Alaitasunez eta normaltasunez

Jaien balorazio ona egin arren, izandako lau sexu erasoak salatu ditu Joseba Asiron alkateak

Jendetza aurtengo sanferminetako txupinazoan. IDOIA ZABALETA / ARAGAZKI PRESS.
2015eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Bizikidetza eta pluraltasunari dagokionez, aurtengo sanferminak «positiboak» izan direla adierazi du Joseba Asiron Iruñeko alkateak, jaien inguruan egindako balantzean: «Alaitasuna eta normaltasuna izan dira nagusi».

Herritarren parte hartzea ere izan du hizpide. Jaiak hasi aitzin, parte hartzeari garrantzia eman ziotela azpimarratu du. Esaterako, txupinazoan horretan asmatu dutela uste du. Iruñeko Orfeoiak eta La Veleta peñak bota dute aurten jaien hasierako suziria, eta ikurrina udaletxeko balkoian zintzilik izan da. Jaiak, oro har, txupinazoa bezala, «ezberdinak, sinbolikoak eta ez hain instituzionalizatuak» izan dira, Asironen arabera.

Jaiaren alde ilunena sexu erasoak izan dira; Asironek «onartezintzat» jo ditu. Gogor gaitzetsi ostean, horrelako erasoekin «bukatzeko» konpromisoa hartu du Nafarroako hiriburuko alkateak: «Berehala hasi behar dugu hori lortzeko lanean». Lau sexu eraso saiakera salatu dituzte guztira 2015. urteko Iruñeko jaietan. Iaz, bost izan ziren. Bestelako atxiloketak eta salaketak ere gutxiago izan dira beste urte batzuetan egindakoekin alderatuz.

Laurehun ekitalditik gorako egitarauak osatutako San Fermin jai hauetara 1,4 milioi pertsona gerturatu dira; iaz baino 90.000pertsona gehiago. Ekitaldi jendetsuenak suak eta buruhandi eta erraldoien kalejirak izan dira. Hain zuzen ere, erraldoi eta kilikien konpartsaren agurraren antzerki kutsuak, Asironen hitzetan, «erabateko arrakasta» izan du. Hori konpartsan parte hartzen duten dultzainarien ekimenez egin dute.

Jaien amaieran Pobre de mí-rekin batera Asironek euskarazko agurra egin zuenean jasotako txistualdiaz ere galdetu diote alkateari. Hark «errespetua eta elkarbizitza» defendatu ditu, eta jaien amaiera iragartzera doanari txistu egitea «normala» ere izan daitekeela gaineratu, «jaien amaierak dakarrenondoezak eraginda». Halere, Iruñea «askotarikoa eta plurala» dela azpimarratzeaz batera, esan du «Iruñeak bi hizkuntza propio dituela ulertu ez duenak» ez dakiela Iruñea «zer den; jokoz kanpo dago».

Entzierroei dagokienez, 16.629 izan dira korrikalariak, iaz baino %2,9 gutxiago.Uztailaren 11ko larunbateko entzierroa izan da jendetsuena, baina ez da izan hori zauritu gehien eragin dituena. Uztailaren 7an, 11 pertsona artatu behar izan zituzten larrialdi zerbitzuek, horietatik hiru adarkadak jasota. 37 pertsona zauritu dira guztira entzierroetan; hamar, adarkadak jasota. Adarkadak jasotakoetatik bost ospitalean dira oraindik. Prozesioa, bestalde, azken urteotako «lasaiena» izan dela adierazi du Iruñeko udaleko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.