Albistea entzun

Izenik ez dutenen izanaz

Yogurinha Borova ardatz hartuta, genero bereizketari buruzko filma egingo du Izaskun Arandiak
Yogurinha Borova eta Izaskun Arandia, joan den astean Donostian egindako aurkezpenean.
Yogurinha Borova eta Izaskun Arandia, joan den astean Donostian egindako aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2017ko abenduak 8

Eduardo Gabiña eta Yogurinha Borova arteko bat; ez bata eta ez bestea. «Nik hasieran ezberdinduak nituen bi-biak, baina zeharo nahastuta ditut orain. Bidaia baten antzekoa izan da, eta auskalo non bukatuko dudan». Hogei urte baino gehiago dira Gabiña trabesti gisa lan egiten hasi eta Yogurinha Borova bihurtu zela. Bien artean bizi da: Gabiña orain eta Borova gero. «Etengabeko borroka bat da», dio irriz. Bada, sexualitatearen eta genero aniztasunaren inguruko hausnarketak biltzeko The Way Out (Ni naiz naizena) film proiektuan murgilduta dago Gabiña, Izaskun Arandia zinemagilearekin batera. Urtearen bukaeran abiatuko dituzte grabaketak, eta dirua biltzen ari dira orain. Filma ez du berrikuntza bakarra, ordea. Amari disko berria kaleratu baitu Yogurinha Borovak: orain arte euskaraz sortu dituen abestien bilketa da lana.

Genero aniztasunari buruzkoa izango da pelikula. «Ni gidaria izango naiz, baina ez naiz une oro azalduko. Oro har, oso diskurtso indartsua duten kideak bilduko ditugu filmean». Laudion (Araba) abiatuko da lana, Gabiñaren sorterrian, eta Londresen bukatuko. «Bidaian geldialdiak egingo ditugu zenbait tokitan, hainbaten lekukotzak jasotzeko». Valentzian (Herrialde Katalanak) eta Madrilen izango dira, besteak beste. Binarismoaren auzia lehen planoan jarriko dute. «Neska eta mutilen arteko banaketa horrekin apurtu nahi dugu, eta, era berean, erakutsi nahi dugu badirela bestelako aukera batzuk ere».

Gabiñak argi du ez dela dokumental biografikoa, baina bere esperientziak ere jasoko dituela, zeharka. «Nik neuk ditudan kezkak ere badira: Yogurinha nire bizitzan agertu zen, eta berak ere baditu bere maitaleak eta kezkak». Hala dabil artista, ordutik, bataren eta bestearen artean. «Ni, zer naiz? Neska? Mutila? Pokemona?». Irriz azaldu ditu bere ezinegonak. «Zer naiz? Ezartzen diguten banaketa horrez gain beste gauza asko daudela erakutsi nahi dugu». Emakumeek protagonismo berezia hartuko dute, eta mezua ere bota die andra guztiei. «Etorkizuna zarete, argi eta garbi dut hori. Emakumeak dira etorkizuna».

Arandia zinemagileak egin zion Gabiñari dokumentala egiteko proposamena. «Bilboko festa batean ezagutu nuen Yogurinha, eta liluratuta utzi ninduen, guztiz; are gehiago, ondoren komunera sartu eta Edu gisa atera zenean. Txundituta geratu nintzen ikustean nola pertsona berean horren ezberdinak diren bi pertsonaia egon litezkeen». Dikotomia hori lantzea proposatu zion Arandiak, eta bueltan jaso zuen erantzuna ere azaldu du Gabiñak, umorez. «Oraindik ez naiz dinosauro bat niri buruzko dokumentala sortzeko. Kontatu behar ditudan gauza asko ditut egiteko».

Filma sortzeko ideiak lotu zituen, edonola ere, eta Gabiñak Borova bihurtzeko duen behar horretatik tiraka, genero bereizketaren auziaz jardutea erabaki zutela azaldu du film egileak. «Halako egitasmoak abiatzen ditudanean, gustuko dut jendearen ametsetatik abiatzea». Bada, bete nahi zuen amets bat kontatzeko eskatu zion Gabiñari. «Esan zidan Londresko The Way Out festa egiten duten transgenero dantzalekura joan nahi zuela ikuskizuna egitera». Hain justu, 25 urte beteko ditu dantzalekuak 2018an, eta abagune horretan filma hantxe bertan grabatzea lortu du Arandiak. Hortik datorkio egitasmoari izena bera ere. Bidaia fisikoa eta emozionala izango da lana, horregatik. «Eduk berak ere zalantzan jartzen duelako bere generoaren nondik norakoa».

Ahotsik ematen ez zaienei ahotsa ematea da lanaren helburua. Argi du zinemagileak. «Gizon eta andre binarismotik kanpo geratzen direnei ahotsa eman nahi diegu. Funtsean, identitatea aztertzen duen dokumentala izango da, identitatea baita pertsona ororen izaeraren zutarria».

Ideia, kontaktuak eta bidea prest dituzte filma egiteko, eta laguntza ekonomikoa beharrezkoa dute egitasmoa garatu ahal izateko: www.goteo.org webgunean ari dira dirua biltzen.

Euskarazko lanak

Horretaz gain, Yogurinha Borovak orain arteko diskoetarako sortutako euskarazko abestiak bildu ditu Amari (Gor) lan berrian. «Izugarri gustatzen zait euskaraz abestea, eta asko maite dut hizkuntza. Egia da, oro har, gaztelaniar hiztunak direla nire ikusleak. Baina disko bakoitzean euskarazko bi edo hiru abesti sartu izan ditut beti». Denak bildu ditu orain.«Euskal publikoarentzako bildumatxoa osatu nahi nuen». Diskoaren izenak azaltzen du nor omendu nahi duen: ama. «Gure ama ez da euskalduna, baina berak irakatsitakoari esker naiz gaur egun naizena».

Diskoan azaltzen den Begirada terrorista abestiaren bideoklipa ere egin du. Altsasuko gazteen auzia salatzeko sortutako lana da. «Kexa txiki bat da bideoklipa. Guardia Zibilaren aurka edozein gauza eginda jai duzula azaltzeko era bat». Kontatu du bideoklipean azaltzen den historia ere. «Nire ondoan bizi den Enrike guardia zibilaz maitemintzen naiz, eta zer egiten duen eta darabiltzan ordutegiak kontrolatzen ditut. Bada, Auzitegi Nazionaletik deitzen didate, pentsatzen dutelako ETAkoa naizelako ari naizela Enrike jarraitzen. Espetxeratzen naute».

Errealitatearen zentzugabekeria erakutsi nahi izan duela azaldu du. «Punka eta zuzena da bideoklipa. Mezu zuzena plazaratu nahi nuen. Ezin dugu iraganeko formulazio berean jarraitu. Altsasuko gazteak espetxean izatea izugarrizkoa da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joaldun bat Ortzaizeko kabalkadan, irailaren 18an. ©PATXI BELTZAIZ

Kultur politikaren eraikuntzan

Joanes Etxebarria

Heldu den otsailaren 4an Euskal Elkargoan kultur politikaren proiektua bozkatuko dute. Proiektuak, eragileen rolak definituz, Euskal Kultur Erakundearena argituko du. Garapen Kontseilua, berriz, ondoko urteetako proiekzioa lantzen hasiko da oraidanik.
Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendaria, eta Ana Teixeira eta Oier Etxeberria erakusketaren komisarioak, atzo, hainbat artistarekin. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Begi bistakoa den armategia

Naroa Torralba Rodriguez

Gaurtik ekainaren 4ra bitarte, Evil Eye erakusketa dago Tabakaleran. Izaro Ieregi eta Azucena Vieites artisten lanak ditu, besteak beste. Jarduera programa bat ere izango du
Claudie Marcel-Dubois eta Maguy Pichonnet-Andral etnomusikologoak. ©Claudie Marcel-Dubois

Bigarren Mundu Gerlaren ondoko grabaketa batzuk, entzungai sarean

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Frantziako bi ikerlarik 1947an eta 1958an egin euskal kantu, bertso eta soinu grabaketak Interneten entzungai jarri dituzte berriki. Artxibo horiek gehienak aztertzekoak dira oraino.

Bertso Eguna, iaz, Izpuran. / ©Guillaume Fauveau

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...