Arintasunaren indarra

Jules Masseneten lanik ezagunenarekin hasiko du denboraldia OLBEk: 'Manon' operarekin

Jules Masseneten Manon operako zuzendariak eta abeslariak, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Manon izen hebrearra da; Frantzian, Mariaren txikigarria. Jules Massenet konpositore frantsesaren lanik esanguratsuena ere bada; Parisko belle epoque-ko maitasuna, bizitasuna eta edertasuna bikainen irudikatzen dituen opera. Bizeten Carmen-ekin batera Frantziako operen artean gehien antzeztu denak irekiko du OLBEren aurtengo denboraldia. Urtarrilaren 20tik 29ra ikusteko aukera egongo da, Bilboko Euskalduna jauregian.

Prevost d'Exilesek idatzitako Histoire du Chevalier des Grieux et de Manon Lescaut eleberrian oinarrituta dago opera. Manon izeneko emakume baten eta noble baten arteko amodio istorioa oinarri, emakumearen bidaia emozionala irudikatzen du. Protagonistaren nahien eta betebeharren arteko borroka ardatz hartuta, XVI. mendeko Frantziako gizartearen arlo ezberdinak uztartzen ditu.

Puccinik istorio berbera opera bihurtu bazuen ere, konpositore frantziarrarena da bietatik esanguratsuena. Frantsesez abestua, eta opera frantziarraren ezaugarriei eutsiz, Masseneten lana urte luzez mantendu da historiako opera garrantzitsuenen zerrendan. Bilbon taularatzen duten 11. aldia izango da.

Cesidio Niño OLBEko zuzendari artistikoaren aburuz, arlo guztietan lan handia eskatzen duen opera bat da, eta daukan zailtasunak eskatzen duen mailako abeslari taldea izango da. Manonen rola Irina Lungu sopranoak jokatuko du, eta haren alboan Michael Fabiano tenorra arituko da, Des Grieux maitalearenean. Manel Esteve baritonoak, Roberto Tagliavini baxuak eta Ana Nebot eta Itziar Unda sopranoek osatuko dute taldea, besteak beste.

Masseneten opera zuzenduko duen taldean ere konfiantza osoa erakutsi du Niñok: «Bi zuzendariak frantziarrak dira, eta ezin hobeki ezagutzen dute Masseneten eta opera frantziarraren esentzia». Arnaud Bernard da eszena zuzendaria, eta Alain Guingal musika zuzendaria. Biek bat egin dute Niñorekin: «Manon opera frantziarren artean frantziarrena da, horrek dakartzan zailtasun guztiekin». Bernarden ustez, opera frantziarra zaila da, ezin delako ezer «lotu gabe utzi». Interpretazio guztia behar bezala landu behar dela azaldu du: «Ezin da inprobisaziorako tarterik utzi, eta horrek lan handia eskatzen du».

Konposizio koloretsua

Ildo horretan, Guingalen eskarmentua eskertu du Bernardek. Manon-en musikaren kargu egiten den hemeretzigarren aldia izango du. Musika, eszenaratzea bezala, oso konplexua da. Operarako konposatutako musikaren zailtasunak sortzen duen kolorea nabarmendu du Guingalek: «Sentsualitatea, pasioa eta malenkonia dira nagusi. Operei ematen zien koloreagatik, Massenet Puccini frantsesa da».

Arnaudek argi utzi du, ordea, Bilbon antzeztuko den Manon ez dela Puccinirena, Massenetena baizik. Hori dela eta, obraren bi ezaugarri nabarmendu ditu: batetik, haren arintasuna, eta, bestetik, ondo egokitzen zaiola hizpide duen garaiari, XVI. mendeari. Bernardek nabarmendu du arintasunak egiten duela berezi opera: «Interpretazioaren eta musikaren arintasunak lagundu eta indartu egiten du Manon-en eszenaratzea». Libretto-aren arintasuna taula gainera transmititzeko, horma bakarra duen agertoki bat eraiki du Arnaudek. Giro aldaketak irudikatzeko, berriz, 50 elementutik gora baliatuko ditu. Horrez gain, istorioak oinarri duen garaia errespetatu dutela ere nabarmendu dute zuzendariek. «Jaiaren, plazeraren eta sexu askatasunaren garaian oinarrituta dago; ezin daiteke beste garai batean kokatu», azpimarratu du Guingalek.

Lantaldeari asko eskatzen dion opera bat da. Luzea ere bai, hiru ordu eta erdikoa. Baina zuzendariek adierazi dutenez, obra aparta da denboraldiari hasiera emateko: «Ikusteko erraza da, musika erakargarria du, eta amaiera ikusgarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.