hain indartsua egiteak ahalduntzen gaitu. Protokoloa dugu. Iaz, martxan jarri behar izan genuen. Urteetan forma eman diogu: orain, indartsuagoa eta antolatuagoa da. Formakuntza bat ere egin genuen, eraso baten aurka zer egin behar den jakiteko: neska pila bat etorri zen. Hemen, aitzindariak gara horrelako protokolo batekin: aurten La Bota eta Santiago plazakoei pasatu diegu.

Umeentzako ekintzek arrakasta dute?

Bai.Euskaraz denez, jende pila egoten da. Oso arrakastatsua da. Gurasoek haiekin batera antolatzea eskertzen dute. Txosnen filosofia elkarlana, batzarra eta auzolana da.

Txosnen inguruko abesti bat atera da.

Herriko musikarien ideia izan zen: ez da lehenengoko abestia, beste bizpahiru ditugu. Herri kultura sustatzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.